17 helburu gure mundua eraldatzeko

Pobrezia bere forma guztietan desagerraraztea da gizadiak duen erronka nagusietako bat. 

Mundu osoan, egunean 1,90 dolar baino gutxiagorekin bizi diren 736 milioi pertsona inguru bizi dira (2015eko datuak) eta askok ez dute elikagaietarako, edangarria den urerako eta saneamendu egokietarako aukerarik. 

Garapen Iraunkorrerako Helburuak konpromiso ausarta dira eta pobreziaren forma guztiekin amaitu nahi dute 2030. urterako. Horretarako pertsona zaurgarriagoetan zentratu beharra dago eta, aldi berean, oinarrizko baliabide eta zerbitzuak eskuratzeko aukerak handitu eta klimarekin harremana duten hondamendien edo gatazka armatuen eragina pairatu duten komunitateak lagundu.

736 milioi pertsona muturreko pobrezian bizi dira.
10 emakumetatik 7k indarkeria fisikoa edo/eta sexuala pairatu dute bere bizitzaren uneren batean.
• Munduko biztanleriaren % 11 muturreko pobrezia egoeran bizi da; 1990. urtean % 36.
1.300 milioi pertsona inguru alderdi anitzeko pobrezian bizi da.
• Pobrezian bizi den biztanleriaren % 50 adingabea da.
• Egunean 1,90 dolar baino gutxiagorekin bizi diren pertsonen % 80 Asiaren hegoaldean eta Saharaz Hegoaldeko Afrikan bizi da.
10 pertsonetatik 1 oso pobrea da.

Azken bi hamarkadetan izan den hazkunde ekonomiko azkarraren eta nekazaritza produktibitatearen hazkundearen ondorioz, elikatu gabe zeuden pertsonen kopurua ia erdira murriztu da. 

Zoritxarrez, muturreko goseak eta desnutrizioak garapenerako oztopo handia izaten jarraitzen dute hainbat herrialdetan. Garapen Iraunkorreko Helburuen xedea da 2030 urterako gose eta desnutrizio forma guztia desagerraraztea, bereziki, haurren artean ematen dena. Era berean, biztanle guztiei eguneroko oinarrizko elikadura bermatu nahi zaie. Horretarako, ezinbestekoa da nekazaritza-praktika jasangarriak sustatzea nekazari txikiei laguntza eskainiz eta lurrerako, teknologiarako eta merkatuetarako berdintasunezko sarbidearen bidez. 

• Munduko bederatzi pertsonetatik bat elikatu gabe dago; hots, 795 milioi pertsona.
• Asia da gosea pairatzen duten  biztanle gehien dituen kontinentea: kopuru orokorretik % 67.
4 haurretatik batek atzerapen bat du bere hazkundean. Garapen bidean diren zenbait herrialdetan, kopuru hori handiagoa da: hiru haurretatik bat.
• Nekazaritza da, munduan lanpostu gehien sortzen dituen sektorea eta munduko biztanleriaren % 40ri bizibiderako baliabideak eskaintzen dio.
• Emakume nekazariek gizon nekazariek dituzten baldintza berberak izango balituzte munduan gosea pairatzen duten pertsonen kopurua 150 milioitan murriztu ahal da.
• Pasa den mendeko lehen hamarkadatik, laboreen dibertsitatearen % 75 inguru galdu da.

Osasuna garapen iraunkorraren sustatzailea, adierazlea eta emaitza da. Aurrerapauso handiak eman dira heriotza-kausa eta gaixotasun nagusiekin amaitzeko. Bizi-itxaropena nabarmen hazi da. hala ere, bizi-itxaropen handiena eta txikiena duten herrialdeen arteko aldea oso handia izaten jarraitzen du: 31 urte. 2030 Agendak osasunaren eta garapenaren artean den harreman konplexua islatzen du. 

• Munduko biztanleriaren % 40k ez du inolako babes sozialik.  
1.600 milioi pertsona baino gehiago ingurune ahuletan bizi da.
• 2017. urtearen amaieran, GIBarekin bizi diren 21,7 milioi pertsonek tratamendu erretrobiral bat hartu zuten. 15 milioi  pertsona inguru horrelako tratamendu baten zain dago.
2 segundoero, 30 eta 70 urte bitarteko gizakiren bat behar baino lehen hiltzen kutsakorrak ez diren gaixotasunen ondorioz.
7 milioi pertsona inguru hiltzen dira urtero kutsatutako airean diren partikulen ondorioz.
Hiru emakumetatik batek indarkeria fisikoa edo sexuala pairatu du bere bizitzan zehar.

