Gorka Moreno: “Gizarte bezala dugun erronketako bat ‘bestea’ diren horiek ‘gu’ izatea ere da”

Gure artean Estatuko beste autonomia erkidegoetako immigrazioa jaso izan dugu, baina atzerriko immigrazioaren fenomenoa nahikoa berria dela esan daiteke. Zein nolako inpaktua izan du immigrazio horrek gure artean?

2000. urtera arte Euskadira atzerritik etorritako etorkinen kopurua oso mugatua izan zen. Garai horretan gure artean zen populazio atzerritarra % 1 ingurukoa zen. Hori, adibidez, ikastetxeetan oso garbi ikusten zen; oso zaila zen jatorri atzerritarra zuen ikasleren bat topatzea. Esan bezala, 2000. urtearen inguruan migrazio fluxuak nabarmen aldatzen dira eta bai Estatuan bai Euskadin, baina maila apalagoan, etorkinen kopurua nabarmen hazten da. Horrek, gure gizartearen argazkia erabat eraldatzen du. Kontuan izan behar dugu oso urte gutxiren barruan biztanleria atzerritarraren kopurua biderkatu egin dela. Une honetan, gure artean bizi diren atzerritarren kopurua % 10 ingurukoa da, 220.000 pertsona inguru. 

Hazkunde horrek nabarmen aldatu du gure ingurunea; ez da aldaketa erradikala, baina aldaketa bada. Fenomeno berria den heinean, egokitze prozesu bat behar da eta horren barruan arazoak sor daitezke.

Gurera etorri direnen artean herrialde pobreetatik etorritakoak dira nagusi. Inor gutxi kexatzen da, gutxiago badira ere, herrialde industrializatuetatik datozen immigranteez…

Hala da. Hor etorkinen izaera eta auzi ekonomikoa gurutzatzen dira. Ikuspegitik egiten dugun barometroan etorkinekiko abegikotasun mailaren inguruan galdetzen dugu eta hor garbi azaltzen da zein kolektibo ditugun gustukoen eta zeintzuk ez. Sailkapen horretan Europako mendebaldeko eta Hego Amerikako zenbait herrialdetako biztanleak dira nagusi. Ostera, magrebtarrak eta errumaniarrak aipatu sailkapen horren behealdean aurkitzen dira. Errumaniarren kasuan gauza bitxia ematen da: jendeak errumaniarrak ijitoekin identifikatzen ditu nahiz eta gure artean diren errumaniarren % 4 eskas bat etnia horretakoak izan. Kasu horretan, jende multzo txiki batek osotasunaren balorazioa baldintzatzen du.

Sailkapen horrek oso ideia garbia uzten du agerian: gugandik gertuen ditugun horiek ditugu gustuko. Eta gertuen esaten dudanean da kulturari, erlijioari, fenotipoari eta maila sozioekonomikoari begira gertuen diren horiek. Aldiz, urrutien diren horiek ez ditugu gustuko. Zentzu horretan, euskal gizartean gugandik urrutien diren horiek magrebtarrak izango lirateke edo, behintzat, hala ikusten ditugu. 

Azaldu duzunez, 2000. urtean migrazio fluxuetan aldaketa garrantzitsua eman zen. Zein izan zen horretarako arrazoi nagusia?

Migrazio fluxuak historikoki testuinguru ekonomikoetara lotuta daude eta hau ez da salbuespena. 2000. eta 2008. urte bitartean hazkunde ekonomiko itzela eman zen gure artean eta, bereziki, oso sektore zehatzetan; lan esku intentsiboa eskatzen duten sektoreetan hain zuzen ere: nekazaritza, eraikuntza, ostalaritza… Bertako biztanleekin bakarrik ezin izan zitzaion eskaera horri erantzun eta hori dela eta etorkinen beharra izan zen. Zortzi urte eskas horietan 6 milioi etorkin inguru iritsi ziren Estatura.

2008an, krisi ekonomikoarekin batera, fluxua eten egiten da. Etorritako gehienak ez ziren joan, nahiz eta jende gehienak hori pentsatzen duen.

Azaldu duzunaren baitan, etorkinen etorrerak aro ekonomiko oparoekin bat egin ohi du. Hala ere, etorkin horien guztien inguruko iritzia, nagusiki, negatiboa izaten da. Zergatik?

Nik beti esan izan dut etorkinak gurera iristen badira gure ekonomia ondo dagoenaren seinale dela. Zeharkako aldagaia da, baina oso argia da eta datuek baieztapen hori agerian uzten dute. Barne Produktu Gordinaren garapenaren grafikoa eta etorkinen etorreraren garapenaren grafikoa alderatzen baditugu, ia berdinak direla ikus daiteke. Grafiko horretan ikus daitekeenez, etorkinak ekonomia ondo doanean etortzen dira; berriz, gauzak hain ondo ez daudenean, etortzen direnen kopuruak behera egiten du. Une honetan, adibidez, 2015. urtetik hona ekonomia hobetzen ari dela diote datuek eta etorkinak berriz etortzen hasi dira.

Baina, printzipioz, etorkinen etorrera positibotzat jo badaiteke ere, oraindik ‘gu’ eta ‘besteak’ bereiztearen behar hori mantentzen da…

Bereizketa horren muinean nazionalismoaren printzipio metodologikoa aurkituko litzateke. Zuk aipatzen duzun ‘gu’ eta ‘besteak’ bereizketa, nagusiki, identitate nazionalean oinarritzen da. Atzerritarra ‘kanpokoa’ da eta, gainera, oso bitxia da nola jolasten garen muga horrekin: etorkin baten seme-alabak, hemen jaio denak eta ikastolara joan denak, kasu gehienetan ‘bestea’ izaten jarraituko du. Gizarte bezala dugun erronketako bat ‘bestea’ diren horiek ‘gu’ bihurtzea da.

