Sarituak Nafarroako bederatzi ikastetxe zaborraren inguruan egindako proiektuengatik

Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko Nafarroako Gobernuaren Bulegoak Nafarroako ikastetxeek hondakinen prebentzio eta kudeaketa arloan egindako jarduera berritzaileak saritzeko lehiaketa antolatu du. Aurtengoa lehenengo edizioa izan da eta irabazleak aukeratzeko, epaimahaiak aintzat hartu du gai horretan eragin-eremua eskolatik harago zabaltzeko nahiz hondakinak kudeatzerakoan eskolan bertan nahiz herrian oihartzun positiboak sortzeko gaitasuna. Lehiaketa hiru atal nagusitan banatu da: Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa. Guztira Nafarroa osoko 21 ikastetxe aurkeztu dira eta irabazleak honako hauek izan dira. Lehen Hezkuntzari dagokion atalean lehen saria Zubiriko Gloria Larrainzar Ikastetxe Publikoak jaso du Ingurumenetik plastikoa ezabatzea proiektuarengatik. Atal horretan, bigarren saria Tuterara joan da, San Miguel de Larraga HLHIP ikastetxera, hain zuzen ere.

Bigarren Hezkuntzari dagokion atalean irabazlea Iruñeako Iturrama BHI Institutua izan da Iturrama berdea proiektuarengatik. Atal honetan bigarren sariaren irabazlea Garesko Padres Reparadores Ikastetxea izan da.

Lanbide Heziketari dagokionez, lehenengo saria Corellako Goi Mailako Arte eta Diseinu Eskolak irabazi du Birziklatuaz guztiok irabazten dugu eta Corellak gehiago proiektuari esker. Bigarren saria, berriz, Azkoiengo Ribera del Arga BHI Institutuarentzat izan da.

Bi asteetan zehar, lehiaketara aurkeztutako proiektuak Hezkuntza Departamentuaren atarian erakutsiko dira, eta horien bideoak kontsulta daitezke Prebentzio Bulegoaren web orrialdean.

Zaborrilla familia

Horrez gain, proiektu berritzaileak saritzeko ekitaldian, Zaborrilla familiari buruzko bideoak aurkeztu dira, eta horietan etxean hondakinak ez bereizteko erabili ohi izan diren lau mito antzezten dira. 

Gogoratu behar da Nafarroak hondakinen %12 murrizteko eta etxekoen % 75a berrerabiltzeko eta birziklatzeko erronka duela 2027rako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.