2000. urtetik hona garapen izugarria eman da lehen hezkuntza unibertsalean. Matrikula tasa orokorra garapen bidean diren eskualdeetan  % 91 ingurukoa izan zen 2015. urtean eta eskolara joaten ez diren haurren kopurua ia erdira jaitsi da mundu osoan. Gaur egun, inoiz baino haur gehiago joaten dira eskolara.

Hala ere, aurrerapen hori ez da erraza izan garapen bidean diren eskualdeetan pobrezia-maila, gatazka armatuak eta bestelako estualdiak direla eta.

Kasu honetan, 2030. urterako haur guztiek euren lehen eta bigarren hezkuntza osatzeko aukera izan dezatela bermatu nahi da. Aldi berean, formakuntza teknikorako berdintasunezko sarbidea ere bermatu nahi da eta, horrekin batera, generoen eta soldaten artean diren arrailak ere desagerrarazi nahi dira.

• Garapen bidean diren herrialdeetan, lehen hezkuntzako matrikulazioa
% 91era iritsi da.
• Hala ere, 57 milioi haur inguruk ez du eskolara joateko aukerarik, bereziki, Saharaz Hegoaldeko Afrikan.
• Garapen bidean diren herrialdeetan 4 neskatxetatik bat ez da eskolara joaten.
• Lehen hezkuntzara joateko adina izanik eskolara joaten ez diren haurren % 50 inguru gatazkaren bat duen herrialderen batean bizi da.
• Munduan bizi diren 103 milioi gazte inguruk ez ditu alfabetizazioaren oinarrizko gaitasunak eskuratu eta, horietatik, % 60 baino gehiago emakumeak dira.
• Mundu mailan, haur eta nerabeen % 60k ez ditu irakurmen edo matematikako oinarrizko gaitasunak eskuratu.

Emakumeen aurkako diskriminazio forma guztiekin amaitzea, oinarrizko giza eskubidea izateaz gain, ezinbestekoa da garapen iraunkorra bizkortzeko. Emakumeak ahalduntzeak efektu biderkatzailea du eta hazkunde ekonomikoa eta garapena sustatzen laguntzen du.

Zenbait eskualdetan, oraindik ere, alde handiak daude lan merkatuan. Oztoporik handienak honako hauek dira: indarkeria eta sexu-esplotazioa, ez ordaindutako lanaren banaketa desorekatua eta esparru publikoan erabakiak hartzerakoan den diskriminazioa.

Ugalketa- eta sexu-osasunerako sarbide unibertsala bermatzea eta emakumeei baliabide ekonomikoetarako sarbidean berdintasunezko eskubideak ematea dira helburu honen xede nagusiak.

• Munduan, batez beste, lan bera egiteagatik gizonek irabazten duten dolar bakoitzeko emakumeek 77 zentimo irabazten dituzte.
• 10 emakumetatik 7k indarkeria fisikoa edo/eta sexuala pairatu dute bere bizitzaren uneren batean.
• Lurraren jabe diren pertsonen % 20 baino gutxiago dira emakumeak.
• Mundu osoan, ia 750 milioi emakume eta neska 18 urte bete baino lehen ezkondu ziren.
• Garapen bidean diren 3 herrialdetatik 2k genero parekotasuna lortu dute lehen hezkuntzan. 
• 2016ko ekainean parlamentari nazional guztietatik bakarrik % 22,8 ziren emakumeak. 1995ean, berriz, % 11,3.

Ur eskasiak biztanleriaren % 40 baino gehiagori eragiten dio eta etorkizunean, segur aski, ehuneko hori handiagoa izango da klima aldaketaren ondorioz. 1990. urtez geroztik 2.100 milioi pertsonek ur eta saneamendu baldintza hobeak lortu dituzten arren, eskura den edateko ur kantitatearen beherakadak erronka handi baten aurrean kokatuko gaitu.

