“Emakumeok desgaitasunen bat duten gizonek baino diskriminazio handiagoa pairatzen dugu”

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi eta aniztasun funtzionala duten emakume gazteen lan baldintzak aztertu dituzue. Zer dela eta otu zitzaizuen horrelako azterketa bat egitea?

Emakundek, urtero, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan diskriminazio eredu edo motaren bat aztertzen dituzten azterlanetarako hiru beka deialdi egiten ditu. Gure kasuan, garbi genuen intersekzionalitatearen teorian oinarrituta, diskriminazio askotarikoaren adibide bat ikertu nahi genuela. Diskriminazio askotarikoa izateko, gutxienez bi aldagai izan behar dira eta gure kasuan, bi aldagai horiek lan-esparruan ematen diren aldagaiak izatea nahi genuen, hori baita gure ikerketa-esparrua. Ideia hori abiapuntutzat hartuta lan-esparruan ematen diren diskriminazioen atzean zein nolako aldagaiak aurkitzen diren aztertu genuen eta erantzunen artean hiru aldagai nagusi atera zitzaizkigun: adina (gazteak), generoa (emakumeak) eta aniztasun funtzionala. Talde horietan direnek enplegu bat lortzeko arazoak badituzte, hiru aldagai horiek dituzten pertsonen egoera nolakoa den aztertzea bururatu zitzaigun.

Azterlanak, azaldu duzun bezala, aniztasun funtzionala duten emakume gazteek lan-esparruan bizi duten egoera aztertzen du. Printzipioz, nahiko ikerketa eremu zabala dirudi. Zein irizpide erabili dituzue ikerketa-eremua hori mugatzeko? 

Azaldu dudan bezala, gure ikerketan parte hartu duten pertsonek hiru baldintza bete behar zituzten. Lehenik eta behin, emakumeak edo euren burua emakumetzat hartzen zuten pertsonak izan behar zuten. Bestalde, pertsona gazteak izan behar zuten. Irizpide horrek arazo gehiago ematen ditu, zaila baita gazteria definitzen duen adin tartea definitzea edo mugatzea. Gure kasuan, ikerketan 18 eta 35 urte bitarteko pertsonetara zabaldu dugu kontzeptu hori. Zergatik 35 urtetaraino? Lan-esparruan ematen diren diskriminazioak aztertu nahi genituenez gero, enplegurako sarbidean ematen diren kasuez gain, 30 urte bitarteko gazteetara mugatu izan bagina jada lan merkatuan barneratuta dauden gazte horien inguruko informazioa galduko genuelako. Azkenik, aniztasun funtzionala duten pertsonak izan behar zuten. Aldagai hori ere nahikoa zabala izan daiteke, izan ere, bakoitzak bere erara funtzionatzen duenez gero, nolabait, pertsona guztiok aniztasun funtzional maila bat dugula esan liteke. Hori mugatzeko % 33 edo gehiagoko ezgaitasun ziurtagiria duten pertsonetara mugatu gara.

Zeintzuk lirateke pertsona horien artean diskriminazio mota ohikoenak?

Bi esparru aztertu ditugu: formakuntza eta enplegua. Lehenengoan, diskriminazio ohikoena bullyinga da eta, zenbait kasutan, oso modu larrian. Enpleguaren esparruan, berriz, enplegu publikoa eta pribatua bereizi ditugu. Enplegu pribatuan diskriminazio ohikoena jardueraren etetea da, hots kaleratuak izatea. Kaleratzea eman daiteke desgaitasuna gerora etorritakoa delako, hots, desgaitasunik ez duen langile batek istripu baten ondorioz desgaitasun bat eratortzen zaio eta orduan kaleratzen dute, edo jada desgaitasuna duten langileen kasuan, absentismo-tasa altua dela eta. Kasu horietan, kontuan hartu behar da pertsona horiek denbora asko behar dutela osasun eta zaintza kontuetarako eta horrek lanerako denbora kentzen die.

Aldi berean, ohikoak dira, mespretxuak bezalako zeharkako diskriminazioak, bereziki, emakumeekiko.

Azterketaren xede nagusia. Desgaitasunen bat duten emakume gazteen kasuan zein desberdintasun-, oztopo- eta diskriminazio- egoera espezifiko dauden aztertzea.

Aniztasun funtzionala duten gazteen artean generoaren aldagaiak ere aldeak ezartzen ditu?

Bai, noski. Kontuan hartu behar dugu gizonen eta emakumeen arteko soldata-arraila, batez beste, % 24 ingurukoa dela. Ikerketak, gainera, oso datu harrigarria utzi digu. Izan ere, lortu ahal izan ditugun datu eskasen arabera, emakumeok desgaitasunen bat duten gizonek baino diskriminazio handiagoa pairatzen dugu. Hau da, emakumeak jada desgaitasunen bat izateagatik diskriminatuta dauden gizonak baino diskriminatuagoak gaude. Hori horrela izanik, pentsa nolakoa izango den desgaitasunen bat duten emakumeen egoera.

Adibidez, genero aldagaiaren garrantzia ulertzeko autismoaren espektroko nahasmendua har daiteke adibide gisa. Horrelako nahasmendua diagnostikatuta duten pertsonen artean gizonak dira nagusi, baina horrek ez du esan nahi nahasmendu hori komunagoa denik gizonen artean. Kontua da horrelako nahasmenduak diagnostikatzeko erabiltzen diren frogek ez dutela genero ikuspegia aintzat hartzen eta, ondorioz, ez dute horrelako nahasmendua duten emakumeak diagnostikatzeko balio. Adibidez, emakumeoi egotzi ohi zaizkigun zenbait rol autismoaren zenbait rolekin bat egiten dutelako: ixilik egotea edo espazio publikoetan baino etxea bezalako gune babestuetan egon nahi izatea.

