2010eko albiste zientifiko garrantzitsuenak

Bizitzaren zientziak
Zelula helduak berriro programatzea.
Biologia tradizionalaren baitan zelula ama helduak espezialistak dira, eta mota bereko zelulatan soilik bikoiz daitezke. Ideia hori, jada ez da hain zuzena, izan ere, gaur egun, zelula amak berriro programatzea lortu baita, eta, hala, haien zertarakoa ez da aurrez zehaztua.  Horrela, mota bateko zelula bat beste mota bateko zelula bihur daiteke. Horretarako, hasieran, lau gene gehitu zitzaizkien berriro programatu nahi ziren zelulei; gerora, ordea, ikusi zen aurretiaz zeuden geneei informazioa gehituta soilik ere egin zitekeela. 2010an, RNA sintetikoa erantsiz zelula berriro programatzea lortu da.

Zelula sintetikoak.
2010ean, Craig Venter-ek genoma sintetikoa zuen zelula bat sortu eta funtzionatzen zuela adierazi zuen. Horrela, lehen aldiz, ordenagailuaren memorian soilik zegoen izaki bizidun baten genoma oso bat egiazko genoma bihurtzea lortu da.
Honi esker, zelula batean nahi adina aldaketa egiteko bidea zabalik dago.

Genoma neanderthala.
Urte luzeetan, zalantza izan da Neanderthalak gurekin hibridatu ote ziren ala ez. Zalantza argitu da jada. Hibridatu egin ziren, eta datuek adierazten dute hori Ekialde Ertainean gertatu zela. Neanderthalen geneen % 2 ditugu.

Bizi-kalitate handiago baten bilaketa
Malariaren aurkako borroka
2010an malaria igortzen duen parasitoaren aurrean immunea den eltxo bat sortu da, nahiz eta oraindik, ezin ingurune naturaletan bizi.
Bestalde, eltxoen mugimendua hauteman eta hegan ari diren bitartean erretzen dituzten bi laser izpi botatzen dituen aparatu bat merkaratu da oso prezio merkean.

Exoeskeletoak
2010. urtean, gorputzaren kanpotik jartzen diren egitura robotikoak heldutasunera iritsi dira. Militarren munduan aurkeztu dira baina medikuntzako protesietan ere erabili ahal da: paralisiak dituzten pertsona batzuek gurpil-aulkia utzi dute, eta oinez hasi dira.

Laborategiko birikak
2010ean, laborategi batean birika organo konplexua fabrikatzea lortu da kolagenozko txantiloi baten bidez. Birika artifizial honek airea arnasteko eta botatzeko funtzioen % 95a bete ahal ditu. 2010ean asko garatutako beste bide bat 3-D bio-inprimagailuena izan zen. Inprimagailu horiek organo eta egitura batzuk «inprimatzen» dituzte; adibidez, arteriak edo maskuriak.

Klima aldaketa
Klima-aldaketa
2010ean, klima-aldaketa erreala dela eta haren jatorri posibleena erregai fosilak erretzea dela baieztatzen duten milaka datu lortu dira. Hala ere, zerbait harrigarria jazo da: aurten modu beldurgarrian zabaldu dira klima-aldaketan «sinesten» ez duten pertsonen mugimenduak.
Larriena ez da sinestea edo ez sinestea; arazoa da sinesten ez bada ez dela ezer egiten hori ekiditeko, eta, une kritikoan gaude: gure etorkizuneko ongizatea egun egiten dugunaren mende dago nabarmen.

Eguzki-dorre termikoak
2010ean, azken fasean sartu zen Gemasol eguzki-zentral termikoaren eraikuntza. 120 metro karratuko azalerako 2.600 heliostatok baino gehiagok argia dorre baten goialdean metatzen dute, eta dorre horretan gatz urtuak daude (% 60 sodio nitratoa da, eta % 40, potasio nitratoa). Gatz beroak zilindro handi batean biltegiratzen dira, 500 ºC-tik gorako tenperaturan. Gatz bero horietatik abiatuta, eta bero-trukagailu baten bidez, ur-lurruna sortzen da, eta, ur-lurrun horrek turbinak mugitzen ditu, elektrizitatea sortzeko. Berrikuntza da gatzak dorrearen goialdera eramatea, han berotzeko eta bi andel handitan biltegiratzeko  Hala, hamabost orduz elektrizitatea sor daiteke eguzkirik izan gabe.

Muga berriak
CERNen Genevako Hadroi Talkagailu Handiak martxan jarraitu du
Protoiekin egindako talka-esperimentuak amaitu ondoren, berunezko ioien arteko talkei ekin zitzaien. Datuak sakon aztertu behar diren arren, dagoeneko agertu da lehenengo sorpresa: unibertsoaren lehenengo uneetan hau ez zen gas moduan jardun, likido moduan baizik.
Hori ez da eman den sorpresa bakarra. Askok itxaroten duen gauza bat da frogatzea grabitatea Hibbs bosoi moduan ezagutzen den partikulak sortzen duela. Beste batzuek, ordea, teoria hori faltsua dela frogatzea itxaroten dute, eta aurkituko dena “neutralinoa” izatea, horrek frogatuko bailuke zuzena dela beste simetria bat egotea.

Hiri handietan beren kasa ibiltzen diren autoak
Hiri handietan beren kasa ibiltzen diren autoak duela urte gutxi batzuetatik daude, baina Google enpresak guztiok harritu gintuen adierazi zuenean zazpi auto izan zituela 220.000 kilometro baino gehiago egiten Kaliforniako hiri eta errepideetan, baita San Franciscon ere. Kualitatiboki urrats garrantzitsua izan da, jada ez baitzen prototipo esperimental bat ingurune kontrolatu batean, baizik eta zazpi auto beren kabuz funtzionatzen planetako leku zailenetako batzuetan. Bakarrik ibiltzen diren eta istripuak saihesten dituzten autoak gero eta gertuago daude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.