Nola bana ditzake Papa Noelek opari guztiak gau bakar batean?

Abenduaren 25ean, gaueko 00:00etan, Olentzero (edo Papa Noel) etxeetan jarritako gabonetako zuhaitzen alboan opariak uzten hasiko da. Haurrek jakin-min handia izaten dutenez, hainbat gurasok hauek bezalako galderei aurre egin behar izaten diote: zergatik ez dugu inoiz Olentzero ikusten? Nola banatu ahal ditu opari guztiak gau bakar batean?

Gurasoei bizitza errazteko edo, Erresuma Batuko Exeter Unibertsitateko Katy Sheen zientzialariak ikuspegi zientifikoa eman nahi izan dio gabonetako mito horri. Sheen doktorea Albert Einsteinen Erlatibitatearen Teorian oinarritu da Papa Noelek opari guztiak banatzeko beharko lukeen denbora kalkulatzeko.

Gabonetan 700 milioi haur inguru oparien zain izaten dira. Hori horrela izanik, Papa Noelek 31 ordu izango lituzke haur horiei guztiei opariak uzteko, kontuan hartu behar baitira planetan diren geldialdi-ordutegi guztiak. Datu horiek guztiak aintzat hartuta, Papa Noelen elur-oreinek 10 milioi kilometro orduko abiaduran bidaiatu beharko lukete inolako etenik gabe euren lana amaitu ahal izateko. Hori, noski, gailetak jateko behar izaten duten atsedenaldiak kontuan hartu gabe.

Abiadura horretan, eta Doppler efektua dela eta, Papa Noel edo Santa Clausen kolorea gorritik berdera pasatuko litzateke. Izan ere, bere gorputzaren kontra talka egingo luketen argi-uhinak distortsionatu egingo lirateke hain abiadura handian. Aldizka, desagertu ere egingo litzateke.

Sheenek umore onez azaldu du bere teoria. Hain abiadura handian bidaiatzen denean denbora moteldu egiten da. Gainera, Santaren gorputza galkatu egingo litzateke eta horrek, tximinietatik sartzeko aukera emango lioke. Zoritxarrez, bere ohiko “ho, ho, ho” ezin izango genuke entzun, abiadura handi horretan soinu-uhinen frekuentzia ere oso altua baita eta puntu batean guretzat entzunezina bilakatuko litzateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.