“Bizirik” dauden argazkiak

Seattle-eko Washington Unibertsitateko ikerlari talde batek argazki bizidunak egiteko software bat garatzen ari da. Harry Potteren filmetan bezala, Chung-Yi Weng ikerlariak zuzentzen duen taldea garatzen ari den Photo Wake-Up softwareari esker, argazkian den pertsonaia nagusiaren animazioa lor daiteke.

Funtsean, aipatu softwareak  bi dimentsioko figura bat aztertu eta Adimen Artifiziala erabiliz hiru dimentsiotan figura horrek zein itxura izango lukeen kalkulatzen du. Figura sinpleen kasuan nahikoa prozesu erraza izan daiteke, baina, gizakion kasuan, kalkulu hori zailagoa da, eta are gehiago, gorputz-atalaren bat ezkutuan bada. Adibidez, argazkian azaltzen den pertsonaia nagusiak besoak bizkarraren atzean ezkutaturik izango balitu, Adimen Artifizialak zailtasun handiagoak izango lituzke hiru dimentsioko estrapolazioa egiteko. Hori egiteko, softwareak pertsonaia nagusiaren 2D figura isolatu eta horretan oinarrituta 3D egitura bat eratzen du. Egitura edo eskeleto hori animatzeko aukera dago mugimendua ematen dela simulatzeko, baina orain arte egin diren saiakera guztietan animazioak ez ziren guztiz errealistak. Hori izan da, hain zuzen ere, azken urteetan informatikariek izan duten erronkarik handienetako bat, hots, 2D gorputz baten mapatu batetik abiatuta 3D gorputz baten mugimendua simulatzea modu errealista batean. Antza denez, Photo Wake Up softwareak orain arte izan diren hainbat arazo ekiditea lortu du eta mugimendu askoz errealistagoak lortu dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.