Inozentaden eguna: galtzear den ohitura?

Jada jakinaren gainean da abenduaren 28an Herodes I Handiak akatu zituen haur errugabeen heriotza oroitzen duela eliza katolikoak. Mateoren ebanjelioan azaldutakoaren arabera, Herodesek galdetu omen zien Hiru Errege Magoei ‘Judutarren errege’ izan beharko zen umea zehazki non jaio zen. Hiru erregeek erantzuteari muzin egin ziotenez Herodesek bere lurraldeetan bizi ziren bi urtetik azpiko ume guztiak akatzea erabaki zuen. Hori dela eta, Maria eta Jesus haurtxoak Egiptora ihes egin behar izan zuten eta han izan omen ziren Herodes hil arte.

Azalpen horren arabera, garbi dago Herodesek ezin izan zituela haur horiek guztiak abenduaren 28an hil, Hiru Errege Magoak urtarrilaren 6an izan baitziren Jesus haurtxoa gurtzen, eta ondorioz, Herodesek data hau pasa eta gero hitzegin behar izan zuen Hiru Errege Magoekin. Era berean, zalantza handiak daude jazoera horren zilegitasunaren inguruan, izan ere, garbi baitago garai horietan ez zela idazkietan aipatzen den haur kopuru handi hori bizi.

Datu zuzenak eta okerrak alde batera utzita, abenduaren 28a ezarri da egun hau ospatzeko eta horrela egin da hainbat mendez.

Txantxak

Baina zergatik burutzen dira inozentadak egun horretan? Erantzuna Herodesen familian bertan aurki daiteke. Herodes I Handiaren biloba zen Herodes Agripa II.ak, bere hogeitamargarren urtebetzean bere aitonaren irudia omendu nahi izan omen zuen eta, horretarako, festa erraldoi bat antolatu zuen, abenduaren 28an amaitu behar zuena. Hain ekitaldi garrantzitsurako, Herodes Agripak beste hainbat lurraldeetako buruzagiak gonbidatu zituen. Bere urtebetetze egunean, Herodes Agripak bere ministroak bildu eta inperioaren legeak bete ez zituen orori kondena bat ezarriko ziola adierazi zuen. Kondenatuen artean festara gonbidatutako ia agintari guztiak aurkitzen omen ziren eta haoriek, noski, ihes egiten saiatu ziren. Hala ere, atxilotuak izan ziren eta Herodes Agripak antolatutako jaialdian parte hartu behar izan zuten. Heriotzaren zai zeudela jakinik, Herodes Agripari opariak eta guzti eman behar izan zizkioten, honen gozamenerako.

Hori guztia, Herodes Agriparen txantxa bat izan zen, eta eguna amaitu zenean, txantxaren berri eman zien gonbidatuei.

Gero eta inozentada gutxiago

Ia bi mila urtez, abenduaren 28an txantxak egiteko ohitura izan da kristau munduan. Gure garaian, inozentada sonatuenak komunikabideetan azaltzen ziren, eta duela zenbait urte arte, jende askok hedabideetan azaltzen ziren inozentaden zai izaten zen. Urteekin, inozentadak egiteko gaitasuna hobetu zen eta batzuk benetan onak ziren; beste batzuk, ordea, ez hainbeste. Inozentaden egunean izan ez arren, zalantzarik gabe inozentadarik onena Orson Welles handiak burutu zuen 1938an irratiaren bidez extralurtarren inbasio bat irudikatu zuenean.

Dena den, azken urteetan hedabideek inozentadak alde batera utzi dituzte. Prentsaren oinarrietako bat egia esatea da, eta gaur, egun, hedabide askotan arau hori haustea (nahiz eta egun bakarra eta berezia izan) ez da begi onez ikusten. Gaur egun, gutxi dira ohitura hau mantentzen duten hedabideak, eta batez ere, kirol prentsara mugatzen ari da.

Inozentada onenak

Hona hemen nazioarte mailan prentsan izandako zenbait inozentada onen bilduma.

  • 1957an BBCko ‘Panorama’ saio errespetagarrian negu epelari esker Suitzako nekazariek Spaghetti uzta oparoa lortu zutela iragarri zuten. Hainbat jendek BBCra deitu zuen Spaguetti zuhaitza non lor zitekeen galdetzeko.
  • 1962an Suedian telebista kate bakarra zegoen, eta oraindik ere, txuribeltzean emititzen zuen. Inozentaden egunean (kasu horretan apirilaren lehenan) telebistako arduradun bat pantailan atera zen ikusleei telebista koloretan ikusteko modu erraza zegoela azalduz: nailonezko media bat jarri pantailaren aurrean. Suediak I+G+b beti izan da oso aurreratua…
  • 1977an The Guardian britaniar egunkariak oraindik ere sona handia duen inozentada argitaratu zuen. Gehigarri berezi batean, Ozeano Indikoan zen San Serif izeneko uharte batzuen inguruan hitzegiten zen. Uharte nagusiek Upper Caisse eta Lower Caisse izena zuten, hiriburuak Bodoni izena zuen eta Presidenteak General Pica izena omen zuen. Hainbat jendek informazio gehiagoren eske deitu zuen. Gutxi ohartu ziren emandako izen guztiak inprimategiko terminologia erabiliaz hartu zirela.
  • 1992an ‘Talk to the Nation’ irratsaioan Rich Little aktoreak Richard Nixonen ahotsa imitatuz presidente izateko hautagaitza aurkeztu behar zuela adierazi zuen. Bere leloa honakoa izan behar zuen ‘Ez nuen ezer okerrik egin eta ez dut berriro egingo’. Entzule amorratuen deiak ugari zirenez John Hockenberry esatariak txantxaren berri eman behar izan zuen.
  • 1998an New Mexicans for Science and Reason aldizkariak Alabama estatuko parlamentuan pi zenbakiaren balioa aldatzea erabaki zutela argitaratu zuen. Erabaki honen arabera, pi zenbakia 3,14159 baliotik 3 baliora pasako zen, antza denez Bibliako trinitatearekin harreman gehiago izateko.
  • 1976an BBC 2 Irratian Patrick Moore astronomoak inoiz jazo ez zen gertaera emango zela iragarri zuen. Egun horretan, goizeko 9:47etan Pluto planeta Jupiterrekin alineatu behar zen Lurran den grabitate indarra momentu batez gutxituz. Aipatu bi planeten arteko lerrokadura irauten zuen bitartean salto eginez gero sentsazio berezia nabarituko zutela adierazi zuen Moorek. Aipatu ordua pasa ondoren, hainbat entzulek deitu zuen sentsazio hori nabaritu zuela adierazteko.