Nafarroako Hezkuntza Sailak ikasleak eskola-indarkeriaz sentsibilizatzeko kanpaina abiarazi du

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak ikasleak eskola-indarkeriaz sentsibilizatzea helburu duen kanpaina aurkeztu du. Kanpainaren leloa “Ikusitakoan-Cuéntalo” da eta eskola-jazarpen kasuen lekuko izan diren ikasleak egoera horien berri ematera animatu nahi ditu. Horrela, sare sozialetan, online komunikabideetan eta autobusetan garatuko den kanpainak egoera horien aurrean ez-ikusiarena ez egiteak duen garrantzia azpimarratuko du. Izan ere, eskola-jazarpen egoeratan hiru eragile nagusi dira: erasotzailea, biktima eta lekukoa(k). Adituek behin eta berriro azpimarratu dutenez, erasotzaileek lekukoen beharra izaten dute eta, horregatik, horrelako egoerak salatzearen garrantzia azpimarratu nahi da ikasleen artean.

Hezkuntza kontseilari María Solanak azaldu duenez, “egoera gogorren aurrean mutu geldituz gero, nolabait deshumanizatzen direla iradoki nahi izan diegu. Jarrera horrekin, besteok ezin dugu jakin indarkeria horren berri eta, ondorioz, ezin dugu gainditu eta ezin diegu lagundu hurrengo biktimak izan ez daitezen”.

Nafarroan indarrean den araudiaren arabera, ikastetxe guztiek bizikidetza-plan bat izan behar dute indarrean jazarpen kasuak saihesteko eta horiek emango balira, esku-hartzeko. Esku-hartze hori ere legez araututa dago.

Esku hartzeko protokolo bat ere badago, eta hori aplikatzeko, ikastetxeek Hezkuntza Ikuskaritzaren nahiz Bizikidetza Aholkularitzaren laguntza dute”. Hori guztia Departamentuak 2016an esku-hartzea ezagutzera emateko eta gai honi buruz sentsibilizatzeko abiarazi zuen Laguntza Programan jasota dago, izan ere, Zuzendari Nagusiak ziurtatu duenez, “Hezkuntza Departamentutik prebentzioa sustatu da beti, fenomeno hori aurre egiteko modurik egokiena delakoan, eta prebentzio horrek komunikazio arloko nahiz gatazkak kudeatzeko gaitasunen eta gaitasun emozionalen garapena, agintaritza demokratikoko estrategiak eta bizikidetza-arauei atxikitako errespetuaren eta enpatiaren balioei buruzko ituna ditu oinarri”.