Euskararen aldeko kontzientzia bai, baina erabilera gutxi

UPV/EHUko DREAM ikerketa-taldeko Eider Saragueta ikertzaileak Bizkaiko herri bateko D ereduko eskola bateko ikasgela baten jarraipena egin du Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan bertan ziren ikasleen portaera linguistikoak sakon aztertzeko. Bi urteko ikerketa horretan, Saraguetak ikasleen hizkuntza-ohiturak aztertzeaz gain, nagusiki, euskararen erabilera, ikasleen identitatea ere aztertu du, arreta berezia jarriz ikasleek zekizkiten hizkuntzek haien identitatean zuten eraginean.

Ikertzaileak azaldu duenez, desoreka handia aurkitu du “euskararen erabileraren eta euskararen alde den kontzientziaren artean. Horrela, ikasle gehienek euskara hizkuntza gutxitu bat dela jakin arren ez zuten euskaraz egiten”.

Identitateari dagokionez, askok soilik euskaldun gisa identifikatzen baziren ere, beste batzuk identitate malguagoak azaldu dituztela azpimarratu du Saraguetak. Ikertzailearen ustez, “oso baliagarria eta interesgarria” da eleaniztasuna bultzatzea eta erabiltzea hezkuntzan, “baina garbi izanda euskarak izan behar duela ardatza, eta erdigunea, eta espazioak sortu behar direla euskara babesteko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.