Elikadura txarrak, tabakoa baino mehatxu garrantzitsuagoa dakar osasunerako

Amoniakoa, artsenikoa, butanoa, karbono monoxidoa (CO), mundruna, nikotina, toluenoa, zianuroa… kontsumitzean —bai, kontsumitzean—, paketeak dio: erretzeak mendekotasuna sortzen du, erretzeak arnas-gaitzak sortzen ditu, erretzeak gaixotasun kardiakoa eragiten du. Aldatutako almidoia, hidrolizatutako irina, jarabe, landare-koipe hidrogenatua, zapore-indartzaile, ziropa… kontsumitzean, paketeak dio: bio, gehitutako azukrerik gabe, integral, kolesterola gutxitzen du, palmondo-gantzik gabe, natural. WTF! Gaizki jateak ezintasun sexuala eragiten du, gaizki jateak minbizia eragiten du, gaizki jateak hil egiten du. Ondorioak partekatzen dituzte, baina elikadura txarrak tabakoak baino heriotza gehiago dakar: ke txarrek 7 millioi eta malnutrizioak 11 millioi; gaixotasun kardiobaskularrak, digestibo-minbiziak eta diabetesak eraginda bereziki.

Ez da berria. Duela 5 urte (Gazteberri 99an, 2014ko apirilean) argitaratu genuen. Olivier de Schutterek (NBE-ko Elikadurarako Eskubideen ordezkaria) zioen: “Elikadura txarrak, tabakoa baino mehatxu garrantzitsuagoa dakar osasunerako”. Orain, The Lancet zientzia-aldizkarian egiaztatzen duen ikerketa argitaratu dute: Global Burden of Disease (gaixotasuneko zama osoa). 195 herritan 15 elikagairen kontsumoa aztertu da (nahiz eta oso zehatza ez izan). Ondorioztatu dutenez, malnutrizioak mundua bi zatitan banatzen du: gabezia dela eta (jaki eta higiene ezagatik) eta gehiegikeria dela eta. Haragi bikoitza, edari azukredunak hamar aldiz gehiago, gatz bikoitza… hau da, koipeki, azukre, gatza, koipeki, azukre, gatza. Urteak daramatzagu mezuak gehiegikerietan bideratzen. Ba, nahikoa da jada! Ironikoki, gainelikatutako zatian, zenbait jaki gutxi jatea da faktore nagusia, esaterako: barazkiak, frutak, lekaleak, fruitu lehorrak, ale-“integralak” eta haziak. Hala dio Cristopher Murrayk, IHMEko (Institute for Health Metrics and Evaluation) zuzendariak.

Gehiegikeriak egon arren, bizi-itxaropena garaia dugu Euskadin, gehienetan, tratamendu farmakologikoek bideratuta. Medikaturik bizi nahi duzu? Dena den, erritmo honetara pixkanaka gutxituko da, eta bere gurasoak baino gutxiago biziko den belaunaldia iritsiko da. Horregatik, askok, tradiziozko patroia galtzen ari dela diote, eta berreskuratu nahi dute. Baina iragana ez da beti hobea izan. Ez dezazun pentsa zure ogitartekoa (ogi zurikoa) gaurko gailetak baino hobea zenik –gurina eta azukrearekin; pate, txorizo edo txokolateakin–. Elikadura-kanpainak berriz zehaztu beharko dira, elikagai oneko dietak sustatzeko. Tradizioko onena hartu leike, beti ere, berritzen bada; ekonomikoa, erakargarria, erraza eta iraunkorra izan dadin.

Fruitu-falta, esaterako, arriskutsua da. Zergatik ez duzu jaten? Gustuko bai, baina nagikeria duzu zuritzeko, gogaikarria dirudizu eskuak zikintzeak; eta ez duzu eskura vending-makinan. Zer deritzozu moztuta salduko balute eta ontzi jasangarrian? Inoiz ikusi duzu, baina beharbada, orain, merke aurkitzea gakoa da (fruitua da soilik). Belaunaldi hau oso zorrotza da: zaporea, prezioa, berehalakotasuna, jasangarritasuna, erosotasuna… Dena nahi du, dena nahi duzu. Astero, zenbatetan jaten dituzu lekaleak? Behin? Gomendioak dio 4-7 aldiz astero. Baina tradizioak dioen bezala, nork du denborarik haiek lau orduz egosteko. Aro berrira egokitu beharko ditugu: garnizio bezala erabiliz, burger-begetalan kontsumituz edo ogitartekoan igurtzeko kreman (hummusa). Garrantzitsuena haiek kontsumitzea da, zure sormenari uzten diot nola. Proposamenen bat?

Nerea Segura