Noemí Peña eta Patricia Draghici : “Porrotarik gabe ez dago arrakastarik”

Datorren irailaren 17 eta 20 bitartean Biscay Bay Startup Campus (BBSC) topaketaren bigarren edizioa ospatuko da Bilbon. Iazko helburu berberarekin ekingo diozue edizio berriari?

N.P: Pasa den urteko edizioan helburu edo ardatz nagusia emakumeen ekintzailetza izan zen. Aurten, berriz, gai nagusia inpaktu soziala izango da. Gure asmoa etekin ekonomikoa bakarrik bilatzen ez duten enpresen sorrera sustatzea da; ostera, aipatu etekin ekonomiko horrez gain, bestelako etekinak bilatzea ere nahi dugu, adibidez, etekin soziala edo ingurumen-etekina. Azken finean, gazteek ekintzailetzari ekiten diotenean kontuan hartu behar dute etekin ekonomikoa lortzeaz gain, sortzen duten enpresa hori enplegagarritasun modu bat ere izan daitekeela.

P.D: Gaur egun, berrikuntza mota ezberdinak daudela ikus dezakegu: teknikoa, zientifikoa… Gure aldetik, helarazi nahi dugun ideia da berrikuntzak nolabaiteko inpaktu soziala izan behar duela. Azken finean, berrikuntzaren azken xedea mundu hobe bat eraikitzea da. Horregatik, ekintzailetzak ere, errentagarria izateko, inpaktu sozial bat izan behar du. Izan ere, errentagarritasuna ez da soilik irizpide ekonomikoen baitan neurtu behar. 

Etekin ekonomikoa eta aipatzen duzuen inpaktu sozial hori kontrajarriak al dira?

P.D: Ez, inolaz ere. Jende askok horrela ikusten du, baina inpaktu sozialak ez du zertan etekin ekonomikoan modu negatiboan eragin behar. Topaketan horrelako hainbat adibide ikusiko ditu. Posible da enpresa jasangarri edo etiko bat eratzea eta etekin ekonomikoa lortzea. Garbi dago, agian bidea luzeagoa izan daitekeela, baina posible da. Gainera, belaunaldi gazteenek bestelako pentsamolde bat daukate eta ingurumenarekiko kezka handiagoa azaltzen dute.

N.P: Kontsumo aldaketak ere aldatzen ari dira. Prezioa ez da kontuan hartzen den aldagarri bakarra. Orain, zerbait erosten dugunean jatorria ere begiratzen dugu, labela duen…

Nola beregana ditzake ekintzaile batek ideia horiek guztiak?

P.D: Aurtengo edizioan horrelako ekintzailetza egin duten pertsonen adibideak eskainiko ditugu. Garbi dago pertsona bakar batek ezin duela esparru guztiak bere gain hartu eta, horregatik, ekintzaileak saiatu behar dira talde egoki batekin inguratzen. Izan ere, enpresa batek izan dezakeen aktiborik onena bertan diren pertsonak dira. Horregatik, proiektu bat abian jarri bezain pronto, funtsezkoa da jakintza alor bakoitzaren inguruan ezagutza duten pertsona horietaz inguratzea.

N.P: Ekintzailetzan talde-lana funtsezkoa da. Horregatik, topaketa honen xede nagusietako bat ekintzaileen networking edo sare bat osatzea da, ekintzailetzaren esparru horretan ari diren gazteek elkarren berri izan dezaten eta, posiblea den kasuetan, elkarlanean aritzeko aukera izan dezaten. Patriciak azaldu duen moduan, enpresa bat arrakastaz sortu ahal izateko funtsezkoa da diziplinarteko talde ahalik eta onenak eratzea. UPV/EHUtik hori da, hain zuzen ere, sustatu nahi duguna: jende gaztearekin osatutako taldeak sortu eta horiek sor dezatela balio erantsia duen zerbait. Izan ere, unibertsitatean materia gris ugari dugu baina horri bide eman behar zaio.

Iaz bezala, aurtengo edizioan ere enpresa ideia onenak sarituko dituzue. Zerk egiten du ideia bat ona izatea ala ez?

P.D: Gure kasuan hastapenetan (Early stage) diren enpresak edo ideiak hartzen ditugu kontuan. Ideia bat ona den ala ez erabakitzeko, lehenik eta behin, bideragarritasun ekonomikoa hartu behar da kontuan eta, horrez gain, ideia garatzen ari den taldea, berrikuntza-maila edota merkaturatzeko eta finantzaketa lortzeko estrategiak ere aintzat hartzen dira. Aurten gainera, inpaktu soziala topaketaren ardatza izango denez, hori ere aintzat hartuko da.

N.P: Hiru sari banatuko ditugu. Lehenengo sarituak 10.000 euro irabaziko ditu, bigarrenak 5.000 eta, hirugarrenak, 2.500. Horrelako sariak oso garrantzitsuak dira hastapenean diren egitasmoentzat, hasierako urrats horietan finantzaketa arazo bat izan ohi delako. Laguntza ekonomikoaz gain, irabazleek mentoreen aholkularitza eta Zitek enpresa haztegiaren laguntza ere jasoko dute. Adibidez, iaz sarituak izan ziren hiru ideiak topera dabiltza euren proiektuekin.

Batez beste, zenbat denbora behar du ekintzaile batek enpresa bat abian jartzeko?

P.D: Batez beste urtebete inguru behar da enpresa bat abian jartzeko. Normalean hamabi hilabete inguruko epea erabiltzen da beharrezkoak diren azterketa guztiak egiteko eta merkatura ateratzeko. 

N.P: Enpresa bat sortzea epe luzera egin beharreko zerbait da. Ekintzailetzak ez ditu emaitzak ematen egun batetik bestera. Porrotarik gabe ez dago arrakastarik. Ekintzailetzaren alorrean ekina bazara aurrera egin ahal duzu eta gainera, enplegagarritasuna sustatzeaz gain, inpaktu sozial bat baduzu, etekina bikoitza da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.