Itziar Alkorta: “Antibiotikoen gehiegizko erabilerak bakterioek horiekiko duten erresistentzia sustatu du”

UPV/EHUko Uda Ikastaroen barruan antolatu duzun ikastaroan agerian geratu denez, bakterioek gero eta erresistentzia maila handiagoa azaltzen dute antibiotikoekiko. Zein nolako arazoaren aurrean gaude?

Arazo oso larri baten aurrean gaude. Une honetan, Europan bakarrik, 33.000 pertsona inguru hiltzen dira urtero infekzioen eraginez eta, 2050. urtera begira egin diren aurreikuspenen arabera, arazo horrek minbiziak egun eragiten dituen baino heriotza gehiago eragingo ditu. Osasun arazo baten aurrean egon gaitezkeela dirudien arren, nik arazo horren diziplina anitzeko izaera azpimarratu nahiko nuke. Are gehiago, ingurumen arazo baten aurrean gaudela esango nuke: bakterioak erresistente bilakatu dira eta ezin diegu aurre egin. Horregatik, orain arte egin den antibiotikoen erabilera zuzena izan ez dela eta, aurrera begira, bestelako erabilera egin beharko dugula onartu behar dugu.

Nola iritsi gara puntu horretaraino?

Bakterioak gure planetan izan ziren lehen izakiak ditugu. Duela 3.500 milioi urte inguru azaldu ziren eta denbora horretan hainbat testuingurutara egokitu behar izan dute. Zentzu horretan, bakterioak moldatzeko gaitasun handia duten izakiak direla azpimarratu behar da. Bestalde, komunitatean bizi diren bakterioek zenbait molekula sortzeko ahalmena edo gaitasuna dute, adibidez, hobi ekologiko zehatzak bereganatzeko edo haien artean komunikatzeko. Antibiotikoak horrelako molekulak dira eta bakterioek bi helburuekin erabiltzen dituzte: beste bakterioei aurre egiteko eta, dosiaren arabera, haien artean komunikatzeko. Molekula horiek bakterioak bezain zaharrak dira eta, orain arte, oreka batean bizi izan dira. Kasu gehienetan, bakterioek haien ingurunean zen antibiotiko kopurua kudeatzen jakin dute, baina kopuru hori nabarmen hazi denean, erresistentziak garatzen hasi dira.

Eta gizakiok izan gara oreka hori apurtu dugunak…

Hala da. XX. mendearen hasieran, bakterioek sortzen zituzten molekula horiek infekzio bakterianoak eragiten zituzten bakterioak hiltzeko baliagarriak zirela aurkitu zuten. Alexander Fleming dugu zientzialari ezagunena esparru horretan, baina ez bakarra. Hori dela eta, antibiotikoak komertzializatzen hasi ziren bakterio patogenoek eragiten zituzten infekzioei aurre egiteko. Antibiotikoen erabilera horrek, nolabait, hasiera eman zion medikuntzaren aro berri bati. Zoritxarrez, irtenbidea izan zitekeen hori arazo bilakatu da antibiotikoak modu indiskriminatuan erabili direlako.

Aldi berean, antibiotikoen erabilera ez zuzena ere eman da, nagusiki, abeltzaintzan animaliak gizentzeko. 

Gehiegizko erabilera horrek, erabilera okerrekin batera, bakterioen erresistentzia sustatu du eta, ondorioz, lehen antibiotiko batekin hiltzen genituen zenbait bakterio orain erresistente bilakatu dira.

Antibiotiko berriak sortzeko aukera al da?

Hori da, hain zuzen ere, egin nahi dena. Antibiotiko ia guztiak zazpi-zortzi multzo handitan bildu daitezke. Horietatik, gehienak, lurrean diren bakterioetan dute jatorria eta horietatik abiatuta zenbait aldaera kimiko garatu dira. Hor adibidez, garapenerako tarte gutxi dago. Ondorioz, antibiotiko berriak bilatu behar dira lurrean diren beste zenbait bakterio erabilita.

Beste aukera bat ordenagailuen bidez egindako simulazioekin antibiotiko gaitasuna duten molekulak aurkitzea da.

