© Mia Elliott Smith | shutterstock.com

Erresuma Batua Europar Batasunetik aterako da datorren urriaren 31n eta, antza denez, bi alderdien arteko akordiorik gabe egingo du. Horretarako aukerak biderkatu egin dira Boris Johnson britainiar Lehen Ministroa izendatua izan ostean. Johnsonek berak argi utzi du: “Erresuma Batua Europar Batasunetik irtengo da urriaren 31n, akordioarekin edo akordiorik gabe”.

Britainiar buruzagia, sistematikoki, EBk eta Theresa Mayk adostutako Brexit ordenatuaren aurka azaldu da; aipatu hitzarmen hori hirutan bota dute atzera britainiar parlamentuan. Horren baitan, urriaren 31n 21 hilabeteko aldi iragankor berri bat hasiko litzateke harreman berriaren oinarriak negoziatzeko.

Akordio horrek, gainera, ‘babes’ (‘backstop’) bat ezartzen zuen Irlanda eta Ipar Irlandaren artean muga fisiko baten instalazioa ekiditeko. Puntu hori onartezina da Brexitaren defendatzaile sutsuenentzat.

Brexit gogor baten kasuan, Erresuma Batua Europar Batasunetik kanpo geratuko litzateke egun batetik bestera. Azaroaren lehenean Merkatu Bateratuaren eta Aduana-batasunetik kanpo geratuko litzateke, hots, Batasunak merkataritza-politikarako dituen tresnetatik nagusietako bitik kanpo. Ondorioz, Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko  harremana Munduko Merkataritza Antolakundearen arauetan oinarrituko litzateke. 

Brexit gogorrak bestelako ondorioak ere izango ditu. Adibidez,  Erresuma Batua Europako Justizia Auzitegia edo Europol bezalako erakundeen jurisdikziotik aterako da eta Erasmus edo Horizonte 2020 bezalako programetan parte-hartzeari utziko dio.

Gainera, hainbat europar bulego britainiarren eskuetan izatetik beste Estatu-kideen eskuetara pasatuko lirateke, adibidez, medikamentuak edo erregistratutako markak bezalako gaiak arautzen dituztenak.  

Eta Irlanda barruan kokatu beharreko mugaren afera konpondu gabe geratuko litzateke.

Boris Johnsonek azaldu duenez, “hitzarmen berri bat behar dugu. Ez aldaketa txikiak”. Hala ere, “hitzarmen berri” hori ez da hain erraza. Aukeratu berri duten Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek bere kargua azaroaren lehenean hartuko du eta, jada azaldu duenez, Europar Batasunaren posizioa gai horren inguruan irmoa da eta Mayrekin hitzartutakoa ez da berriz ere negoziatuko.

Akordiorik gabeko Brexit batek hainbat ondorio izan ditzake. Testuingururik okerrenean bi alderdien arteko harremanak guztiz eten egingo lirateke, baina horretara heldu gabe, seguruenik, nolabaiteko lankidetza ematen jarraituko da.

Dena delakoa, garbi dago egoera guztiz berria izango dela eta, horren aurrean, zalantzak ziurtasunak baino ugariagoak dira.

Oztopo berriak

EBk baietsi duenez, Brexit gogor batek suposatuko luke Erresuma Batuak ‘hirugarren estatu’ baten estatusa izango lukeela, hots, egun Txinak, Errusiak edo Mongoliak duten maila bera.

Hitzarmenik gabe ateratzeak suposatuko luke aduana- eta muga-zerga oztopo edo hesi berriak izango liratekeela eta Erresuma Batuak Munduko Merkataritza Antolakundearen arauak jarraitu beharko lituzkeela. Adituen ustez, arau horiek ez dira egun britainiarrek dituztenak bezain onuragarriak eta, gainera, ez lituzkete esparru guztiak beteko. Ondorioz, Erresuma Batuko esportazioek EBtik kanpo diren beste hainbat herrialdeetako esportazioek dituzten aduana-kontrolei eta muga-zergei aurre egin beharko diete. EBko mugak igarotzen dituzten merkantzia guztiek % 38 inguruko muga-zergak ordaindu behar dituzte eta, ondorioz, merkantzia horiek garestitu egiten dira.

 Ez hori bakarrik, Erresuma batuan ekoiztutako zenbait produktuk EBko mugak itxita izan ditzakete baimen edota ziurtagiri berriak lortu ezean. Horren aurrean, hainbat britainiar ekoizlek euren egoitza EBra eramatea erabaki dute muga gurutzatu behar duten osagaietan atzerapenik izan ez daitezen.

