“Adimen emozionala eta autokontzeptua hobetzen direnean eskola errendimenduak ere hobera egiten du”

Nerabezaroan eta gaztaroan adimen emozionala eta eskola-errendimendua sexuaren eta adinaren arabera nola aldatzen diren aztertu duzu. Zeintzuk lirateke azterlan horren ondorio nagusiak?

Nerabezaroan orokorrean aldagai guztiek beherakada nabarmena izaten dute eta gaztaroan, aldiz, errekuperatzen dira. Arrazoiak ugariak izan daitezke, baina ezaguna da nerabezaroan aldaketa asko daudela maila guztietan eta maila akademikoan ere bai: presio akademikoa, ebaluazioak eta lehiakortasuna areagotu egiten dira. Gaztaroan, nahiz eta aldagai horiek hobetu, unibertsitateko ikasleen artean eskola inplikazioak berriro behera egiten duela ikusi dugu. Gazteen motibazio, arreta eta interes falta horien arrazoiak lan mundura hurbiltzean dituzten zailtasunak eta zalantzak izan daitezke.

Sexuaren arabera ere aldaketak adierazi dituzte. Adimen emozionalari dagokionez, neskek emozioei arreta handiagoa jartzeak emozioen kalitatea handitzen du, baina baita kantitatea ere. Nesken emozio kantitate handiagoak emozioen ulermena eta erregulazioa zailagoak egiten ditu. Gainera, nesken arreta emozional handiagoak erlazioa izan dezake antsietatearekin eta depresioarekin. Mutilek, berriz, ulermen eta erregulazio hobeak erakusten dituzte eta orokorrean adimen emozional altuagoa dute. 

Eskola-aldagaietan, ordea, neskek lortzen dituzte emaitza onenak, hau da, mutilek baino eskola-errendimendu eta eskola-inplikazio altuagoak dituzte. Eskola-itxaropenak ere altuagoak izan ohi dira nesken artean, hau da, ikasketak jarraitzeko eta bukatzeko asmoak. Azkenik, ikastegian neskek irakasleekin eta ikaskideekin harreman hobeak erakusten dituzte. Beraz, neskek eskola-doikuntza altuagoa duten berri eman digute. 

Azterlanean gero eta gehiago entzuten den kontzeptu bat aipatzen duzu, adimen emozionala, hain zuzen ere. Zer da eta nola eragiten du eskola-errendimenduan?

Adimen emozionala, emozioei arreta jartzeko, emozio ezberdinak ulertzeko eta erregulatzeko gaitasuna da. Emozioak bereizteko eta erregulatzeko hainbat estrategia erabiltzeko gai izatea; adibidez, emozio negatiboak txikiagotzea, alde batera utzi gabe, eta emozio positiboak areagotzea, esajeratu gabe.

Gure ikerketan ikusi dugu adimen emozionala eta autokontzeptua hobetzen direnean eskola errendimenduak ere hobera egiten duela. Autokontzeptua, ikertu dugun beste aldagai psikologikoa, norberak bere buruaren daukan irudia da, ingurunean pertsona esanguratsuekin dituen esperientzia eta harremanen bitartez eratzen dena. Autokontzeptu orokorra dago, bai eta akademikoa, pertsonala, soziala eta fisikoa ere.

Adimen emozionalaz gain, zeintzuk lirateke eskola errendimenduan eragiten duten alderdi nagusiak?

