Nafarroako gazteen % 85ek kirola edo jarduera fisikoren bat egiten du

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak (NKGI) Nafarroako gazteen kirol ohiturak aztertu ditu. “Gazteria eta kirola. Nafarroa 2019” txostenean jasotako datuen arabera, Foru Erkidegoko gazteen % 85ek kirola edo bestelako jarduera fisikoren bat egiten du eta horietatik % 92k kirola egiten du, gutxienez, astean bitan. Aipatu txostena egiteko 16 eta 30 urte bitarteko 800 gazte elkarrizketatu dira telefonoz. Azterlanaren xedea da nafar gazteek kirolarekiko eta jarduera fisikoarekiko duten iritzia ezagutzea eta, bide batez, kirol esparruarekin harremana duten bestelako gaien inguruko iritzia ere, adibidez: jazarpena, kirol-apustuak edota boluntariotza.

Txostenean azaltzen den bezala, kirola edo bestelako jarduera fisikoren bat praktikatzen duten gazteen kopurua oso altua da eta, gainera, erregulartasun handiz egiten dute. Horrela, gazteen erdiak (% 49k) kirola praktikatzen du bizpahiru aldiz astean, % 32,7k lauzpabost aldiz eta %10ek egunero. Gainera, gazteen % 7,7k kirola praktikatzen du, gutxienez, astean behin. Ikus daitekeenez, hamar gaztetatik bederatzik kirolarekiko joera positiboa du. Hala ere, gazteen erdiak (% 52,2k) nahi adina kirol egiten ez duela onartzen du. Heren bat (% 33,6), berriz, gustura azaltzen da egiten duen kirol kopuruarekin.

Kirola praktikatzeko arrazoien inguruan galdetuta, bi dira gazteek eman dituzten arrazoi nagusiak: sasoian eta osasuntsu mantentzeko eta ondo pasatzeko. Gehien praktikatzen diren kirol-jardueren artean, berriz, hauek lirateke nagusiak: gimnasioa (% 29,6), runninga (% 24,8), ibiltzea
(% 18,6), igeriketa (% 10,4) eta txirrindularitza (% 10,2).

Kirol lehiaketetan parte hartzen duten gazteen kopurua % 22 ingurukoa da. Arlo horretan gehien praktikatzen diren kirolak futbola
(% 36,2), saskibaloia (% 10,8), areto-futbola (% 10,1) eta waterpolo (% 7,2) dira. Lehiatzen duten gazteen artean, mutilen kopurua neskena baino nabarmen altuagoa da, % 34,6 eta % 9,9, hurrenez hurren.

Nafarroako gazte gehienek kirola praktikatzen duten arren, txostenean azpimarratzen denez, gazteen % 14,1ek ez du inolako kirol jarduerarik egiten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.