Mugimendu murrizketek eragina izango dute EBko zenbait herrialdetako hornikuntza-kateak erabili arren azken produktua Erresuma Batuan muntatzen dituzten enpresetan. Adibiderik garbiena automobilgintzan aurki daiteke eta hala azaldu dute sektore horretako bozeramaleek.

Akordiorik gabeko irteerak eragin zuzena izango du zerbitzuen sektorean ere, merkatu bateraturako sarbidea eta bertako lan-indarra galduko lituzkeelako. Eragina hainbat sektoretan pairatuko dute: banka, aseguruak, abokatuen bulegoak, musikariak…

Gainera, britainiarrek ezin izango dute Europako osasun txartela erabiltzen jarraitu eta, ondorioz, ezin izango dute, gaixotasun edo istripuren bat izanez gero, doako zerbitzua jaso EBko Estatu-kideetako ospitale publikoetan.

Sakelako telefonoa erabiltzea ere garestiagoa izango da roaming zerbitzuak berriz aktibatzea erabakitzen bada. Momentuz, erabaki hori urruti dagoela dirudi.  

Krisialdi berria

Asko dira krisialdi berri baten hasiera iragarri duten analistak. Horien artean, Erresuma Batuko gobernua bera. Westminsterren arabera, datozen 15 urteetan hazkunde ekonomikoa % 10,7 txikiagoa izan daiteke. Altxorraren txosten baten arabera, botika-industria eta automobilgintza izan daitezke sektorerik kaltetuenak; epe horretan izan zezaketen hazkundearen % 20 baino gehiago gal dezakete.

Ingalaterrako Bankuak azaldu duenez, akordiorik gabeko irteerak britainiar ekonomia hondoratuko luke % 4,75 eta % 7,75 artean 2024. urtera bitartean. Jaitsierarik nabarmenena hasierako hilabeteetan emango litzateke.

Eta, agertokirik okerrenean, libera % 25 jaitsiko litzateke eta langabezia egungo % 4tik % 7,5era pasatuko litzateke. Nazioarteko Diru Funtsak iragarri duenez, britainiar familiek, batez beste, 6.000 libera galduko dituzte urtero.

Liberaren erortzeak oso eragin negatiboa izan lezake bankaren industrian. Ingalaterrako Bankuaren iragarpenen arabera, Brexit eragabe batek inflazioa % 6,5era eraman lezake, interes tasak % 5,5era eta etxebizitzen prezioak heren bat inguru eroriko lirateke.

Hala ere, Brexiten defendatzaile sutsu askok, horien artean Boris Johnson, iragarpen horiek neurriz gainekoak direla edo, zuzenean, okerrak direla, salatzen dute. Horien ustez, Erresuma Batuak askatasun osoa izango du merkataritza-hitzarmen propioak negoziatzeko, migrazio politikak ezartzeko eta EBri diru gehiago ez emateko.

Mantxako harresia

Merkataritza murrizketen berehalako ondorioak herrialdetik atera eta bertara sartzen diren ondasunetan eta pertsonetan ikusiko dira. Kamioilariak, adibidez, bi egunez geldirik gera daitezke Doverren (Britainia Handiko porturik garrantzitsuetako bat) akordiorik ematen ez bada. Era berean, errepideetan izan daitezkeen pilaketak airean ere errepika daitezke. Ryanaireko Zuzendari Exekutibo Michael O’Learyk ohartarazi duenez, akordiorik ematen ez bada hainbat hegazkin lurrean gera daitezke.

Kanpo Harremanetarako britainiar bulegoak jada plangintza bat garatu du hegaldiekin erazoak izanez gero Europan harrapatuta gera daitezkeen britainiar hiritarrak aberriratzeko.

Arazo gehiago bidaiatzeko

EBk adostu duenez, Brexit eta gero, Schengengo Esparruan egonaldi labur baterako (90 egun 180 eguneko epe batean) sartzen diren Erresuma Batuko hiritarrek bisarik gabe bidaiatu ahal izango dute. Bisaren salbuespen hori elkarrekikotasun baldintzetan eskainiko da, hots, antzeko baldintzetan Erresuma Batura bidaiatu nahi duten EBko hiritarrek ez dute bisarik eskatu beharko.

Erresuma Batuak bisarako baldintza estraren bat eskatuko balu EBko Estatu-kide zehatz bateko hiritarrentzat, elkarrekikotasun baldintza bera aplikatuko zaie britainiarrei. Erresuma Batuak askatasun osoa izango du EBko hiritarren kasuan immigrazio kontrol propioak ezartzeko, eta EBk askatasun osoa izango du gauza bera egiteko britainiar hiritarrekin. Hartzen diren erabakien arabera, mugetan, pasaporte kontrolak direla eta, atzerapen handiagoak izango direla baiezta daiteke. Maskotekin bidaiatzea ere zailagoa izango da.