Azaldu duzunaren arabera, nahiz eta molekula berriak aurkitu, gehiegizko erabilera egiten jarraituko bagenu etorkizunean arazo beraren aurrean izango ginateke…

Bai, eta horregatik, molekula berriak bilatzeaz gain, infekzioei aurre egiteko beste metodo edo estrategiak ere bilatzen ari dira. Estrategia horiek, nagusiki, bakterioen bestelako mekanismoei erasotzen diete, hots, antibiotikoek erasotu ezin duten mekanismoak. Kasu horretan bakterioen genetika aztertu eta hor nola eragin aztertu behar da. Etorkizunera begira, helburua da infekzioei aurre egiteko horrelako mekanismoak erabiltzea antibiotikoekin batera.

Ikastaroan azaldu duzuenez, arazo horrek ez die berdin eragiten pertsona guztiei. Zeintzuk lirateke izan daitezkeen kaltetan eragiten duten aldagai nagusiak?

Antibiotikoek ez diote berdin eragiten gorputz guztiei. Infekzio bakterianoak larriagoak izan ohi dira urtebete azpiko haurretan eta oso pertsona helduetan. Bada beraz, adinean edo egoera fisikoan oinarritzen den joera bat. 

Bestalde, zenbait ikerketatan ikusi ahal izan denez, infekzio bakterianoen eragina handiagoa izan ohi da emakumeetan gizonetan baino. Horrek badu azalpen bat. Izan ere, antibiotikoen eraginkortasuna probatzeko egin ohi diren saiakuntza klinikoetan, normalean, animalia arrak erabiltzen dira hormona-oszilazio gutxiago izaten dutelako. Ikerketa horietatik ateratzen diren ondorioak, adibidez,dosiei edo albo-ondorioei dagokionez, ezberdinak dira emakumeentzat edo gizonentzat.

Gaur egun, infekzioren bat duen gaixo batek medikuarengana jotzen du eta horrek antibiotiko bat agintzen dio. Gaixoak antibiotiko hori hartu eta, kasu gehienetan, sendatzen da. Azaldu duzun hori guztia aintzat hartuta, gerta liteke etorkizunean hori horrela ez izatea?

Hori jada gertatzen ari da; ez dugu etorkizunera itxaron behar. Ospitaletan posiblea da infekzio multirresistente bat hartzea. Kasu horietan, sarritan antibiotiko andana bat erabili behar izaten da infekzio hori sendatzeko eta, zenbait kasutan azken baliabideko antibiotikoak ere erabili behar izaten dira. Izenak dioen bezala, antibiotiko horiek bakarrik muturreko kasuetan erabiltzen dira, besteak beste, albo-ondorio kaltegarriak izan ditzaketelako gibelean, giltzurrunetan…

Aipatu dituzun osasun ondorioez gain, antibiotikoekiko erresistentzia horren ondorio ekonomikoak ere itzelak izango dira.

Ekonomikoki arazo horrek galera handiak sortzen ditu. Kontuan hartu behar da lehen, adibidez, hiru egunetan sendatzen zen infekzio bat orain ospitalizazio epe luzeagoak eskatzen dituela eta hori guztia ekonomikoki neur daiteke. Gastu klinikoez gain, kontuan hartu behar da horrelako infekzioek, hainbat kasutan, desgaitasun kronikoak ere eragiten dituztela eta, ondorioz, asko dira lanera joan ezin duten gaixoak. Alderdi ekonomikoa arazo horren dimentsioa neurtzeko beste aldagai bat izan daiteke.

Zer egin daiteke egoera horri buelta emateko?

Zorionez, gauza asko egin daitezke. Zientziari dagokionez, jakin badakigu ez gaudela bakarrik arazo kliniko baten aurrean. Arazo horrek harreman zuzena du gizakiokin, gure animaliekin, abereekin, hondakin-urekin… Ingurumen arazo bat da eta zientzialari garen heinean horren berri eman behar dugu. Horregatik, garrantzitsua da ikuspegia ez galtzea eta esparru klinikora bakarrik ez mugatzea. Zientzialariok gure artean koordinatu behar dugu arazo horri behar duen ingurumen-dimentsioa emateko.

Kaleko jendeari dagokionez, funtsezkoa da kontzientziazioa lantzea. Hiritarrek garbi izan behar dute antibiotiko bat kaltegarria izan daitekeela eta tentuz hartu behar direla eta, beti ere, medikuen jarraibideak jarraituz. Aldi berean, medikuek garbi izan behar dute antibiotikoak modu arrazional batean agindu behar dituztela. Azken finean, garbi izan behar dugu guztion ardura den arazo baten aurrean gaudela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.