Nafarroako gazteriaren Kontseiluak eskua luzatu dio gobernu berriari gazteen arazoak konpontzen laguntzeko

Pasa den abuztuaren 12an Gazteriaren Nazioarteko Eguna ospatu zen. Ospakizun hori aprobetxatuz, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak (CJN-NGK) agerraldia egin zuen eta bertan Nafarroako gazteriaren konpromiso soziala azpimarratzeaz gain, eratu berri den exekutiboari eskua luzatu zion “legealdi hau gazteriaren legealdia izan dadin”.

Aipatu prentsaurrekoan, Kontseiluko presidente Miguel Garridok “asmo handiko politikak” eskatu dizkio exekutibo berriari eta baita horiek eragina izan dezaten “aurrekontu-zuzkidura egokia” ematea ere. Nafar gazteei kezka gehien eragiten dieten arazoen artean, Garridok enplegu duina, emantzipazioa eta etxebizitzen prezio altuak aipatu zituen.

Garrido baikor azaldu da hasi berria den legealdiaren aurrean. Bere hitzetan, “edozein gobernu berriren eraketak gazteriaren egoera hobetzera bideratutako berariazko politikak lantzeko aukera” ematen du. Zentzu horretan NGK exekutibo berriarekin lan egiteko prest izango dela aurreratu du bere ikuspegia, ideiak eta gogoak gehitzeko.

Izan ere, hauteskunde kanpainan NGKko kideak hautagai guztiekin bildu ziren gazteen inguruko politikez hitz egiteko. Topaketa horretan, besteak beste, hezkuntzaz, gazteen garraioaz, genero berdintasunaz, ikasleentzako laguntzez eta osasunarekin erlazionatutako hainbat alderdiz hitz egin zen. Baina gai guztien gainetik, gazteen kezka eragiten duten gai nagusiak enplegua eta etxebizitza direla azpimarratu du Garridok. Horregatik, NGKtik gobernu berriari esan zaionez: “egun den egoerari buelta eman ahal izateko garrantzitsuena politika horiei ekiteko modua aldatzea da”. Alde batetik, Garridok “egoera eraldatzeko gaitasuna duten politiken garapena” eskatu du, “aurrekontu-zuzkidura egokiarekin eragina bermatzeko”. Bestalde, Garridok ezinbestekotzat jo du ezarri beharreko politika horiek gazteen parte-hartzearekin garatzea.

Konpromiso handiko gazteria

Prentsaurreko berean Garridok nafar gazteriaren konpromiso soziala azpimarratu nahi izan zuen. Garridoren ustez gazteria bizirik dago eta mundu hobe baten alde lan handia egiten du. Horren ildora, besteak beste, Fridays for future mugimendua, martxoak 8ko manifestaldiak edota sexu-orientazio ezberdinak dituzten pertsonen aldeko eskubideen konpromisoa aipatu ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.