Etxebizitzaren alokairu gaztea sustatzen duen Emanzipa programak 31 urtera luzatu du adin muga

Pasa den urtearen hasieran, eta gazteen emantzipazioa sustatzeko, Nafarroako Gobernuak Emanzipa izeneko programa jarri zuen abian. Funtsean, programa horrek etxebizitzak alokatzeko laguntzak eskaintzen dizkie gazteei eta urtebete eskasean 2.000 onuradun inguru izan ditu. Zehazki, Emanzipa programaren bitartez, etxebizitzaren errentamendua ordaintzetik dagokien kenkari fiskalaren hileko aurrerakina ematen zaie onuradunei.

Programaren eraginkortasuna hobetzeko, Gobernuak bi hobekuntza egin dizkio hasierako egitasmoari. Alde batetik, bertan part hartu ahal duten gazteen adina 30 urtetik 31 urtera luzatu da eta, bestetik, irisgarritasuna hobetuko da arretarako telefono bat eta pertsonalizatutako aholkularitza gehituz. Horrela, programa eraberritua 23 eta 31 urte bitarteko adina duten gazte emantzipatuei edo emantzipatu nahian dabiltzanei zuzenduta dago.

Prestazioak eskuratzeko, gutxienez 3.000 euroko sarrerak eta gehienez 20.000 eurokoak (zerga oinarriaren zati orokorra gehi salbuetsitako errentak) izatea egiaztatu behar da pertsona baten kasuan; edo 30.000 eurokoak bi kideko edo kide gehiagoko familia-unitateen kasuan.

Alokatutako etxebizitzaren errenta gehienez 650 eurokoa izango da, eta aurrerakin moduan errentaren % 50 ordainduko da; hau da, hilean gehienez 250 euro. Ordainketa hiru hiletik behin egingo da.

Lehen urtea datuetan

Programak urtebeteko funtzionamendua du eta jasotako datuen arabera, arrakastatsutzat jo daiteke. Iaz, 2.590 eskaera egin ziren, eta horietatik 1.964 eskaera onartu. Nafarroako Gobernuak emandako hileko batez besteko zenbatekoa 344.458,61 eurokoa da.

Laguntzak lortutakoen % 60,2 emakumeak dira (1.183). Eskaera egindakoen batez besteko diru-sarrerak urtean 12.942,41 eurokoak dira. Parte-hartzaileen batez besteko adina, berriz, 27,08 urtekoa da. Alokairuaren zenbatekoari dagokionean, batez beste 503,78 euroko errenta ordaintzen dute, eta onuradunen % 50ak jasotzen duen prestazio arruntena hilean 100 eta 200 euro artekoa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.