Euskal kulturaren ekosistema

Durangoko Azokak bere 54. edizioa ospatuko du aurten abenduaren 5 eta 8 bitartean. “Osorik DA!” lelopean, Azoka euskal kulturaren topagune nagusia bilakatuko da beste behin. Literatura, musika, arte eszenikoak, arlo digitala… asko dira bertan jorratuko diren gaiak eta horiek guztiek osatzen duten ekosistemari egiten diote erreferentzia bai leloak bai kartelak.

Aurreko edizioan hasitako ibilbideari jarraituz, aurtengo edizioaren kartela artista gazte batena izango da, Oier Zuñiga iruindarrarena, hain zuzen ere. Zuñigak Azoka osatzen duten osagai desberdinak islatu ditu kartelean: sormena, salerosketa, hartu-emana…

Azokaren 54. edizioko leloa “Osorik DA!” izango da, Azokako osagai guztiei erreferentzia eginez. Lehenengo egunean Ikasle Goiza ospatuko da eta bigarren egunean II. Sormen Bekaren irabazlea nor den jakinaraziko da

Ibilbide luzea egin du jada Durangoko Azokak. Gerediaga Elkarteko Nerea Mujikak horrela azpimarratu zuen aurtengo edizioa aurkezteko egin zen prentsaurrekoan: “hasiera batean Liburu eta Disko Azoka zena, gaur egun ez da hori bakarrik: sormena da, zabaldu eta erakusteko lekua da, salerosketarako gunea da, euskal kulturaz gozatzeko plaza da”. Ibilbide luze horretan izan diren berrikuntzen artean, azpimarratzekoa da, adibidez, iaz abian jarri zen Sormen Beka. Aipatu bekaren xedea da euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara arte garatzen laguntzea. Iazko bekaren irabazlea AtopiaRPG izenarekin sortutako euskarazko lehenengo rol-jokoa izan zen. Aurtengo gaia musika izango da eta irabazlea  abenduaren 6an emango da ezagutzera, hots, Azokaren bigarren egunean.

Lehenengo egunean, berriz, eta urtero bezala, ikasleak izango dira protagonista. Izan ere, Ikasle Goizean Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako ikasleak izan ohi dira protagonista. Azokaren ohiko eskaintzaz gain, goiz horretan hainbat tailer ere izango dira: kaligrafia, euskal kulturaren transmisioa, soinu efektuak zinemagintzan, Moon konputagailu baten funtzionamendua… 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.