Aintzatespen akademikoa?

1,3 milioi britainiar daude Europan eta 3,7 milioi europar Britainia Handian. Hiritar horien guztien etorkizuna bizileku eta lan eskubideei dagokionez ez dago batere garbi. EBn lan egiten duten profesionalen kasuan gerta liteke euren titulu akademikoek balioa galtzea eta ondorioz, lan egiteko aukera galtzea.

Erresuma Batuan lan egiten duten europarren kasuan linbo legal eta politiko batean aurkituko lirateke. Britainiarrak, berriz, Estatu-kide bakoitzak erabakitzen duenaren esku geratuko dira.

Migrazio Politiken Institutu britainiarrak ohartarazi duenez, egoera kezkagarrian aurki daitezke atzerrian (Irlanda barne) bizi diren 200.000 erretiratuak. Izan ere, horietako asko ez dira harrera estatuetan erregistratu, elkarrekiko arreta erregimenean bizi dira eta askok arazoak izan ditzakete euren erretiroa kobratzeko.

Erasmus

Akordiorik gabeko irteera batek ondorio zuzenak izan ditzake unibertsitate ikasleengan. Printzipioz, Erresuma Batuko unibertsitateetako errektoreen presidente Janet Beer-ek azaldu duenez, 2019-2020 ikasturtean bertako unibertsitateren batera joaten den erasmus ikasle batek ez du inolako arazorik izango Erresuma Batua aipatu programa horretan mantenduko baita 2020ra arte. Ostera, britainiar unibertsitateren baten parte-hartzea duen edozein egitasmo europar fondorik gabe geratuko da. Horrek ez du esan nahi aldebiko harreman akademiko-zientifikoak desagertuko direnik. Baina harremanak konplexuagoak izango dira eta, seguraski, Erresuma Batuak programa bakoitzean duen parte-hartzea negoziatu beharko du. 

Ez hain Batua eta ez hain Handia

Europar Batasunak bere merkatu bateratuaren integritatea babestu nahi badu, akordiorik gabeko brexit batek irlandar mugan aduana-kontrolak ezartzea eskatu du. Europako Batzordeak bake prozesua mantentzea du helburu, betiere, 1998ko apirilaren 10eko Ostiral Santuko Hitzarmenaren ildotik, baina muga gogor baten ezarpenak agertoki ezezagun batera eraman gaitzake.

Egun Irlanda banatzen duen eta ikusezina den muga kanpo-muga bilakatuko litzateke EBrentzat akordio batera iristen ez bada.

Erresuma Batuak eta Irlandak azaltzen dutenez, ez da muga gogorrik ezarriko, nahiz eta brexita akordiorik gabe gauzatu. Baina hori ez dago garbi. Erresuma Batuak alde egiten badu akordiorik gabe, Irlandak presio handia jasoko luke EBko beste kideen eta Europako Batzordearen aldetik dagozkion aduana eta immigrazio kontrolak efektiboki burutzeko. Horrek arazoak eta deserosotasunak ekarriko lizkieke ondasunen zein hiritarren zirkulazioari.

Arazoa ez da hor amaitzen. Irlandako Lehen Ministro Leo Varadkarek jada jakinarazi dio Boris Johnsoni akordiorik gabeko brexit batek ateak zabal diezaizkiokeela Irlandaren batasunari. “Erresuma Batuak talka egiten badu EBrekin eta akordiorik gabe joaten bada, gero eta gehiago izango dira Ipar Irlandan Erresuma Batuarekiko batasuna zalantzan jarriko duten ahotsak” azaldu du Varadkarrek.

Iparrirlandar gehienek EB barruan mantentzea bozkatu zuten: % 56 mantentzearen alde eta % 44 alde egitearen alde. Azken inkestek EB barruan geratu nahi dutenen kopurua % 65ean kokatzen dute.

“Urriaren 31n brexita gauzatzen bada eta Erresuma Batuak iparrirlandarrak Europatik ateratzen baditu horien borondatearen kontra, europar hiritartasuna kentzen badie eta bake prozesua arriskuan jartzen badu, galdera horiek guztiak azaleratuko dira eta horiei aurre egiteko prest izan behar dugu” adierazi du Lehen Ministro irlandarrak.

Sinn Féin alderdiak Irlandaren batasunaren inguruko erreferendum bat eskatuko duela azaldu du baldin eta irteerarako akordio batera iristen ez badira.

Eskozian, berriz, EBn mantentzearen aldekoak % 62 izan ziren eta bertako ministro nagusi  Nicola Sturgeon jada akordiorik gabeko irteeraren aurka azaldu da. Independentziarako bigarren erreferendun bat egiteko prest azaldu da. 

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.