Euskararen normalizaziorako pausuak emateko unea da

Garestik atera zen apirilaren 4an eta hamaika egunez hainbat hiri eta herri igaro ditu euskararen aldeko deia zabalduz, ‘Aro berriari Klika!’ egiteko deia eginez. Ez da lehena eta jada gutxi gehiago dago esateko Korrikari buruz. Balorazioak ere mordoak egin dira.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarentzat (EGK) sekulako aukera izan zen Bilboko lehen kilometroaren lekukoa eramatea. Keinua sinbolikoa izan zen Zorrotza-Kaxtresanako 88an batzea, gainerako kilometroen balio berbera izan baitzuen, baina egunerokoan euskararekiko dugun konpromisoa berresteko modua izan zen.

Martxoaren 23an Pasaiako Albaola itsaso museoan (Gipuzkoa) egindako aurkezpenean aldarrikatu genuen bezala, esanetatik praktikara jauzi egiteko unea da. Antolatzaileen deiari erantzunda euskararen normalizazioa azkartzera eta elkarlan fasea ekintza zehatzekin gauzatzera konprometitu ginen beste 30 erakunde eta talderekin. Are gehiago, bakoitzak gure konpromiso propioak gaineratu genizkion agiriari.

Askotan egun edo bolada konkretuetan nabarmentzen dira atxikimenduak, aldekotasunak edo kontzientziazioa. Eta hori, noski, ez da txarra. Egunerokotasunera eramatea da gakoa. Zentzu honetan nabarmena izan zen Euskaraldiaren eragina, hainbat ahobizi eta belarripresti esker euskaraz ohikoa baino dezente gehiago entzun ahal izan baitzen Euskadiko hiri eta herrietako kaleetan.

Hala ere, argi dago Korrika eta Euskaraldia bezalako ekimenekin ez dela nahikoa. Albaolako ekitaldian Mertxe Mugikak, AEK-ko koordinatzaileak, eta CCOOko Kerman Galarzak esan bezala, euskararen alde egote hutsak ez baitu normalizazioa ekarriko. Gizarteko esparru guztietan zeharkakotasunez txertatzera dei egin zuten, horretarako hizkuntza politika integralak abiatuz eta garatuz. 

Hezkuntzaren garrantzia

Bide horretan, hezkuntza eta euskara uztartzea beharrezkoa da etapa guztietan. Izan ere, goi mailako ikasketetan egun zailtasun handiak daude %100an euskaraz ikasi ahal izateko, bai Euskal Herriko Unibertsitatean zein Lanbide Heziketan. Urteak dira Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (EGK) baitan ikasle elkartez, Kontseiluz eta hainbat gaztez osatutako Hezkuntza Foroa martxan dagoela. Lantalde honek Hezkuntza Formalaren arloan gazteon eskubideen alde lan egiteko helburua du eta aurretik aipatutakoa lan-lerro garrantzitsua izan da azken urteotan.

Ohiko bihurtu da medikuntzako ikasleek euren graduazioan hitza hartzen dutenean euskaraz ikasteko zailtasuna aipatzea, baita bestelako oztopoak gizarteratzea ere. Baina, esan bezala, honakoa ez kasu isolatua. Beharrezkoa da EHUn ikasten duten ikasle guztiek haien ikasketak euskaraz %100ean burutzeko aukera izatea, hala nahi izanez gero. Hautazko ikasgaietan ez dago behar besteko eskaintza euskaraz burutzen duten ikasle kopuruari erantzun bat emateko eta hori ez da bidezkoa. Era berean, master eta graduondoko ikasketetan euskarazko eskaintza handitu behar da. Bestela, ikasle asko behartuta ikusten dira gaztelaniazko masterrak edo egin nahi duten masterra gaztelaniaz egitera, ez baitago euskaraz egiteko aukerarik. Azkenik, egun unibertsitate eta Lanbide Heziketa esparruan euskararen egoera zein den jakiteko ikerketa sakon bat egitea beharrezkoa da, bai arlo kuantitatiboan eta baita maila kualitatiboan ere. Soilik horrela izango baita diagnosi gaurkotua eta, hau eskuan izanda, egoera hobetzeko neurri egokiak egitea errazagoa izango da.

Maialen Lujanbiok lekukoaren barnean iritsitako mezuan zioen bezala “Egin, eragiteko. Eragin, eginarazteko. Egin, eragin, eginarazi”. Horrela lortuko baitugu Korrika, Euskaraldia eta antzeko ekimenetan ezarritako helburua: euskararen normalizazioa.

Maialen Olabe
EGKko presidentea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.