2011an, 41 herrialdek estres hidrikoa pairatzen zuten. Gero eta ohikoagoak diren lehorteek eta basamortutzeak joera hori okertu dute. 2030. urterako edateko segurua den uraren hornikuntza unibertsala bermatu ahal izateko ezinbestekoa da azpiegitura egokietan inbertsio handiak egitea, osasun-instalazio egokiak eskaintzea eta higiene-praktikak sustatzea maila guztietan.

• 2050. urterako lau pertsonetatik bat ur eskasia errepikatuarengatik kaltetua izango dela aurreikusten da.
• Ur eskasiak munduko biztanleriaren % 40ari eragiten dio eta etorkizunean kopuru hori haziko dela uste da.
2.100 milioi pertsonek edateko egokia den ura eskuratzeko aukera izan dute 1990. urtez geroztik, baina 663 milioik oraindik ez dute edateko ura lortzeko aukerarik.
• Egunero, 1.000 haur inguru hiltzen dira uraren kontsumoarekin eta saneamenduarekin zerikusia duten gaixotasunaren ondorioz.
• Saharaz Hegoaldeko Afrikako emakumeek, kolektiboki, 40 mila milioi ordu inguru ematen dute ura biltzen.
2.400 milioi pertsonak ez dute komunak bezalako oinarrizko saneamendu zerbitzuak erabiltzeko aukerarik.

1990 eta 2010 bitartean, energia elektrikoa erabiltzeko aukera zuten pertsonen kopurua 1.700 milioitan hazi zen. Hala ere, munduko biztanleria hazten den heinean, energia eskaerak ere gora egiten du. Erregai fosiletan oinarritzen den  ekonomia globalak eta berotegi-efektua duten gasen isurtzeek aldaketa sakonak eragin dituzte gure klima-sisteman.

Hamar pertsonatik zazpik ez du energia elektrikoa erabiltzeko aukerarik. 2030erako energia horren erabilera unibertsala bermatzeko ezinbestekoa da energia iturri garbietan inbertitzea: eguzki-energia, energia eolikoa edo energia geotermikoa.

Azpiegiturak zabaltzea eta herrialde guztietan energia garbiak izateko beharrezkoa den teknologia hobetzea hazkundea bultza eta ingurumenari lagun diezaiokeen helburu erabakigarria da.

7 pertsonetik batek ez du elektrizitatea erabiltzeko aukerarik; horietatik, gehiengoa garapen bidean diren herrialdeetako nekazaritzako inguruetan bizi dira.
• Energia klima-aldaketaren eragile nagusietako bat da eta berotegi-efektuko gasen emisioan % 60 inguru bertatik eratorriak dira.
• Efizientzia estandarrak aldatzeak eraikinetan eta industrian izaten den elektrizitatearen kontsumo globala % 14an murrizten lagun dezake.
• Munduko biztanleriaren % 40 baino gehiagok, 3.000 milioi pertsona inguruk, erregai kutsagarri eta osasungaitzak erabiltzen ditu kozinatzeko.
• Mundu mailan, 2011. urtze geroztik, energiaren % 20 baino gehiago energia iturri berriztagarrien bidez ekoizten da.

Azken 25 urte hauetan, pobrezia egoeran bizi diren langileen kopuruak nabarmen egin du behera. Garapen bidean diren herrialdeetan, erdi-mailako klaseko langileek enplegu osoaren % 34 inguru betetzen dute. Kopuru hori hirukoiztu zen 1991 eta 2015 bitartean. Hala ere, Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LNE) arabera, 2015. urtean 204 milioi langabetu baino gehiago zeuden. Garapen Iraunkorreko Helburuek hazkunde ekonomiko jasangarria sustatu nahi dute produktibitate-mailaren hazkundearen eta berrikuntza teknologikoaren bidez.

Helburua 2030. urterako enplegu betea eta produktiboa eta gizon zein emakume guztientzako lan duina lortzea da; aldi berean, nahitaezko lana, esklabotza eta gizakien trafikoa desagerrarazi nahi da.

