Biraoak esatea onuragarria omen da osasunarentzat

Sozialki gaizki ikusita egon badaiteke ere, une zehatz batean birao bat oihukatzeak hainbat onura izan ditzake osasunarentzat. Hori da, behintzat, Emma Byrne-k bere “Swearing is Good for You” liburuan azaltzen duena. Idazleak azpimarratzen duenez, biraoak esatea txarra dela sinestarazten diguten gizarteko arauetan hezituak izan gara, baina, hala ere, bere ustez biraoak esateak ez du, nahitaez, jarrera oldarkor bat islatzen eta, zenbait kasutan, gainera, gorputzerako zein arimarako onuragarri ere izan daiteke.

Erresuma Batuko Keele Unibertsitatearen 2009. urteko ikerlan batean antzeko ondoriora iritsi ziren. Ikerlan horretan, hainbat ikasleri oso hotz zegoen urarekin beteta zegoen ontzi batean eskua sartzeko eskatu zitzaien eta eskua sartzean biraoren bat esaten zuten horiek eskua ontziaren barruan denbora gehiagoz mantentzeko gai zirela ikusi zuten.

Antza denez, biraoek bihotz-erritmoa eta adrenalina-maila igotzen dute eta bi erantzun fisiologiko horiek, minarekiko toleranteago egiten gaituzte. 

Beste zenbait azterlanen arabera, pertsona bat estres egoeran dagoenean eta ezin duela biraoak esan esaten zaionean, bere errendimendua jaitsi egiten da eta bere estresak gora egiten du. Azken datu hori, adibidez, estres-maila oso altua duten bi lanbidetan frogatu ahal izan da: pilotuak eta zirujauak. Kasu horietan, birao bat esateko aukera zuten horiek estresa sortzen zuten jarduera horietatik azkarrago leheneratzen ziren.

Tratamendu luzeak behar dituzten gaixo kronikoen kasuan ere frogatu ahal izan da biraoak esateak haien emozioak prozesatzen laguntzen dietela, bereziki, gizonen kasuan. Kirola egiten duten horiei ere, biraoak esateak azken indarrak xahutzen laguntzen die. Zenbait ikerketak frogatu dutenez, denbora luzeagoz eta gogorrago entrena daiteke entrenamenduan zehar biraoren bat esaten denean. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.