Gazteen % 56k jarrera matxistak defendatzen ditu

Estatuko gazteria polarizatuta omen dago genero berdintasunaren inguruko jarrerei dagokionez. Gazteen % 56 generoen arteko desberdintasunak onartzeko arazoak dituen taldean kokatzen da eta % 44, ostera, estereotipo eta sinesmen matxisten aurka militante azaltzen da. Oro har, emakumeak “kontzienteagoak eta zuzenagoak” dira eta gizonak, berriz, “tradizionalagoak eta sexistagoak” edo “negazionistagoak eta kontserbadoreagoak” azaltzen dira.

Emaitza horiek genero kontuen inguruan gazteen artean joera bat ematen dela azaltzen dute: bereizte nabarmena dago gizon eta emakumeen artean den (edo ez den) berdintasunaren artean. Muturretara jotzeko joera horrek topo egiten du Estatuko gazteriaren adierazle nagusiekin. Izan ere, horien arabera, emakumeek osasun-adierazle okerragoak azaltzen dituzte, lan esparruan prekarietate maila altuagoa pairatzen dute eta, gainera, presio ekonomiko eta sozial handiagoa jasan behar izaten dute lehenago emantzipatzeagatik eta amatasuna gero eta gehiago atzeratzeagatik.

Orain arte esandako guztia FADeko Centro Reina Sofía sobre Adolescencia y Juventudek, Banco Santanderrek eta Telefónicak egin duten I Informe Jóvenes y Género. La (in)consciencia de equidad de la población joven en España txostenean islatuta azaltzen da. Aipatu txostenak gazteria ikerketei genero ikuspegia eransten duten adierazleen panoramika gehitzen die, orain arte egin diren azterlan garrantzitsuenen emaitzak aztertuz eta horien ikuspegi orokor bat emanez.

Azterketa tipologiko bat egin da eta jarreren, iritzien eta jokabideen inguruko aldagarri ezberdinak osotasunean hartuz, haien artean nabarmen bereizten diren hiru multzo banatu dira.

Emakumeak, kontzienteagoak eta zuzenagoak

Lehenengo taldea “kontzienteagoak eta zuzenagoak” diren gazteek osatuko lukete. Oso talde anitza izanik, ez da gazteen % 50era iristen (% 44). Talde horrek modu argian azaltzen du genero berdintasunean eman diren aurrerapenak eta horien inguruko kontzientzia: nortasun estereotipatu txikiagoa azaltzen dute, gizonen eta emakumeen gaitasunen eta rolen artean desberdintasun txikiagoak azaltzen dituzte eta, gainera, desberdintasunak ematen direla jakinik, emakumeei bizitza sozialean, politikoan eta ekonomikoan aukera hobeak ematearen alde azaltzen dira.

Talde horren barruan diren gazteek, emakumeen eta etxeko lanen eta haurren hazieraren artean berez ematen den lotura errefusatzen dute. Gauza bera gertatzen da errealizatuta sentitzeko emakumeek bikotekidea izateko omen duten “beharrarekin”.

Talde horretan, nagusiki, emakumeak aurkitzen dira: bertan diren hiru lagunetatik bi emakumeak dira. Adinari dagokionez, banaketa oso orekatua da, baina talderen bat nabarmentzekotan, 20 eta 24 urte bitarteko gazteak aipatu beharko lirateke.

Egiten duten jarduerari buruz, talde horretan, nagusiki, langabezian edo bakarrik ikasten ari diren gazteak nagusitzen dira. Gainera, azpimarratzekoa da talde horretan diren gazteen artean oso gutxi direla bere burua erdi-mailako klasean edo goi-mailako klasean kokatzen dutenak.

Aldi berean, talde honetan diren gazteak lan bera egiteagatik emakumeei soldata txikiagoa ematen dieten enpresei zigor gogorragoak jartzearen alde azaltzen dira.

Sexu-harremanei eta bikotekide harremanei dagokionez, talde horretan diren gazteek ohiko estereotipoetatik ihes egiten dute: ia bere osotasunean errefusatzen dute bikotearen barruan sexu-harremanak mantendu behar izatea nahiz eta nahi ez izan; jelosia amodioaren froga izatea; norberaren janzkerarekin bikotekideari atsegin eman behar izatea; bikotekideak gustuko duena egiteko esfortzu bat egin behar izatea edota mutilek euren neska-lagunak babestu behar dituztela pentsatzea.

Talde honetan diren gazteek, alde handiarekin, emakumeek gizonek egiten dituzten lanak egiteko gai direla uste dute. Era berean, emakumeen ezaugarri nagusitzat honako hauek azpimarratzen dituzte: adimena, independentzia, ekintzailetza, langileak eta ikastunak izatea eta diskriminatuagoak egotea. Beste bi taldeekin alderatuta, feminitatea zehazterakoan, garrantzia gutxiago ematen diote ardura estetikoari, etxearekiko loturari edo samurtasunari eta sentsibilitateari.