• Langabezia-tasa globala % 5,6koa zen 2017. urtean, hots, 192,7 milioi pertsona langabetu zeuden.
• 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean langabezia % 13ra iritsi zen 2014. urtean, hots, helduen tasaren bikoitza baino gehiago.
• 2017an 300 milioi langile inguru muturreko pobrezia egoeran bizi ziren (egunean 1,9 dolar baino gutxiagorekin bizi dira).
470 milioi enplegu berri beharko lirateke 2016 eta 2030 bitartean lan merkatuan sartuko diren pertsona berri guztiak hartzeko.
• Bakarrik munduko biztanleriaren % 29 du gizarte segurantza integrala.
• Lan esparruan genero berdintasuna bermatuko balitz 28 bilioi dolarreko inpaktua izango luke ekonomia globalean 2025. urterako.

Azpiegituretan eta berrikuntzan egiten diren inbertsioak hazkunderako eta garapen ekonomikorako ezinbesteko motorrak dira. Munduko biztanleriaren erdia baino gehiago hirietan bizi denez, garraio masiboa eta energia berriztagarriak gero eta garrantzitsuagoak dira. Horrekin batera, industria berrien eta informazio eta komunikazio teknologien hazkundea ere sustatu behar da. 4.000 milioi pertsona baino gehiagok ez du Internetera konektatzeko aukerarik eta, horietatik, % 90 garapen bidean diren herrialdeetan bizi dira. Eten digitala murriztea erabakigarria da informaziorako eta ezagutzarako berdintasunezko sarbidea bermatzeko eta berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko.

• Garapen bidean diren herrialdeetan bizi diren 2.600 milioi pertsonak ez du elektrizitaterako sarbide iraunkorra.
4.000 milioi pertsona baino gehiagok ez du Internetera konektatzeko aukerarik;horietatik, % 90 garapen bidean diren herrialdeetan bizi da.
• Energia berriztagarrietako sektoreek, gaur egun, 2,3 milioi langile baino gehiago enplegatzen ditu; kopuru hori 20 milioitaraino irits liteke 2030. urtean.
• Garapen bidean diren herrialdeetan, bakarrik nekazaritza produktuen % 30 prozesatze-industrialean jartzen da. Herrialde garatuetan, kopuru hori % 98koa da. 

Desparekotasuna gero eta handiagoa da eta munduko biztanleriaren % 10 aberatsenak munduko aberastasunaren % 40 kontrolatzen du. Era berean, % 10 pobreenak soilik sarrera orokorren % 2 eta % 7 inguru lortzen du. Garapen bidean diren herrialdeetan desparekotasuna % 11an hazi da.

Diru-sarreretan den desparekotasuna irtenbide bat behar duen mundu mailako arazoa da. Adibidez, merkatuen eta finantza-erakundeen kontrola eta araudia hobe daitezke eta, aldi berean, garapenerako laguntzak eta gehien behar duten eskualdeetan zuzeneko atzerriko inbertsioak sustatu ahal dira. Etena gainditzeko beste faktore erabakigarri bat migrazioa eta mugikortasun segurua erraztea da.

% 10 aberatsenak diru-sarrera globalen % 40 irabazten du.
• Gini koefizientearen arabera, desparekotasun globalak bere mailarik gorena lortu zuen 2005. urtean: .70 egun.
• Garapen erritmo honetan jarraitzen badugu, Munduko Foro Ekonomikoak dioenez, 217 urte beharko dira genero arraila ixteko enplegu aukera eta soldatei dagokionez.
• Batez beste, diru-sarreretan den desparekotasuna % 11 hazi zen garapen bidean diren herrialdeetan 1990 eta 2010 bitartean.
• Garapen bidean diren herrialdeetan, nekazaritza guneetan bizi diren emakumeek hirian bizi direnek baino hiru aldiz aukera gehiago dituzte erditzean hiltzeko.
• 2015. urteko datuen arabera, etxera bidalitako dolar bakoitzeko langile etorkinek 7.5 zentimo ordaindu zituzten ordainsaritan, % 3 den helburua baino bi aldiz gehiago.

Munduko biztanleriaren erdia baino gehiago hiriguneetan bizi da. 2050. urterako kopuru hori 6.500 milioi pertsonetaraino haziko dela aurreikusten da, hots, biztanleria osoaren 2/3.

Munduko hirien hazkunde azkar horrek, landa guneetatik hirietara izan den migrazioen hazkundearekin batera, hiritzarren hazkundea eragin du. 1990. urtean  munduan 10 milioi biztanle baino zuten hamar hiri zeuden. 2014. urtean kopurua 28raino hazi zen. Horietan 453 milioi pertsona bizi dira. Muturreko pobrezia gune horietan aurki daiteke nagusiki.

