Apustu-etxeak jomugan

1985an, Anjel Lertxundi idazleak euskaraz grabatu zen lehen filmetako bat zuzendu zuen: Hamaseigarrenean aidanez. Filma bi urte lehenago Lertxundik berak idatzitako liburuan oinarritzen zen eta, horri esker, idazle oriotarrak Kritikaren Saria jaso zuen. Bertan, Domingo izeneko gizon baten bizitza kontatzen zitzaigun. Domingok joko etengabetzat hartzen du bizitza, eta apustuekiko duen obsesioa azken muturreraino eramateko joera du. Eleberria, José Manuel Ibar, Urtain, boxeolariaren aitaren inguruan esaten ziren kondairetan oinarritzen da.

Izan ere, jokoa eta apustuak oso errotuta daude Euskal Herriko kulturan eta ohituretan. Hor dugu, adibidez, herri kirolen eta apustuen arteko harreman zuzena. Xabier Zaldua Gurrutxazpi aizkolariak azaltzen duen moduan, “apustua herri kirolen oinarria da. Antzina, mendian desafioa bota eta erronka plazara eramaten zen. Hori da tradizioa”.

Ez da harritzekoa, beraz, apustu-etxeek Euskal Herrian negozioa egiteko eremu egokia aurkitzea. CEJUEGO-Consejo Empresarial del Juegoren 2019ko Urtekariaren arabera, 2018. urtean, Euskadi izan zen jokalari bakoitzeko gastu handiena izan zuen autonomia-erkidegoa. Batez beste, jokalari bakoitzak 22,35 euro gastatu zituen kontrapartidako kirol-apustuetan, hots, egiten diren unearen arabera sari ezberdina ematen duten horietan, hain zuzen ere. Herrialdeka, Araban jokalari bakoitzak, batez beste, 23,38 euro gastatu zituen; Bizkaian, 21,68; eta, Gipuzkoan, 38,93. Nafarroan jokalari bakoitzak 20,58 euro gastatu zituen. Estatuan, batez beste gastatzen den kopurua 8,10 euro dira. Aipatu kopuru horien benetako dimentsioa ulertzeko urte bakar batean apustuetan mugitu zen kopuru osoa ezagutu behar da. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan 48.553.019 euro jokatu ziren apustuetan (33,7 modu presentzialean eta 14,8 online). Nafarroan, berriz, 13.298.637 euro jokatu ziren, (10,5 modu presentzialean eta 2,7 Internet bidez). Herrialdeka , Araban 7.600.590 euro jokatu ziren (5,5 lokaletan eta 2,06 online); Bizkaian, 24.605.496 euro (17,4 modu presentzialean eta 7,1 online); eta, Gipuzkoan, 16.346.933 euro (10,7 aurrez aurre eta 5,6 Internet bidez).

Jokoa eta apustuak oso errotuta daude Euskal Herriko kulturan eta ohituretan. Hor dugu, adibidez, herri kirolen eta apustuen arteko harreman zuzena. “Antzina, mendian desafioa bota eta erronka plazara eramaten zen. Hori da tradizioa”. (Xabier Zaldua ‘Gurrutxazpi’, aizkolaria).

Gizonak eta 35 urtetik beherako gazteak

CEJUEGOren Urtekariak agerian uzten duenez, Estatu mailan, 18 eta 75 urte bitarteko biztanleen % 4,2k apusturen bat egin du apustu-etxeetan 2018. urtean zehar. Espainian den biztanleria aintzat hartuta, 1,5 milioi pertsonak egin zuten apusturen bat. Eta apustulariaren profila nahikoa garbia da: gizon gazteak, 35 urtetik beherakoak eta maila sozial guztietakoak.

Dena den, jokoari eta apustuei dagokienez, Euskadin, loteriak eta kinielak dira nagusi oraindik. Astero, euskal biztanleriaren laurden bat inguruk parte hartzen du horrelako zozketetan.

2017. urtean Eusko Jaurlaritzak egin zuen Adikzioei buruzko inkestaren arabera, euskal biztanleen % 26k astero parte hartzen du loteria mota ezberdinetan edo apustuetan. Arrakasta gehien duten jokoak, alde nabarmenarekin, loteria, kiniela, loteria primitiboa, Bono-Loto eta antzekoak dira (% 24,3). Asteroko maiztasun hori hiru puntutan hazi da 2012. urteaz geroztik. Gainera, hamar euskaldunetatik zazpik esan du azken hamabi hilabeteetan loterian jokatu duela, duela bost urte baino %15 gehiago. Eta kirol-apustuetan ematen den parte-hartzea txikia den arren, adikzioei buruzko inkestak erakusten du Euskadiko biztanleen % 7,3k dirua gastatu zuela horrelako apustuetan azken urtean. Aurreko urteetako datuekin alderatuta, joera nabarmena da eta gero eta diru gehiago gastatzen da. Kirol-apustuak egin zituzten pertsonen ehunekoa 6 puntutan hazi zen, bai eta astero kirol lehiaketetan apustuak egiten dituzten pertsonen kopurua ere. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik azpimarratu dutenez, datu horietatik guztietatik, kezkagarriena mutil gazteen (15 eta 34 urte bitartekoak) nagusitasuna da, horiek baitira horrelako jokoetara gehien jotzen dutenak.

