Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak (NKGI) argitaratu berri duen Nafarroako Biztanleria Gaztearen 2018ko Inkestaren arabera, lagunak (% 91,3) eta familia (% 88,1) dira Nafarroako gazteei bizitzan asebetetze pertsonal handiena ematen dieten alderdiak. Aipatu inkesta, Nafarroako 14 eta 30 urte arteko 1.459 gazteri egindako elkarrizketetan oinarritzen da.

Inkestan jasotako emaitzen arabera, Nafarroako gazteak etorkizunari begira baikor azaltzen direla baiezta daiteke. Izan ere, aipatu lagunen eta familiaren alderdiekin batera, asebetetze pertsonal altuen eman duten alderdiak ‘norberak bere erabakiak hartzeko gaitasuna’ (% 84,7), ‘eguneroko bizimoduan askatasuna izatea’ (% 84), ‘osasuna’ (% 80) eta ‘aisiarako denbora’ (% 74,3) izan dira. 

Txanponaren beste aldean, lan-arloa aurkituko litzateke. Esparru horri dagokionez, adibidez, gazteen % 36k soilik adierazi du lanarekin pozik dagoela. Ildo berean, etorkizuneko lan-egoerak edo ikasketak sortzen dute axolagabekeria-maila handiena gazteen artean (% 12,4 eta % 19,3, hurrenez hurren). Lanean ari diren gazteen erdiak baino zertxobait gehiagok (% 52,3) haien prestakuntzarekin zerikusi gutxi edo batere ez duten postuetan lan egiten du, nahiz eta, adina eta prestakuntza-maila altuagoa den neurrian, enpleguak zerikusi handiagoa izan egindako prestakuntzarekin.

Dena den, prestakuntza akademikoa ez da berme moduan hartzen horrekin lotutako enplegu bat lortzeko; izan ere, gazteen % 47,2k uste du ikasketa-maila ez dela garrantzitsua, azkenean ahal denean lan egin behar delako.

Aisiari dagokionez, jasotako datuen arabera, gazte nafarrek egunean, batez beste, bere buruarentzat 4,8 ordu hartzen dituzte aste-tartean eta 8,6 ordu asteburuetan. Nesken kasuan, aisialdirako hartzen duten denbora zertxobait txikiagoa da. Denbora horretan gehien egiten diren jarduerak honako hauek lirateke: ordenagailua erabiltzea, sare sozialetan sartzea, Interneten ibiltzea, telebista ikustea, musika entzutea edo, besterik gabe, atseden hartzea. 

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.