Hirien segurtasuna eta jasangarritasuna hobetzeko etxebizitza seguruak eta eskuragarriak lortzeko aukera bermatu behar da. Aldi berean, garraiobide publikoetan inbertsioak egin behar dira, gune berdeak sortu eta hiriko planifikazioa eta kudeaketa hobetu.

3.500 milioi pertsona, munduko biztanleriaren erdia, hirietan biz da. 2050. urterako hirietan bizi den biztanleria 6.500 milioitara iritsiko dela espero da.
• Hiriek bakarrik lurreko azaleraren % 3 betetzen dute, baina energia kontsumoaren % 60-80 eta gasen emisioen % 75 egiten dute.
• Gaur egun, 828 milioi pertsona bizi dira hirietako auzo marjinaletan. Etorkizunean, gehiago izango dira.
• 1990. urtean  munduan 10 milioi biztanle baino zuten hamar hiri zeuden. 2014an 28.
• Datozen hamarkadetan, hirien zabalkundearen %95 garapen bidean diren herrialdeetan emango da.
1.200 milioi lanpostu ingurune osasuntsu eta egonkor baten baitan daude

Hazkunde ekonomikoa eta garapen jasangarria lortzeko, aztarna ekologikoa murriztu beharra dago ondasunen eta baliabideen  ekoizpen eta kontsumo metodoak aldatuz. Nekazaritza da ur gehien kontsumitzen duen sektorea; ureztatzeak giza kontsumorako eskura den ur guztiaren % 70 eskatzen du.

Partekatutako baliabide naturalen kudeaketa eraginkorra ezinbestekoa da helburu hau lortzeko. Era berean, garapen bidean diren herrialdeei laguntza eskaini behar zaie 2030. urterako kontsumo-eredu jasangarrien bidean aurrera egin dezaten.

Horregatik guztiagatik, garrantzitsua da zaborrera botatzen den elikagaien kopurua nabarmen murriztea, besteak beste, ekoizpen eta banaketa kate eraginkorragoak eratuz.

• Urtero 1.300 milioi tona elikagai  alferrik galtzen dira eta, aldi berean, 2.000 milioi pertsonak gosea pairatzen dute.
• Elikagaien sektoreak berotegi-efektua duten gasen emisioen
% 22aren ardura du, bereziki, laborantzarako azalera gehiagoren bila suntsitzen diren baso eta oihanak direla eta.
• Mundu mailan, 2.000 milioi pertsonak dute gainpisua edo obesitatea.
• Munduan den uraren % 3 bakarrik da edateko egokia. Gure kontsumo erritmoa naturak ur hori ordezkatzeko behar duen denbora baino azkarragoa da.
• Pertsona guztiek kontsumo baxuko bonbillak erabiliko balituzte, urtero,  120.000 milioi dolar baino gehiago aurreztuko lirateke.
• 2013an, energia kontsumo globalaren bosten bat energia iturri berriztagarrietatik lortu zen.

Munduko herrialde guztiek pairatu dituzte klima-aldaketaren eraginak. Berotegi-efektuko gasen emisioek gora egiten jarraitzen dute eta, gaur egun, 1990. urtean baino % 50 handiagoak dira. Gainera, berotze globalak aldaketa iraunkorrak eragin ditu klima sisteman eta horien ondorioak, une honetan bertan larrialdizko neurriak hartu ezean, atzeraezinak izan daitezke. Helburua da, urtero, 100.000 milioi dolar biltzea garapen bidean diren herrialdeen beharrei erantzuteko eta klimarekin harremana duten hondamendien eraginak arintzeko.

Oraindik aukera dago batez besteko tenperatura globalaren hazkundea 2°C-etara mugatzea (industria-aurreko mailarekin alderatuta). Hori lortzeko, premiazko neurri kolektiboak hartu behar dira.

