Klik! Munduko argazkia

Klik! Horixe egiten du UNICEFen urteroko ‘Haurrentzako Ekintza Humanitarioa’ txostenak. Begirada orokor baten bitartez, mundu mailan herrialdeetan bizi den egoera erakusten du, betiere haur eta nerabeen eskubideen ikuspegitik. Eta 2018. urteari erreferentzia egiten dion irudia ez da bereziki ona: azken hogeita hamar urteetan egon den egoera kaskarrena islatzen du iazko argazki horrek, gatazka armatuetan dauden herrialdeak, azken hiru hamarkadetakoekin alderatuz, gero eta gehiago baitira: Siria, Yemen, Bangladesh, Somalia, Etiopia, Ukrainia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Nigeria edo Hego Sudan, argazki horretako puska batzuk baino ez dira, puska kaltetuenetakoak. Zergatik izan dira 2018an haurrak erasoen helburu zuzen? Heriotzak, errekrutatzeak, mutilazioak, biolazioak, indarrezko ezkontzak, bortxaketak, mehatxuak… ume askoren eguneroko bilakatu dira. Horregatik, UNICEFek 59 herrialdetan dauden 41 milioi haurrentzako laguntza humanitarioa eskatu du urte hasiera honetan. Horrek esan gura du, nahiz eta esparru askotan aurrerapenak lortzen ari diren, oraindik ere erronka asko daudela gure begien aurrean. Munduko argazkia aldatu beharra dago. Haurren eskubideak gehiago eta hobeto bermatu behar dira. 

Larrialdi egoerak biderkatzen ari dira. Eta haurren beharrizanak ere bai. Egoera horiei modu azkar eta eraginkorrean aurre egiteko nahitaezkoa da errekurtsoak eduki eta beharrizanen araberako banaketa egitea: Ekialde Ertaina eta Afrika iparraldea izango dira UNICEFen lehentasun aurten, Siria eta Yemengo krisiek eragindako egoera dela eta. Zifra eta zenbaki bakoitzaren atzean, biolentzia, desplazamendu edo gosete istorio bakoitzaren atzean, haur bat dago, bere familia edo lagunekin bakean edo eskolan egon beharko lukeen haur bat. Eta ume horietako bakoitzak dituen beharrizanei erantzuna eman behar zaie, badaudelako esperantzarako datuak ere: 2018an elgorriaren aurka 4,7 milioi pertsona txertatu ziren, desnutrizioaren aurkako tratamendua eman zitzaien 2,6 milioi umeri, laguntza psikologikoa eman zitzaien 3,1 milioi haurri eta 35 milioi pertsona baino gehiagok ur edangarria izatea lortu zen, edateko, sukaldatzeko zein higiene erabilerarako.

Eta beharrizan eta lorpen horietan guztietan funtsezko hitza da innobazioa: hitz magikoa ematen du, esparru eta aho askotan entzun dezakeguna. Haur askorentzat ideia eta teknologia, produktu eta zerbitzuetan eraldatzen dituen hitz magikoa da. Itxaropenerako hitza. Vanuatuko irla ezezagun eta bakan bateko hilabeteko jaioberri batentzako txertoa dron batek eraman zuen iazko abenduan. Izan ere, dronek elikagaiak, sendagaiak eta larrialdi egoeretarako beste elementu batzuk garraiatzeko erraztasunak eta azkartasuna ekar dezakete. Eta horretarako erabiliko ditu UNICEFek. Baita larrialdiak aurreikusi, pertsona zaurituak aurkitu edo lurrikara baten ondorioz dauden kalteen ebaluazioa egiteko ere. Dronez gain, mugikorrek ere larrialdi egoeretan batik bat informazio garrantzitsua lehenbailehen igorri eta komunitateetako familiei helarazteko funtsezko balioa dute. Innobazioak aldaketa asko eragin ditzake.

Haur bakoitzaren bizia da baliotsuena. Erakundeetatik egindako lanak, proiektu txiki zein handi, aldaketa izugarria eragin lezake Mali, Txad, Libia, Afganistan, Venezuela, Pakistan, Myanmar… Berdin du zein herrialde, zein arraza, zein erlijio. Haur eta nerabe guztiek dituzte eskubide berberak, edozein tokitan, uneoro. Alda dezagun munduko argazkia. Klik!

UNICEF Euskal Herriko Batzordea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.