Gazteen kirola euskaraz

UPV/EHUk eta Soziolinguistika Klusterrak 10 eta 16 urte bitarteko gazteek kirol esparruan euskaraz aritzeko dituzten aukerak aztertu dituzte. D Ereduko kirola. Ikerketa-ekintza proiektua (2016-2018) izenburua duen ikerketaren xedea izan da aipatu adineko haur eta gazteek eskolaz kanpoko eremuan eta, zehazki, kirol esparruan, euren egunerokotasunean euskaraz aritzeko zein aukerak dituzten aztertzea. Horretarako, besteak beste, kirol jarduerak euskaraz izan daitezen behar diren baldintzak, dauden zailtasunak, klubek eman ditzaketen pausuak aztertu dira.

Proiektua duela hiru urte abiatu (2016ko martxoan) eta 2018ra arte luzatu da. Soziolinguistika Klusterrak ezagutzera eman dituen ondorioen arabera, ikerketan ikusi ahal izan denez, klubetan bada euskararen sustapenaren eta biziberritzearen aldeko jarrera. Gazteek klub horiek duten euskararen aldeko jarrera hori nabari dute eta zenbait kasutan, gazteek entrenamendua (eskolarekin batera) euskararekin gehien lotzen duten gunea da. Entrenatzailearen rola ere oso garrantzitsua dela ikusi ahal izan da azterlan horretan. Entrenatzailea erreferente bat da gazteentzat, baita hizkuntza ohiturei dagokionez ere. 

Ikerketan ikusi ahal izan denez, entrenamenduetan, oro har, jokalari gazteen artean gaztelania gehiago entzuten da euskara baino

Ikerketaren egileek azpimarratu dutenez, entrenamenduak oso une egokiak izan daitezke hizkuntza lanketa egiteko. Izan ere, entrenamenduetan hizkuntza lantzeko hainbat abagune aurki daitezke: jolasak, materiala jasotzeko uneak, luzatze-ariketak… horietan guztietan gazteekin hitz egiteko aukera izan ohi da eta une horiek aprobetxa daitezke euskararen erabilera sustatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.