Zortzi urtekin eta pornografia kontsumitzen

Nerabetasunean eduki pornografikoak kontsumitzen direla gauza ezaguna da. Eta nerabeek gero eta gazteago hasten direla horrelako edukiak kontsumitzen ere. Hala ere, Balear Uharteetako Unibertsitateak ezaguna zen hori datuetan islatzeko ikerketa bat burutu du eta emaitzek aho zabalik utzi dute bat baino gehiago. Izan ere, aipatu unibertsitateak Jóvenes e Inclusión sarearekin elkarlanean egin duen Nueva pornografía y cambios en las relaciones interpersonales ikerketaren arabera,  badira jada zortzi urterekin pornografia ikusten duten haurrak. Ikerketa horren arabera, batez beste, nerabeak 14 urterekin hasten dira pornografia kontsumitzen, baina laurden bat inguru 13 urte bete haurretik hasi da horrelako edukiak ikusten. Ikerketak azpimarratzen duenez, nerabeak gero eta lehenago hasten dira pornografia kontsumitzen eta hori horrela izateko bada arrazoi garbi bat: eduki horiek guztiak eskura dituzte Internet bidez sakelako telefonoetan. 

Gazteen erdia inguruk dio preserbatiboa ez erabiltzea, bikotekide ezberdinekin egitea, taldean egitea edo sexua indarkeriaz praktikatzea bezalako jokabideak hazi direla

Horrelako kontsumoek ondorio oso ondorio kaltegarriak izan ditzakete etorkizunean gazte horiek izango dituzten harremanetan. Horien artean, azpimarragarriena jokabide matxistena izan daiteke. Horrela, gero eta ohikoagoak dira horrelako jarrerak nerabeen eta gazteen artean: dominazioa, emakumearen laidoa…

Ikerketa burutu duten ikertzaileek azaldu dutenez, eduki pornografikoen kontsumoak ikusten diren edukien intentsitatea haztea ‘eskatzen’ du. Horrela, gazteek porno eredu batekin aspertzen direnean zerbait ‘gogorragoa’ ikusteko joera azaltzen dute eta hori ere nahikoa ez denean, ikusi duten hori guztia praktikan jarri nahi izaten dute. Eta horretarako, prostituziora jotzen dute gazte gehienek.