Ez dira EGA azterketa gehiago egingo EAEn

Euskara azterketa ezagunenaren ibilbidea amaitu da. Hemendik aurrera EGAk egiaztatzen zuen Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren C1 maila lortzeko HABEren C1 azterketa egin beharko da. Neurria Euskal Autonomia Erkidegoan soilik hartuko da eta, horrela, Nafarroan eta Iparraldean aipatu maila egiaztatzeko EGA azterketa egiten jarraituko dute, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamenduaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskaltzaindiaren ardurapean, hurrenez hurren. Euskal Autonomia Erkidegoan EGA azterketaren ardura Hezkuntza Sailarena izan da.

EGAren desagerpenarekin, EAEn euskararen maila egiaztatzeko azterketa guztiak HABEren ardurapean geratuko dira

EGA azterketak, ia bere sorreratik, kritika zorrotzak jaso ditu, nagusiki, atariko probaren zailtasuna zela eta. Duela lau urte, adibidez, gai hori Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu zen eta bertan, aho batez, eskatu zen EGA probaren egoera berrikustea. Azken urteetako datuak aztertzen badira, EGAra aurkeztu diren hautagaien laurden batek bakarrik gainditu ahal izan du azterketa. HABEren C1 azterketan ez da atariko probarik izango eta berridazketa ariketa ere bertan behera geratuko da.

EGAren desagerpenarekin, EAEn euskararen maila egiaztatzeko azterketa guztiak HABEren ardurapean geratuko dira. Salbuespen bakarra IVAPen esku dauden administrazioetako funtzionarioen hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko azterketak izango dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.