Euskadi gizarte garatuenen artean aurkitzen da

Euskadi munduko gizarterik garatuenen artean aurkitzen omen da. Zehazki, eta Eustatek kalkulatu dituen datuen arabera, herrialde garatuenen sailkapenean 11. eta 12. postuen artean aurkituko litzateke Giza Garapenaren Indizean 0,92 punturekin.

Estatistikaren Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko GGIa kalkulatu du 2010-2018 aldirako Nazio Batuen Garapen Programaren (PNUD) metodologia jarraituz. Aurreko urtearekin alderatuta, Euskadik gora egiten du sailkapenean (bi postu) eta lortutako indizean.

PNUDek argitaratu duen azken txostenean, non 2018. urteko datuak jasotzen diren, 189 herrialderen mundu-sailkapena zehazten da, bizi-baldintzen arabera antolatuta. Azterketak GGI bat esleitzen die horietako bakoitzari (0tik 1erako eskalan), jaiotzerakoan den bizi-itxaropenaren, eskola-adinean diren haurren eskolatze-urteen itxaropenaren, 25 urte edo gehiagoko helduen batez besteko eskolatze-urteen eta per capita errenta nazional gordinaren arabera.  Giza garapenaren Indizea lau mailatan banatzen da: giza garapen baxua (0-,55), giza garapen ertaina (0,56-0,7), giza garapen altua (0,71-0,8) eta giza garapen oso altua (0,81-1).

Giza Garapen Indize baxua duten herrialdeek garatu gabeko sistema ekonomikoak dituzte eta pobrezia orokortuta dago bertako biztanleen artean. Ondorioz, hezkuntza-maila eskasa izaten da eta bizi-itxaropena ere askoz baxuagoa izaten da.

Indize horrek euskal gizartea munduko gizarterik garatuenen artean kokatzen du, Norvegia, Suitza, Irlanda, Alemania, Hong Kong, Australia, Islandia, Suedia, Singapur, Herbehereak eta Danimarkaren atzetik. 

Espainia sailkapen horren 25. postuan aurkituko litzateke 0,893ko indizearekin. GGIrik baxuena duen eta herrialde guztien sailkapenaren azken postuan Niger aurkitzen da 0,377ko indizearekin.

Bizi-itxaropen handiagoa

2010-2018 aldian Euskadiko GGIren alderdi guztiek gora egin dute. Adibidez, bizi-itxaropena 82,4 urtetik 83,6 urtetara pasatu da. Une honetan bizi-itxaropen altuena duen laugarren herrialdea izango litzateke, Hong Kongen (84,7) eta Japoniaren (84,5) atzetik eta Suitzarekin (83,6) berdinduta.

Antzeko zerbait gertatu da itxarondako eskolatze-urteen adierazlearekin. Euskadiren kasuan 18,1 urtetik 18,7 urtetara pasatu da. Datu horrekin, munduko herrialderik aurreratuenekin batera kokatzen da, zehazki, bederatzigarren postuan, Australia (22,1), Belgika (19,7), Finlandia (19,3), Islandia (19,2), Danimarka (19,1) eta Zeelanda Berria, Suedia eta Irlanda (hirurak 18,8).

Batez besteko eskolatzeari dagokionez, aipatu aldian 10,2tik 11,1era pasatu den arren, sailkapenean beste 50 herrialde ditu aurretik. Sailkapen horren buruan Alemania (14,1 urte), Amerikako Estatu Batuak (13,4) eta Kanada (13,3) aurkitzen dira.

Per capita errenta nazional gordinak ere gora egin du Euskadin 2010etik 2018ra bitartean. Aipatu epe horretan biztanle bakoitzeko errenta 43.207 dolarretik 47.633 dolarrera igo da. Atal horretan, Euskadi sailkapenaren buru diren Qatar (110.489 $) edo Norvegiatik (68.059 $) urrun aurkitzen da, baina Islandia (47.566 $) edo Alemania (46.946 $) bezalako herrialdeen aurretik.

[table id=2 /]

Alderaketa aurreko urtearekin egiten bada, hots, 2017. urtearekin, GGI osatzen duten lau osagaietatik hirutan eman da hobekuntza: bizi-itxaropena (83,5 eta 83,6), batez beste eskolan ematen diren urteak (11,0 eta 11,1) eta per capita errenta nazional gordina (46.248 $ eta 47.633 $). Ostera, espero daitezkeen eskolatze urteen kasuan atzerapena eman da, 18,8tik 18,7ra, nahiz eta aldea soilik bost ehunenekoa izan.

Munduko herrialderik okerrenak bizitzeko 

Gaur egun, 59 herrialde aurkitzen dira Giza Garapen Indize oso altua duten herrialdeen multzoan. Horietan kalitatezko hezkuntza sistema publikoa, osasun-laguntza, ekonomia indartsuak, bizi-itxaropen altuak eta gobernu egonkorrak dira ezaugarri komunak.

Giza Garapen Indize altua duten herrialdeek (071-0,80) antzeko ezaugarriak dituzte, baina kasu horretan, normalean, per capita errenta edo bizi-itxaropen baxuagoak izaten dituzte. Multzo horretan diren herrialdeak, adibidez, garapen bidean diren Mexiko, Iran, Turkia eta Costa Rica bezalako herrialdeak aurkitzen dira.

Giza Garapen Indize baxua duten herrialdeek (0,55tik beherako indizearekin) garatu gabeko sistema ekonomikoak dituzte eta pobrezia orokortuta dago bertako biztanleen artean. Ondorioz, hezkuntza-maila eskasa izaten da eta bizi-itxaropena ere askoz baxuagoa izaten da.

PNUDek ezagutzera eman duen sailkapenaren arabera, Niger, Afrika Erdiko Errepublika, Txad, Hego Sudan eta Burundi dira garapen-mailarik baxuenak dituzten herrialdeak.

Datu horien arabera, Niger izango litzateke bizitzeko herrialderik okerrena. Saharaz hegoaldeko herrialde horretan 22,4 milioi biztanle bizi dira eta 0,354ko GGI du. Bertako biztanleriaren % 44,1 pobrezia-atalasearen azpitik bizi da, baina, hala ere, munduko jaiotze-tasarik altuena du (7,4).

Niger ere gatazkaz josita dago, batez ere bere mugen inguruan, non talde armatuek zibilei eta segurtasun-indarrei behin eta berriz erasotzen dieten.

Sailkapenaren behealdean diren beste herrialdeetan antzeko egoeran bizi dira: pobrezia, osasun arazoak, hezkuntza maila oso baxua edo haur langileak.

Afrika Erdiko Errepublikan, adibidez, une honetan gerra zibil baten erdian dira eta Hego Sudanen eta Burundin ere gatazka armatuak pairatzen dituzte. Hori gutxi balitz, lehorteak, gaixotasunen ugaritzea, analfabetismoa edo osasun-baliabide eskasia bezalako arazoei ere aurre egin behar diete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.