Ikerketaren aurkezpenean azaldu duzuenez, ikerketa gauzatzen ari zineten bitartean ezkuturik dagoen errealitate batekin egin duzue topo. Zer da aurkitu duzuena?

Ikerketa kualitatiboa izan den arren, hasiera batean datu kuantitatiboak pilatzen hasi ginen. Horretarako, besteak beste, Lanbidera jo genuen. Bertan, gure sorpresarako, gure ikerketaren muina zen taldean, hau da, % 33 baino gehiagoko aniztasun funtzionala duten emakume gazteen artean, langabezia-tasa oso eskasa zela ikusi genuen. Datu horretan sakonduz, ikusi ahal izan genuen emakume horiek ez daudela lanean. Ostera, kasu gehienetan, etxean sartuta daude. Zenbait kasutan, oso gazteak direnez (18 urte inguru) ez dute Lanbiden izena emateko beharrik ikusten, baina bada errealitate ilunago bat: familiek, gazte horiek babestu nahian edo, etxean ‘gordeta’ mantentzen dituzte zaintza- eta/edo garbiketa-lanak egiten. Emakume horien kasuan, enplegua ez da haien bizitzako elementu zentral bat eta kasu gehienetan ez dute beraien burua lan egiten imajinatzen.

GENERO IKUSPEGIA ETA INTER-SEKZIONALITATEA. Aniztasun funtzionala duten emakume gazteen lan-baldintzen kasuan, hiru aldagaiak (sexua, adina eta aniztasun funtzionala) esponentzialak dira.

Aniztasun funtzionalaren kontzeptua berez nahikoa zabala da. Desgaitasun kasuen arabera diskriminazioa era batekoa ala bestekoa dela ikusi al duzue?

Ikerketan ez diogu horri garrantzi handirik eman ez genuelako etiketarik jarri nahi. Horrela, guretzat, % 33 baino gehiagoko desgaitasuna izatea nahikoa zen. Hala ere, garbi dago aldeak badirela. Guk bi talde nagusi eta bost azpitalde bereizi ditugu. Lehen talde nagusia desgaitasun fisikoen eta motorren taldea litzateke. Talde hori, hiru azpi-taldetan banatuta egongo litzateke: mugimendua eragozten edo mina eragiten duten lesioak edo gaixotasunak  (gorputz-adar baten falta), gaixotasun organikoak (diabetesa…) eta desgaitasun sentsorialak (itsutasuna, gortasuna…). Bestalde, desgaitasun kognitibo eta mentalen multzoa legoke eta, horren barruan, nahasmendu psikikoak eta desgaitasun intelektualak aurkituko lirateke. Azken horiek izango lirateke estigmatizatuenak eta are gehiago, emakumeen kasuan.

Ba al da aniztasun funtzionala duten gazteen kopuruaren inguruko daturik? Zenbat gazte inguru izango lirateke?

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria osoaren % 3 inguruk desgaitasunen bat du eta % 3 horren barruan % 4,6 gazteak dira, 25 urtetik beherako gazteak, hain zuzen ere. Beraz, nahiko kopuru txikiez hitz egiten ari gara (2-3 mila gazte). Horrek asko zaildu du ikerketa.

Aniztasun funtzionala duten pertsona gehienek enplegu-zentro berezietan egiten dute lan. Hor ere baldintza prekarioetan egiten al dute lan?

Bai, hala da. Enplegu-zentro horiek oso sektore zehatzetan egiten dute lan eta segmentazioa ere oso handia da. Horrela, emakumeek, nagusiki, garbiketa sektorean lan egiten duten bitartean, gizonak ekoizpen industrialean aritzen dira. Segmentazio horrek eragin zuzena du soldata-arrailean, sektore industrialak garbiketarena baino aintzatespen handiagoa duelako eta, ondorioz, soldatak altuagoak dira.

Orain arte azaldu duzuna aintzat hartuta, aniztasun funtzionala duten gazteen artean diskriminazioa nahiko zabalduta dagoela dirudi. Nork du horren erantzukizuna? Diskriminazioa ez egotea bakarrik enplegatzailearen esku al dago?

Enplegu babestuaren kontua berraztertu behar da. Kasu horretan, bai gizonak bai emakumeak oso baldintza prekarioetan izaten dira. Lan-baldintzak oso kaxkarrak dira: soldata oso baxuak (9.000 euro inguru urtean lanaldi osoko dedikazio batengatik), behin-behinekotasun handia, mailaz igotzeko zailtasun handiak… Zoritxarrez, gurpil zoro batean aurkitzen dira; soldatak baxuak dira horrela dirulaguntzak ere jaso ahal dituztelako. Kontuan hartu behar da soldataz gain, normalean pertsona horiek pentsio bat ere jasotzen dutela. Soldata altua izango balitz ez lukete pentsiorako aukerarik izango. Eta kasu gehienetan, dirua oso elementu garrantzitsua da, desgaitasun bat izatea oso garestia izaten delako (tratamenduak, medikuak, fisioak…)

Eta zergatik egonkortzen da egoera hori?

Baliabide kontu bat da, diru kontua. Desgaitasun funtzionala duten pertsonen inguruan hitz egiten denean sarritan irisgarritasuna hitza datorkigu burura eta, horri lotuta, espazio arazo bat, hots, pertsona horientzako espazioak egokitu beharra. Adibidez, desgaitasuna duten pertsonen ikurra edo sinboloa aulki batean den pertsona bat da. Baina irisgarritasuna ez da soilik espazio kontu bat; arazo arkitektonikoez gain, badira ikusmen arazoak, entzumen arazoak eta arazo kognitiboak. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.