• 2017. urteko datuen arabera, gizakion eraginez, batez besteko tenperatura globala 1°C-tan hazi da.
• Munduan, itsasoaren maila, batez beste, 20 zentimetrotan hazi da 1880. urtez geroztik eta 2100. urtera bitartean beste 30-122 zentimetrotan haziko dela espero da.
• Berotze globala 1.5°C-tara mugatzeko, CO2 gasaren emisio globalak % 45ean murriztu beharko lirateke 2030 urtera bitartean eta 2050. urtean, zerora iritsi beharko lukete.
• Parisko Hitzarmenean adostutako neurriek, tenperaturaren hazkundea 2°C azpitik mantentzeko beharrezkoa den emisioen murrizketen heren batean eragiten dute.
• Klima-aldaketa oztopatzeko neurri ausartak hartuko balira, 26 bilioi dolarreko etekin ekonomikoak sortzeko aukera izan daiteke.
• Energia berriztagarriek 18 milioi lanpostu inguru sor dezakete.

Ozeanoak kudeatzeko modua funtsezkoa da gizateriarentzako eta klima-aldaketaren efektuei aurre egiteko. Ozeanoek gizakiok sortzen dugun karbono dioxidoaren heren bat xurgatzen dute. Itsasoko kutsadura, gehienbat, lurrean du jatorria eta maila kezkagarrietara iritsi da: ozeano kilometro karratu bakoitzeko, batez beste, 13.000 plastiko zati daude.

Garapen Iraunkorreko Helburuek kostako eta itsasertzeko ekosistemak modu jasangarrian ordenatzeko eta lurreko kutsaduratik  babesteko markoa sortzen dute.

• Ozeanoek Lurraren azaleraren hiru laurden betetzen dute eta, bolumen osoa aintzat hartuta, bizi-espazio osoaren % 99 suposatzen dute.
• Ozeanoan identifikatuta dauden 200.000 espezie baino gehiago bizi dira, baina kopuru hori bost aldiz handiagoa izan daitekeela uste da.
• Ozeanoaren % 40 inguruk oso kutsadura-maila altuak ditu.
3.000 milioi pertsona baino gehiagok itsasoko eta itsasertzeko biodibertsitatearen beharra dute.
• Itsasoko eta itsasertzeko industrien eta baliabideen balioa, urtero, 3 bilioi dolar ingurukoa dela kalkulatzen da, hots, munduko BPGaren % 5 inguru.

Gizakion bizitzak, itsasoaren eta lurraren beharra du bere mantenu eta iraupenerako. Florak elikagaien % 80 ematen digu eta nekazaritza baliabide ekonomiko eta garapenerako baliabide garrantzitsua da. Basoek lur-azaleraren % 30 inguru hartzen dute, milioika espezieen bizitokia dira eta ur eta aire garbiaren iturri dira. Gainera, ezinbestekoak dira klima-aldaketaren kontrako borrokan. Gaur egun lurrak piratzen duen degradazioak ez du parekorik eta erein daitekeen azaleraren galera inoiz baino azkarragoa da. Lehorteak eta basamortutzea ere gero eta handiagoak dira. Garapen Iraunkorreko Helburuek basoak, hezeguneak eta mendiak bezalako lur-ekosistemak berreskuratzea eta mantentzea nahi dute. Deforestazioa gelditzea, adibidez, nahitaezkoa da klima-aldaketaren eraginak arintzeko. 

1.600 milioi pertsona inguruk basoen beharra du bere mantenurako.
• Ezagutzen diren animalien 8.300 espezieetatik, % 8 jada desagertu da eta % 22 desagertzeko arriskuan da.
• Basoetan lurrean diren animalia, landare eta intsektu espezie guztien % 80 baino gehiago bizi da.
• Mundu osoan, 2.600 milioi pertsonak nekazaritzaren beharra dute bere iraupenerako.
• Naturan oinarritutako klima-irtenbideek 2030erako beharrezkoak diren emisio beherapenen heren batean lagun dezakete.
• Pertsonen iraupenerako eta ongizaterako ekosistemek duten balioa, urtero, 125 bilioi dolar baino gehiagokoa da.
• Lurrean den ur gezaren % 60-80 inguru lurralde menditsutan du jatorria.

Bakerik, egonkortasunik, giza eskubiderik eta Zuzenbide Estatuan oinarritutako gobernagarritasun efektiborik gabe ezinezkoa da garapen jasangarria lortzea. Indarkeria armatuaren maila altuak eta segurtasun-gabeziak ondorio suntsigarriak ditu herrialde baten garapenean eta hazkunde ekonomikoan eta bizikidetasunean eragiten dute. Sexu indarkeria, delituak, esplotazioa eta tortura ere orokortuta dauden fenomenoak dira gatazkak pairatzen dituzten edo Zuzenbide Estatua ez den lurraldeetan.