Aurretik esan bezala, aldagai psikologikoek eragina dute, hala nola autokontzeptuak, eta testuinguruko aldagaiak, hau da, irakasleen, familien eta lagunen sostengu sozialak ere bai. Sostengu soziala definitu dezakegu pertsona bat zaindua, baloratua, maitatua eta sare sozialaren parte sentitzen denean eta bertan ardura partekatuak dituenean. Sostengu soziala pertzepzio subjektiboa da, ikasleak sentitu behar du beharra duenean laguntza izango duela eta laguntza horrekin pozik geratuko dela. Hemen ere kantitatea baino kalitatea garrantzitsuagoa da. Amaitzeko, sostengu sozialak funtzio ezberdinak betetzen ditu: emozionala, informatzailea eta materiala. Ikerketa honetan ikusi da familiaren sostenguak aldagai psikologikoetan -adimen emozionalean eta autokontzeptuan- eragin handiena daukala eta irakasleen sostenguak, aldiz, eskola-aldagaietan (eskola-errendimenduan eta eskola-inplikazioan). Salbuespen bezala, ikasleengan familien itxaropen akademikoak garrantzitsuagoak dira ikasleen itxaropen akademikoak baino. Horregatik, oso garrantzitsua da familiak ikasleak ikasketak jarraituko eta amaituko dituela uste izatea. Lagunek, berriz, eragin txikiena erakutsi dute, hau izan daiteke kuadrilla eskolatik kanpo egon daitekeelako edo lagunek eragin negatiboa ere izan dezaketelako. Ondorioz, garrantzitsua da hezitzaileek informazio hori izatea, kontziente izateko eta horrela gehien eragiten duten aldagaien lanketan fokoa jartzeko.

Ondorioak aurkezterakoan mutilen eta nesken arteko aldeak aipatzen dira. Zein neurritan eragiten dute genero-estereotipoek emaitza akademikoetan?

Arestian aipatu ditugun ezberdintasunez gain, gehitu dezakegu orokorrean mutilek autokontzeptu altuagoa eta neskek sostengu sozial altuagoa erakusten dutela.

Literatura zientifikoan ikusi daiteke neskek matematiketan emaitza hoberenak lortzen dituztenean, mutilak direla autokontzeptu akademiko matematiko onena dutenak. Genero estereotipoek lorpen errealak baino eragin handiagoa dute. Txikitatik hezkuntzan eta sozializazioan nesken kasuan lan eta esfortzu baloreak transmititzen dira eta mutilen kasuan, berriz, adimen eta konfiantza akademiko altuagoak. Neskekin emozioak gehiago lantzen dira, neskei emozioei arreta handiagoa eskatzen zaie eta neskengandik mendekotasun handiagoa espero da. Mutilen aldetik, ostera, autonomia handiagoa espero da. Genero-estereotipo horiek eragina dute gure pentsamenduan, sentimenduan eta jokaeran. Horregatik, funtsezkoa da hezkuntza komunitate guztiak elkarrekin lan egitea genero-estereotipo horiek kontziente egiteko eta suntsitzeko. Ikasleekin etengabe hausnarketa eta pentsamendu kritikoa landu behar dira.

Bukatzeko, esan dezakegu hezkuntzan ikasleekin harreman onak landu behar direla, sostengu emozionala eta informatzailea eman behar zaiela, autokontzeptu eta adimen emozional positiboak eurekin garatu behar direla eta horiek guztiek eragin positiboa izango dutela ikasleriaren eskola-doikuntzan, eskola-errendimenduan eta eskola-inplikazioan. 

Erabilitako lagina eta tresnak deskribatu ditzakezu?

Ikerketa honetan bigarren hezkuntzako eta Euskal Herriko Unibertsitateko 1.871 ikasleri galdetegiak pasatu zaizkie aldagai hauetan -sostengu sozialean, adimen emozionalean, autokontzeptuan eta eskola-doikuntzan- duten pertzepzioa ezagutzeko. Nerabezaroan hiru etapa bereizi dira: 12-14 urte, 15-17 urte eta 18-20 urte. Gaztaroan, berriz, 21 urtetatik 40 urtetara.

Zein izan da ikerketa hau burutzearen interesa?

Ikerketa hau nire tesian kokatuta dago. Gaia aukeratzerakoan -adimen emozionala eta eskola doikuntza nerabezaroan eta gaztaroan- saiatu nintzen nire bi formakuntzak uztartzen -psikologia eta irakasle ikasketak-. Amaitzeko, eskertu nahiko nuke parte naizen Psikor EHUko ikerketa taldeari eta informazio hau zabaltzeko aukera ematen diguzuen guztioi, unibertsitatean diru laguntza publikoak jasotzen ditugulako ikerketa egin ahal izateko eta guztiok ezagutu beharko genituzkeelako lortzen ditugun emaitzak ikasleen ibilbide akademikoa hobetu ahal izateko. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.