Belaunaldiarteko proiektuen onurak

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak hamaika urte darama gazteon aldeko lanetan, gazte elkarteen arteko saretzea sustatzen eta ahalbidetzen. Argi dugu egiten dugun lanak, gazteoi zuzenduta egoteaz gain, gizartean eragiten duela. Hori dela eta, egiten dugun saretzea ez da gazteen espazioetan geratzen soilik, haratago doa, beste hainbat eragile eta kolektiborekin aritzen gara lanean. 

Ibilbide honetan hainbat behar identifikatu ditugu, horietako batzuk gizartean partekatuak. Hori dela eta, duela aste batzuk BBK Sasoiko hitzaldietan parte hartzeko aukera izan genuen. Proiektu horretan, belaunaldien arteko praktikak ezagutzera eman ziren mahai-inguru eta txosten ezberdinen bitartez. Helburua egun EAEn zein kanpoko herrialdeetan zein motatako lanak egiten ari diren identifikatzea zen, ostean horiek abiapuntu izanda proiektu eta ekimen berriak sortzeko.

Horretarako, noski, elkarlana ezinbestekoa da. Nola sortuko da belaunaldiarteko proiektu bat gazteon ahotsa entzun gabe? Ezinbestekoa da gazteon ahotsa adineko pertsonen ahotsarekin batera elkartzea komuneko proiektuak abiatzerakoan. Soilik bi taldeoi parte hartzeko aukera emanda erdietsiko baitute ekimenek helburua. Aipatutako jardunaldian EGKtik garatutako hainbat proposamen eta esku artean izandako proiektuak plazaratu genituen.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan bi lan ildo nagusi aztertu dira belaunaldien arteko gaia jorratzeko: batetik memoria historikoa osatzeko belaunaldien arteko elkarrizketen garrantzia azpimarratu da; eta, bestetik, emantzipatzeko arazoari erantzuteko modu bezala belaunaldi arteko elkarbizitza eredua aztertu da.

Gizarte orotan belaunaldi arteko elkarrizketa ezinbestekoa da eta Euskadiren kasua ez da bestelakoa. Bakean eta bizikidetzan oinarritutako gizartea eraikitzeko funtsezkoa da gertatutakoaren berri izatea, soilik horrela saihestuko baitira akatsak, errepikatuko ez direla bermatuz. Bide horretan, eremu pribatu zein publikoan, espazio seguruak eraiki behar dira gazte eta nagusiek gertatutakoaren gainean hitz egiteko. Antolatutako ekitaldietan isiltasuna eta absentzia maiz plazaratu dira, gaiari buruz hitz egitea saihestu egin dela. Memoria historikoa eraikitzeko ezinbestekoa ikusten dugu belaunaldien arteko elkarrizketak sustatzea.

Hala ere, esan bezala, nagusiekin harremana ez da horretara soilik mugatu behar. Gizartearen parte aktibo dira pentsioen aldeko mobilizazioetan erakutsi duten bezala eta beste hainbat gaietan paper garrantzitsua izan dezakete. Esaterako, egun gazteok emantzipatzeko ditugun arazoei irtenbidea emateko. EAEko datuen arabera gazteon emantzipazio tasa 30 urtetan dago. Baina ez gara etxebizitzan arazoak ditugun bakarrak, adineko pertsonek ere arazoak dituzte. Bakardadeari aurre egitea zaila da askotan etxebizitzaren egokitasunak direla eta. Bi arazo hauek ezagututa belaunaldien arteko etxebizitza ereduak sortzen hasi dira. 

Alde batetik, UPV/EHUk Arabako campusean bultzatzen duen programa. Horren bitartez ikasturtean zehar ikasleak adineko pertsonekin alojatzen dira eta, horren ordainetan, ikasleak laguntza eta laguntasuna eskaintzen dio eguneroko zeregin arinetan.

Bestetik, Usurbilgo Udalak eta Hiritik At kooperatibak garatutako Txirikorda proiektuarekin belaunaldi arteko 16 etxebizitza publiko komunitario sortu dituzte. Horrekin gazte eta adineko pertsonek espazio komunak zein pribatuak dituzte, prozesu parte-hartzaile baten bitartez diseinatuak gainera. Hau da, eurek adostu dituzte erabiltzaileen betebeharrak eta eskubideak, bai eta zertarako erabiliko diren espazio komunak ere.

Aztertutako bi ildo horiek elkarlanaren hasiera baino ez dira, bi adibide. Gazteok gure espazioak behar ditugu, elkarrekin lan egiteko, saretzeko eta indarrak batzeko baina ezin dugu lan egin gure zilborrari begira. Gizartearen parte gara, oso anitza den gizarte baten parte. 

Sareak jostea ezinbestekoa da, are gehiago belaunaldi arteko ekimenak behar askoren erantzuna izan daitezkeenean. Bai gazteon zein adinekoen edo gizartearen beharrak.

Maialen Olabe
EGKko presidentea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.