Gazte horiek dira, adibidez, aitatasun-baimenaren aldeko apustu handiena egiten dutenak (amatasun-baimenarekin berdintzearen alde azaltzen dira kasu gehienetan); kargu publikoetan emakumeen presentzia areagotzearen alde azaltzen direnak eta, diskriminazio positiboaren alde argi eta garbi azaltzen ez badira ere, kontratazioaren sustapenean, generoa baino gehiago, berariazko merituak aintzat hartu beharko liratekeela uste dute. 

Gizonak, negazionistagoak eta sexistagoak

Azaldu dugun lehen talde horri kontrajarrita gazte “tradizionalisten eta sexisten” taldea (%39 inguru) eta gazte “negazionisten eta kontserbadoreen” taldea (% 17) aurkitzen dira. Talde horiek, muturreko matxismoan kokatu gabe, gizonak eta emakumeak banatzen dituzten estereotipoak nabarmentzeko joera dute eta generoen arteko harremanak ikuspegi tradizionalista batetik ulertzen dituzte. Jarrera hori dela eta, menperatze harreman horietatik eratorritako indarkeria justifikatzeko joera handiagoa dute: bikotekideari argazkiak baimenik gabe ateratzea, harremana apurtzen badute mina egingo dutela mehatxatzea, lagunen multzoa murriztea, mugimenduak kontrolatzea edo bere pertsonaren balioa gutxiestea. Talde horietan desberdintasunen inguruko kontzientzia txikiagoa da eta ez dute batere gustuko gizartean benetako berdintasuna lortzeko neurri sendoak hartu behar izatearen ideia. 

Bigarren talde horretan (gogoratu bi tipologia biltzen dituela) gizonezkoak dira nagusi: tradizionalisten eta sexisten % 62 mutilak dira eta negazionisten eta kontserbadoreen % 65 ere bai.

Adinari dagokionez, adin tarte ugarienak 25-29 urte bitartekoak eta 15-19 bitartekoak dira. Egiten duten jarduerari eta bere burua zein klase sozialetan kokatzen dutenari dagokionez, talde horretan diren gazte gehienek bere burua erdi-mailako klasean, klase ertain baxuan eta behe-mailako klasean kokatzen dute. Gauzak horrela, gazte horien artean gehienek hezkuntza-maila baxua dute, lanean izaten dira edo ikasketak eta lana uztartzen dituzte.

Negazionista eta kontserbadoreen kasuan, bikote harremanen inguruan dituzten ideiak oso zapaltzaileak eta zorrotzak izaten dira eta, hainbat kasutan baita kontraesankorrak ere.

Talde hori beste bi taldeetatik (nagusiki lehenengo taldetik) bereizten duen ezaugarri nagusia honako hau da: ekitatea eta aukera berdintasuna sustatzeko har daitezkeen neurrien aurkako jarrera oldarkorragoa dute. 

Gazte horien ustez, bikote baten barruan bi kideek erabakiak hartzeko aukera izatea eta bakoitzak bere espazio propioa izatea ez da hain garrantzitsua. Horien ustez, amodiozko harremanetan norberaren garrantzia alde batera geratuko litzateke. Era berean, ez dute ondo ikusten pertsona bat ezagutu bezain pronto berarekin harreman sexualak izatea, baina, aldi berean, ez dute uste bikotekidea izateak pertsona horrekin gorputz eta ariman aritu behar izatea adierazten duenik, bikotekidea izateak askatasuna murrizten duenik edo fidelitatea garrantzitsua denik.

Negazionisten eta kontserbadoreen taldean bada gehiengo bat (% 62) uste duena ez dela emakumeekiko diskriminazioa azaltzen duen esparrurik. Era berean, talde horren barruan bada beste talde bat (% 13 inguru) uste duena etxeko lanak, nagusiki, emakumezkoen lana direla eta tradizionalisten eta sexisten taldean bezala, gehiengoa dira (% 64) bere burua feministatzat jotzen ez dutenak.

Gainera, zenbait kasutan hiru puntu baino gehiagoko aldearekin, lan bera egiteagatik emakumeei gutxiago ordaintzen dieten enpresak zigortzea, aitatasun-baimena eta amatasun-baimena parekatzea eta kargu publikoetan gizon eta emakumeen presentzia orekatua bermatzea errefusatzen dute. Era berean, diskriminazio positiboaren eta hautaketak lan-merituen arabera egitearen aurka azaltzen dira.