Gabardinatik sakelako telefonora

Sakelako telefono adimentsuak eta haririk gabeko konexioak azaldu aurretik, bazen flashing izenarekin ezagutzen zen praktika bat. Funtsean, gabardina batekin bakarrik jantzitako pertsona batek (normalean, gizon batek) pertsona baten aurrean jarri (normalean, emakume bat) eta gabardina zabaltzen zuen bere zakila erakusteko. Tradizionalki, pertsona horiek exhibizionista hitzarekin deskribatu dira. Baina, hori, esan bezala, teknologia berrien agerpenaren aurretik zen; aipatu teknologiei esker, praktika hori ere garatu baita eta lehen flashing zena, orain cyberflashing bilakatu da. Funtsean, gauza bera da, baina teknologiari esker, aukera dago anonimatua gordetzeko.

Ohiko flashing-a delitutzat jotzen da ia herrialde guztietan; cyberflashing-aren kasuan, poliziari ia ezinezkoa egiten zaio pertsona hori identifikatzea eta, ondorioz, gero eta gehiago dira praktika hori egiten duten gizonak. Adituen ustez, munduko zenbait eskualdetan arazo handia bilakatzen ari da eta, ondorioz, legea aldatu beharrean aurkitu dira.

Momentuz, cyberflashing-a bakarrik iPhone edo iPad erabiltzaileei eragiten dien arazoa da. Gailu horiek AirDrop izeneko funtzio bat dute eta horren bidez, oso modu errazean, gailu horien artean edukiak parteka daitezke. AirDropek automatikoki edozein eduki jasotzeko aukera ematen du eta hori da, gainera, erabiltzaile gehienek duten konfigurazioa. 


iOS sistema eragilea duten gailuetan den AirDrop funtzioari esker, exhibizionistek euren genitalen argazkiak parteka ditzakete horrelako gailuren bat duten erabiltzaile guztiekin

Exhibizionistek gune jendetsuak aprobetxatzen dituzte izaera sexuala duten irudiak edo bideoak bidaltzeko. Inguruan diren AirDrop erabiltzaileei argazki edo bideo bat jasotzeko aukera dutela azaltzen dien ohar bat bidaliko zaie, baina eduki hori baztertu baino lehen horren irudia azaltzen da.