Ortzadar Fundazioko mendekotasunei aurrea hartzeko programen koordinatzaile Estibaliz Ansotegik azaltzen duenez, kirol-apustuek eta online jokoek nerabeen artean duten arrakasta, nagusiki, joko horien izaera beraren ondorioa da.

Berehalako mendekotasuna

Sarien berehalakotasuna, diru-kopuru handirik behar ez izatea, apustuak aldatzeko aukera izatea, munduko edozein lekutako pertsonekin jolasteko aukera izatea, hainbat mahaitan aldi berean jokatzeko aukera izatea, anonimotasuna eta urteko 365 egunetan 24 orduz jokatzeko aukera izatea dira joko horien eragingarri nagusiak. Horregatik, “oso erakargarriak dira hainbat pertsonentzat eta mendekotasuna garatzeko aukera ematen dute ohiko jokoek baino askoz ere modu azkarragoan” azpimarratzen du Ansotegik. 

Euskadin ludopatiak 43.000 pertsona ingururi eragiten die: adingabeak, gazteak, helduak eta adinekoak. Mendekotasunak dirua, lana eta harreman pertsonalak galtzera bultzatzen ditu pertsona horiek guztiak.

Joko-lizentzia gehiagorik ez 

Apustu etxeei mugak jarri nahian, Eusko Jaurlaritzak erabaki du, hil honetan bertan, ez duela lizentzia berririk emango sektorearen arauketa aldatu arte. Prozesu hori bederatzi hilabetez luza liteke. Une honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan 205 joko-areto eta 34 apustu-lokal daude eta horiei guztiei bingo ezberdinen 5.000 plaza gehitu behar zaizkie.

Erabaki horrek ez die eragiten jada  baimena lortu duten eta laster abian jar daitezkeen zazpi lokalei, bost joko-aretori eta bi bingori, baina inflexio puntu bat izan daiteke ludopatiaren esparruan lan egiten duten erakundeen artean alarma guztiak piztu dituen jarduera batean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburu Estefanía Beltrán de Herediak azaldu duenez, araudiaren berrikuspenaren xedea da “gazteen eta nerabeen artean jokoaren erabilera desegokiaren arriskuak murriztea eta, ahal den neurrian, mendekotasun-arazoak saihestea”.

Zehazki, aipatu lokal horietan sartzeko kontrolen hobekuntza aztertu eta joko-aretoen eta ikastetxeen artean den distantzia errebisatuko da. Aldi berean, administrazio publiko ezberdinen arteko koordinazioa hobetu nahi da, besteak beste, kolektibo zaurgarrienak babesteko.

Iazko irailera arte, 16 adingabe identifikatu ziren Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak joko- eta apustu-lokaletan adingabeen presentzia kontrolatzeko egindako 1.073 kontroletan. Ikuskapen horietan, hamabi akta egin ziren, bertan egoteagatik edo jokatzeagatik. Bizkaian hamar adingabe identifikatu ziren; Gipuzkoan, hiru; eta, Araban, beste hiru. 

Bestalde, jada abian diren aretoetan berritze lanak egitea eragotzi egingo da horiek azalera handitzeko balio badute. Gainera, ez dira joko-makinak ustiatzeko baimen berriak emango. Ildo horretan, kontuan izan behar da azken urteetan horrelako makinak dituzten tabernen kopuruak behera egin duela. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako 8.000 makina inguru daude; eta joko-aretoetan, berriz, beste 2.500 gehiago.

Ludopatia elkarteek gazteen artean menpekotasun kasuek gora egiten dutela diote eta laster epidemia ere bilaka daitekeela ohartarazten dute. Horregatik, joko-aretoen kopurua eta online-jokoa mugatzeko beharra aldarrikatzen dute. Horrekin batera, kirolaren eta komunikazioaren aurpegirik ezagunenak protagonista duten apustuen iragarkiak arautzea ere eskatzen dute.

Eta informazio gisa, Euskal Herrian gizonezkoen zazpi talde daude futbol eta saskibaloi liga gorenetan jolasten. Horietatik, guztiak, bat izan ezik, apustu-etxeak dituzte babesle nagusi edo bigarren mailako babesle gisa. 2018ko abenduan, Errealeko bazkide eta akziodunek uko egin zioten Donostiako kluba apustu-etxe bati ekonomikoki lotzeari.

Ikusteko dago Eusko Jaurlaritzaren araudi berriak Euskal Herrian hain errotuta dagoen mendekotasun-portaera hori mugatzea lortzen duen, edo Domingo bezala euskaldunek etengabe apustu egiten jarraituko dugun.

Spoiler: Hamaseigarrenean aidanez liburuan, Domingok apustu egiten du taberna bateko barra baten aurrean etzanda jarri eta lagun gazte batek barra gainetik sabel gainera salto egingo diola hainbat bider. Hamaseigarrenean ordea, leher egiten du eta bertan hilda geratzen da.

[table id=3 /]
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.