Laguntza!

Duela 30 urte Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena sinatu zenetik UNICEFek diru funtsen deialdirik handiena egin du larrialdietan dauden haur eta familiengana iristeko. 3.800 milioi euro baino gehiago behar dira munduko 64 herrialdetako 59 milioi haurrengana larrialdietarako laguntzarekin heltzeko, hau da, 2020. urtean zehar gatazkak edo hondamendien ondorioz kaltetutako haurrei elikadura, hezkuntza, osasun eta babes zerbitzuak eskaintzeko. UNICEFek orain arte bere historian egindako deialdirik handiena da; izan ere, 2010. urtean eskatutako funtsek 3,5 aldiz biderkatzen ditu. Horrek esan nahi du inoiz baino haur gehiago daudela larrialdietarako laguntza beharrizanarekin. Lau haurretatik bat gatazka edo hondamendiak kaltetutako herrialde batean bizi da.

Milioika haur eta gazterentzat, gatazka, indarkeria edo hondamendi naturalak euren amets eta etorkizuna hausten ari dira. Bost deialdi nagusi egin ditu UNICEFek 2020. urteari begira: Siria eta Egipto, Jordania, Libano, Irak eta Turkiako errefuxiatuei zuzendutakoa; Yemen; Siria; Kongoko Errepublika Demokratikoa; eta Hego Sudan. Baina, zoritxarrez, ez dira larrialdi egoera bizi duten herrialde bakarrak: Afganistan, Burkina Faso, Mali, Niger, Ukraina, Bangladesh eta Myanmar, Burundi, Uganda… moduko herrialdeetan ere haurrak krisi egoeran daude.

Informazio hori guztia eskuartean izanik, 2020an UNICEF eta bere aliatuen helburua da 5,1 milioi haur desnutrizio larriaren aurka tratatzea; 8,5 milioi haur elgorriaren aurka txertatzea; 28,4 milioi pertsonari edateko eta sukaldatzeko ura eta higiene pertsonalerako ur sarbidea ematea; 4,5 milioi haur eta zaintzaileri laguntza psikosoziala eta buruko osasunerako laguntza bermatzea; 1,4 milioi emakume eta haurri arriskua arintzeko esku-hartzeak, prebentzioa edo genero indarkeria egoerei erantzuteko aukera ematea; 10,2 milioi haurri hezkuntza formala edo ez formalerako sarbidea ematea, ikasketa goiztiarra barne; 1,7 milioi pertsonari eskuzko diru laguntzak ematea; edota gatazka eta hondamendi arriskuan dauden edo kaltetutako 49 milioi heldu eta haur inplikatzea, garapenerako eta komunitateen parte-hartzearen komunikazioaren bidez.

Gatazka edo hondamendi bat gertatzen denean, haurrak izan ohi dira lehenbiziz sufrimendua pairatzen dutenak eta gehien sufritzen dutenak, epe labur baita luzean ere. Mundu mailan gertatzen ari diren muturreko fenomeno klimatikoek ere krisi asko areagotu eta haur askoren egoera larritu dute: 500 milioi haur baino gehiago bizi dira uholdeak oso ohikoak diren zonaldeetan eta ia 160 milioi haur bizi dira lehorteak dauden tokietan, esate baterako. Haur eta nerabe guzti horien etorkizuna salbatzeko erronka daukagu begien aurrean. Lorpen asko izan dira 2019.urtean baina ez dugu inor atzean utzi nahi eta zifrak zerora murriztu arte lanean jarraitzeko nahia daukagu UNICEFen. Krisiak jota dauden haur eta nerabeek euren eskubideak bermatu eta babesteko neurri konkretuak eskatzen dituzte. Euren eskariari erantzuna emateko eginkizuna daukagu 2020an.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.