Euskal gizartea nabarmen zahartzen ari da. Etorkinek arazo hori konpontzen lagun dezakete?

Ekonomikoki, argi eta garbi, oso lagungarri izango ditugu, baina demografikoki, are gehiago. Bertako populazioa zaharkituta dago oso; 65 urtetik gorako biztanleen kopurua % 25 ingurukoa da eta 45 urtetik gorakoa, berriz, % 55. Piramide demografiko hori ez da inolaz ere ematen atzerritarren artean; askoz gazteagoak dira eta horrek gure biztanleria ‘gaztetzen’ laguntzen du. Horrek ez du esan nahi arazo hori horrela konponduko denik. Kontuan hartu behar dugu une honetan biztanleria osoaren % 10 besterik ez direla. Horretarako bertako gazteek seme-alaba gehiago izan beharko lituzkete.

Etorkinen inguruan dugun iritzi hori zein punturaino dago baldintzatuta pertsona horien azalaren koloreagatik edo jatorriagatik. Ez al da gehiago pertsona horien baldintza ekonomikoetan oinarritzen?

Egoera sozioekonomikoak dena baldintzatzen du. Euskal Herriko edozein auzogune txiroenetako bertako biztanle batek gauza asko ditu komunean etorkin batekin, baina gero, inkesta guztietan auzogune aberatsetako biztanleek etorkinekiko jarrera positiboagoa dutela ikusten dugu. Zergatik? Klase ertaineko biztanleek (1.800 eurotik gora irabazten duten horiek) lan merkatuan duten kokapenagatik ez dituztelako etorkinak mehatxutzat hartzen. Are gehiago, etorkin horietaz baliatzen gara gure etxeak garbitzeko, seme-alabak edo aiton-amonak zaintzeko… Ditugun arazoak konpontzen laguntzen gaituzte. Ostera, lan-merkatuan lanpostu prekarioetan ari diren bertakoek mehatxutzat hartzen dituzte etorkinak, nolabait, lanpostu berdinengatik lehiatzen dutelako.

Azter ditzagun etorkinen inguruan diren hainbat zurrumurru. Lehena, eta orain azaldu duzunaren baitan: “lanpostuak lapurtzen dizkigute”. Zein neurriraino da egia baieztapen hori?

Azaldu dudan moduan, herri txiroetatik etortzen diren etorkinek normalean, bertakoek ez ditugun lanpostuetara jotzen dute, baina egia da, lanpostu prekario horietan badirela lanean ari diren bertakoak. Horiek bai mehatxutzat har dezakete etorkinen etorrera, konpetentzia zuzena delako. Baina gehienak ez gaude lan-merkatu horretan. Azkenean bakoitzak bere kokagunetik pentsatzen du, hots, ez da gauza bera mehatxu zuzen bat izatea edo ez. Klase ertaineko euskaldunok oso diskurtso baikorra dugu etorkinekiko eta klase baxukoek ez hainbeste, baina ertaineko horiek baxukoei arrazistak direla esaten diegu. Oinarrizko beharrak estalita dituzunean errazagoa da diskurtso baikor bat izatea.

Beste bat: “RGIa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta, nagusiki, atzerritarrentzat da eta, gainera, iruzur egiten dute”.

Eusko Jaurlaritzak eman dituen datuen arabera iruzur kasuak oso gutxi dira eta ez beste lekuetan edo esparruetan ematen dena baino handiagoa. Iruzur kasuak ematen dira, baina oso gutxi. Horiekin amaitu behar da, baina ez dezagun pentsa oso arazo larria denik. Errenta hori nagusiki atzerritarrentzat dela ere ez da guztiz egia. Gaur egun, DSBE jasotzen duten hiritarren % 60-65 inguru bertakoak dira. Etorkinen kopurua, beraz % 35-40 izango litzateke. Egia da biztanleriaren % 10 besterik ez direla, baina kontuan hartu behar da askoz egoera prekarioagoan bizi direla eta laguntza horiek, hain zuzen ere, baldintza okerragoetan bizi diren horientzat direla. Etorkinen artean pobrezia-tasa % 30ekoa da eta bertakoen artean, berriz, % 4. 

Azkena: “Lagunduta ez dauden adingabe (MENA) gehienek delituak egiten dituzte”.

Gai horretan ondo bereiztu behar dira adingabeak direnak (MENAk) eta 18 urte baino gehiago dituztenak (JENAk). Izan ere, 18 urtetik beherakoei, legez, laguntza eskaini behar zaie. MENAk direnen kasuan Foru Aldundiek babesa ematen diete egoitza bat emanez eta trebakuntza prozesu bat eskainiz. Arazoa MENA horiek 18 urte betetzen dutenean hasten da, legez zegoen babes hori desagertzen delako. Aldundiek bazuten gazte horientzako programa batzuk baina gazte horien kopurua biderkatu denez, programa horiek motz geratu dira. Ondorioz, MENA asko ez dira gizarteratze programetan sartu. 

Eta zer egin beharko litzateke gizarteratu ez diren gazte horiekin?

Nik garbi utzi nahiko nuke delituak burutzen dituzten gazte etorkinak ez direla gehiengoa eta horiek ezin dute gizarteratzeko esfortzua egiten duten beste horien guztien lana estali. Erakunde publikoetatik gure artean diren gazte etorkin horiek guztiak gizarteratzeko plan eraginkorrak garatu beharko lirateke. Zoritxarrez, eta normala da, delituak egiten dituzten horien berri dugu, baina ezer gutxi esaten digute kalean lo egin ondoren euren formakuntza osatzeko, adibidez, Peñascal Fundaziora joaten diren horien inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.