Basque Team Fundazioaren eta UNICEF Euskal Herriko Batzordearen arteko lankidetza-hitzarmena kirolaren balioak haurtzaroan eta nerabezaroan zabaltzeko

Basque Team Fundazioak eta UNICEF Euskal Herriko Batzordeak urtero automatikoki berrituko den lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute UNICEFeko ‘Haurtzaroaren Eskubideen inguruko Hezkuntza, Hiritartasun Globala eta Garapenerako Kirola’ programaren testuinguruan. Aipatu hitzarmenaren xede nagusia da kirolari lotuta dauden balioak sustatzea, adibidez, aniztasuna, genero-berdintasuna, gainditze-ahalmena, taldeko lana, pertsonen integrazioa eta kirol kulturaren sustapena gizartearen elementu eratzaile gisa. Horrela, bi erakundeek balioak sustatzeko eta hiritartasun global bat eraikitzeko kirolak duen garrantzia zabaltzeko asmoarekin, ekintzak antolatzeko konpromisoa hartu dute.

Kirolarekin harremana duten balioak sustatzeaz gain, lankidetza-hitzarmenak “2030 Agenda” eta “Garapen iraunkorreko 17 helburuak” ere aintzat hartuko ditu.

Bestalde, Basque Team Fundazioak UNICEFek haurtzaroaren eta nerabezaroaren alde garatzen dituen programetan parte hartu eta horiek zabaltzeko lagunduko du. Basque Team, bere ‘Baloreetan BAT’ proiektuarekin koherentzian lan eginda, UNICEFek hezkuntza esparruan bultzatutako ekintzetan parte hartzera eta ‘Garapen Iraunkorreko 2030 Agenda’ zabaltzera konprometitzen da, errespetua, genero-berdintasuna, ingurugiroaren babesa eta kalitatezko hezkuntzarekin lotutako gaietan sentsibilizatzeko asmoarekin.

Isidro Elezgaraik azaldu duenez, “UNICEFen munduko haur guztiek olgetarako eta inguru osasuntsu eta seguruetan jolasteko aukera izan dezaten lan egiten dugu. Gainera, esparru horretan biolentzia ezabatzeko kirolarekin lotura duten balioetan oinarritutako hezkuntza beharrezkoa dela uste dugu.

Bestalde, Bingen Zupiriak Basque Team Baloreetan BAT proiektuaren bitartez hezkuntzan egiten ari den lana nabarmendu du: “kirolaren mundua esperientziez eta bizitza-eskolez beterik dago. Gero eta hobea izateko eta gizarte hobea eraikitzeko bidean egunero aurrera egiteko, eredu onak hartu behar dira ispilu. Zentzu horretan, kirol ez-profesionalean gazteek euren egunerokoan jarraitu beharreko balio-puruenak aurki daitezke”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.