Etxebizitzaren arazoa erdigunean jartzeko ordua da

Bizitza-proiektu autonomoa egin ahal izateko oinarrizko nahietako bat da emantzipazioa. Batzuek lehenago eta besteek beranduago. Batzuek hemen eta besteek han. Bakarrik ala beste pertsonaren batekin. Egia da xehetasunak aldatzen direla pertsonaren arabera, baina oinarrian badaude hainbat antzekotasun. Horietako bi dira enplegua eta etxebizitza. Argi dago ereduak mordoa direla, ia pertsonako bat. Baina kontzeptu edo nahi modura gizartean galdetzekotan biak aipatuko ditu gehiengoak.

Horrek, egungo egoeran, arazo bat dakar. Eta Gazteen Euskal Behatokiak kaleratu berri duen Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2017 txostenak mahai gainean jarri du: gazteok emantzipatzeko arazo mordoa ditugu eta, egiten dugunean, etorkizuna hipotekatzeko arriskuarekin egiten dugu. Etxea jabetzan edo alokairuan, hautua dena dela ere, pausua ematea ez da erraza.

Lehenik eta behin, kontuan izan behar da zorpetzea ekiditeko proposatzen diren neurriak. Beti esan ohi den ‘duzuna baina gehiago ez gastatu’ esaldiaz gain, etxebizitza gastuetara gehienez diru-iturrien % 30a bideratzea gomendatzen da. Are gehiago, % 40a bideratzea gain-esfortzua kontsideratzen da. Eta, zein da zehazki egungo egoera? Batez besteko soldata ez da 1000€ra iristen eta aipatutako % 30 hori 409€an dago alokairuaren kasuan, errealitateko zifretatik oso urrun. Gazteen Euskal Behatokiaren datuen arabera, batez besteko alokairua 944€koa da, gazteok ordain dezakeguna baino 535€ gehiago. Hau da, batez beste gazte batek bere diru-iturrien % 69,3a bideratu behar du. Ezberdintasun handiegia hilero-hilero mantendu ahal izateko. 

Esan bezala, egoera hau estuki lotua dago gazteoi eskaintzen zaizkigun lan baldintza eskasekin. Batetik, ez dugu egonkortasunik eta, ondorioz, proiektu bat egitea zailtzen da. Bestetik, behin lanpostua lortzean, askotan kontratazio formak ez dira merezi ditugunak: beka edo praktikak askotan, ordezkatzeak, behin-behinekotasuna… Aipatutako datuetan ikusi den bezala, emakume gazteen egoera okerragoa da. Hori buruan izan behar da politika publikoak diseinatzerakoan, hauetan genero-ikuspegia txertatuz batik bat. Emakume gazte batek hilean adin bereko gizon batek baino 242 euro gutxiago jasotzen ditu azken datuen arabera. Ondorioz, bideratu beharreko kopurua are handiagoa da: % 77,1 zehazki, batez besteko orokorra baino 7,8 puntu gehiago. Eta, diru-sarrerek % 157 igo beharko lukete aholkatzen den
% 30a bideratu ahal izateko.

Ekainean hiru urte egingo ditut Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidente bezala eta, zoritxarrez, hainbatetan jarri ditut antzeko datuak mahai gainean. Krisiaren eztandak egoera sozioekonomikoa goitik behera aldatu zuen eta bereziki gogor jo zituen Euskadiko gazteak. 

Eta azken urteetan okerrera goaz. 2017ko datuak higiezinen burbuilak eztanda egin aurreko kopuruan pare daude-eta. Eta, azken urtean, etxebizitza libre bat alokatzeko batez besteko errentak % 7,3 egin du gora. Nola alda daitekeen egoera? Beste askotan bezala, politika publikoen bitartez.

Diseinatzen den politika orok, modu zuzenagoan edo zeharkakoan, gazteoi eragiten digu eta hauek diseinatzean buruan izatea oso garrantzitsua da. Horregatik, zeharkakotasunez landu beharreko gaia da, administrazioko departamendu eta sail ezberdinen koordinazioa eta elkarlana sustatuz eta indartuz.

EGKn etxebizitzaren gaia erdigunean jarri nahi dugu eta, horregatik, 2019an lan-arlo berria sortu dugu jorratzen diren programa eta politika publikoak gertutik jarraitzeko, Gazteen Euskal Behatokiak kaleratutako txostenei ahalik eta zuku gehien atera eta gazteon aldarrikapenak mahai gainean jarri eta entzunarazteko. Besteak beste, administrazioetatik alokairu soziala sustatzea –hau baita gaur egun diru-iturrien % 30a bideratzea ahalbidetzen duen aukera bakarretakoa–, dirulaguntzen sistema sakonki aztertzea eta birformulatzea, turismoaren fenomenoak dakartzan ondorioak aztertu eta neurriak hartzea gazteok pairatzen dugun prekarietatea ez areagotzeko eta etxebizitzen prezioaren igoeran eragin gehiago izan ez dezan.

Maialen Olabe
EGKko presidentea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.