Garapen Iraunkorreko Helburuek indarkeria mota guztiak murriztea bilatzen dute eta gobernuekin eta komunitateekin lan egiten dute irtenbide iraunkorrak bilatzeko. Zuzenbide Estatuaren indartzea eta giza eskubideen sustapena ezinbestekoak dira.

• Minutuero, ia 20 pertsona lekualdatzera behartuta daude gatazka baten ondorioz. 2016. urtearen amaieran indarrez desplazatutako pertsonen kopurua 65,6 milioikoa zen.
10 milioi pertsona aberrigabe daude mundu osoan eta hiritartasuna eta horri lotutako eskubideak ukatu zaizkie.
• Ustelkeria, eroskeria, lapurreta eta zerga-izurtzearen kostua garapen bidean diren herrialdeetan, urtero, 1,26 milioi dolarretakoa da.
603 milioi emakume bizi dira familia-indarkeria delitutzat hartzen ez den herrialdeetan.
• 46 herrialdetan, gaur egun, emakumeek, gutxienez, parlamentuko eserlekuen % 30 baino gehiago dute.

Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko ezinbestekoa da mundu-mailako itunen eta elkarlanaren aldeko konpromisoa. 2000 eta 2014 bitartean garapen bidean diren herrialdeei bideratutako laguntza % 66an hazi bada ere, gatazken edo natura-hondamendien eraginez sortutako krisi humanitarioek baliabideak eta laguntza finantzarioa eskatzen jarraitzen dute.

Herrialde askok laguntza horren beharra dute hazkundea eta merkataritza-trukea sustatzeko. 

Helburuen xedea da Iparra-Hegoa eta Hegoa-Hegoa lankidetza hobetzea, nazioarteko merkataritza sustatzea eta garapen bidean diren herrialdeak laguntzea haien esportazioak biderkatzeko. Azken finean, erronka da merkataritza-sistema bidezko bat lortzea, zuzenak diren arauetan oinarrituta, irekia eta onuragarria guztientzat.

Nazio Batuen Merkataritza eta Garapenaren Batzarraren arabera, GIHak lortzeko, urtero, beharrezkoa izango da 5 eta 7 bilioi dolar inguruko inbertsioa egitea.

• Garapenerako laguntza ofiziala bere gailurrera iritsi zen 2016. urtean: 142.600 milioi dolar.
• 2016. urtean, nazioarteko bidalketak 575.000 milioi dolarretara iritsi ziren; horietatik, % 75 garapen bidean diren herrialdetara bideratu ziren.
• 2016. urtean, 6 herrialdek lortu zuten garapenerako laguntza ofiziala euren sarrera gordinen % 0,7tik gora mantentzea.
• Garapen bidean diren herrialdeen inportazioen % 79en sarrerak zergarik gabeko herrialde garatuetan ematen da.
4.000 milioi pertsona baino gehiagok ez du Internet erabiltzen eta, horietatik, % 90 garapen bidean diren herrialdeetan bizi dira. 

Eusko Jaurlaritzak GIHak bereak egin ditu eta Basque Country 2030 Agenda izeneko txostena garatu du horien ezarpenerako. Ibilbide-orri horrek euskal exekutiboak Nazio Batuen baliostera jarri nahi dituen konpromiso zehatzak eta ebaluazio mekanismoak jasotzen ditu.

Euskadi Basque Country 2030 Agendak Eusko Jaurlaritzak 17 GIHen helburu eta xedeekin duen lerrokatze maila eta hori garatzen duten politika sektorialak islatzen ditu. Modu horretan, Gobernuaren  Programa eta Nazio Batuen Agenda uztartzen dira, azken horren mamira erantzunez: Garapen Iraunkorreko Helburuak ez dira egin behar dena esateko sortu; ostera, ingurune global komun bat definitzeko sortu dira eta horren barruan euskal errealitatea aintzat hartu beharko da.

Euskadi Basque Country 2030 Agenda, nagusiki, Eusko Jaurlaritzaren esku diren ekintza-esparruetan zentratzen da.