Euskal Herrian diren pisu turistikoen erradiografia

Hamar urte eskasetan, Airbnb mundu-mailako fenomenoa bilakatu da. Hasiera batean, alokatzeko ohe libre bat zuten horiei diru-sarrera gehigarriak lortzeko ideia gisa sortu zena denborarekin plataforma bilakatu da, eta 220 herrialdetako 100.000 hiritan baino gehiagotan 7 milioi ostatu eskaintzen ditu. Airbnb berak egin dituen kalkuluen arabera, 500 milioi pertsonak baino gehiagok kontratatu dituzte euren zerbitzuak eta, gauero, 2 milioi pertsonak baino gehiagok hartzen dute ostatu plataformak eskainitako zerbitzuaren bidez. Enpresaren balioa 35.000 milioi dolar ingurukoa dela jotzen da eta burtsara aterako balitz Wall Streeteko ostalaritza-industria tradizionaleko korporazio handiekin bat egingo luke.

Zalantzarik gabe, Airbnb-k, kostu txikiko airelineekin batera, turismoa demokratizatu du, eta partikular, negozio eta hiri askok onura atera diote bidaiari-hazkunde substantzial horri. Baina atari edo plataforma horren errealitateak, gaur egun, ez du bere hasierako helburuarekin zerikusi handirik. Izan ere, atarian sartzen bagara, gero eta gehiago dira alokairuan eskaintzen diren pisu edo etxe osoak eta horrek ez du bat egiten anfitrioiak, logela partekatua edo banakakoa eskainiz, aparteko diru pixka bat lortzeko hasierako asmoarekin. 

Horrela, plataformak eragin handia izan du alokairuen prezioan izan den hazkundean eta, horren ondorioz, hiriguneetan bizi ziren biztanleek hirietako kanpoaldetara joan behar izan dute, espekulazioa sustatu da eta eragozpenak, kexak eta gatazkak sortu dira bizilagunen artean, turista askok errespeturik gabe jokatzen dutelako.

Turistifikazioaren eragina gehien pairatu duten hirietan, oporretarako alokairuko etxebizitzak hainbat auzoetako nortasunarekin amaitzen ari dira, alokairuen prezioak izugarri hazi dira (hainbat kasutan bikoitza baino gehiago) eta ohiko etxebizitzen jabeek beren etxeak saldu nahi dituztenean erosle bakarrak espekulazio-asmoak dituzten inbertsoreak direla ikusten dute.

Europako hamar bat hirik oporretako alokairuak arautzea eskatu diote Europar Batasunari alokairu eredu horrek hirien fisionomia eta bizitza larriki kaltetzen dituelako.

Ondorio horiek guztiak gelditzeko, Europako hamar bat hirik oporretako alokairuak arautzea eskatu diote Europar Batasunari alokairu eredu horrek hirien fisionomia eta bizitza larriki kaltetzen dituelako.

Funtsean, Europar Batasunari eskatzen zaiona da higiezin-merkatua eraldatu eta oso intentsiboa den turismoa errazten duten Airbnb bezalako enpresen jardueraren kontrola toki-erakundeei uztea.

Oporretako pisuak Euskadin

Duela zenbait urtera arte Euskadi lehen-mailako helburu turistikoa izan ez den arren, oporretako pisuen ugaritzea jada errealitate bat da. Jarduera hori arautzeko, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroaren (REATE/ETEJE) dekretua kaleratu zuen pasa den urteko uztailean. Arau horrek Euskadiko turismo-enpresen eta -ostatuen tipologia desberdinak zabaltzen ditu.

Dekretu horretan, Interneteko plataformen bidez orokortu diren pisuen eta logelen alokairua sartzen da. Arau berriak helburu turistikoak dituzten ostatuak erregistro berri batean inskribatzera behartzen ditu, eta horrela egin ezean, 100.000 eurora arteko isuna ezarri ahal izango zaie.

Euskal Autonomia Erkidegoan diren etxebizitza eta gela turistikoen kopurua, 2020ko otsaileko datuen arabera, 3.706koa da; horietatik, 2.236 hiru hiriburuetan aurkitzen dira eta 1.470 beste udalerrietan.

Garbi dago apartamentu turistikoen eskaera etengabe hazten ari dela eta, zentzu horretan, Euskadi ez da salbuespena. Zehazki, eta Eustatek urtarrilean emandako datuen arabera, Euskadin diren horrelako ostatuek 4.288 bidaiari hartu zituzten, aurreko urteko urtarrilean baino % 32,8 gehiago. Gipuzkoaren kasuan, sarrerak % 61,8an hazi ziren, Bizkaian % 26,3 eta Araban, berriz, jaitsiera arina izan zen (-% 0,2).

2020ko urtarrilean apartamentu turistikoetan erregistratu ziren ostatu-gauen kopurua 17.442koa izan zen; hau da, aurreko urteko urtarrilarekin alderatuta % 4,7ko beherakada izan da. Beherakada bakarra Araban izan da (-% 15,4) eta Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, ostatu-gauen kopurua hazi da, % 1,3 eta % 2,0, hurrenez hurren. 

Euskal Autonomia Erkidegoan diren etxebizitza eta gela turistikoen kopurua, 2020ko otsaileko datuen arabera, 3.706koa da; horietatik, 2.236 hiru hiriburuetan aurkitzen dira eta 1.470 beste udalerrietan.

2020ko urtarrileko batez besteko egonaldiaren iraupena 4,07 egunekoa izan zen. Kopuru hori 2019ko urtarrilean izandako batezbestekoaren azpitik legoke (5,67 egun). Kasu horretan ere Araba da daturik okerrena izan duena: iazko 13,66 egunetatik aurtengo 11,58 egunetara pasatu da. Bizkaian ere beherakada izan da, 3,59 egunetatik 2,88 egunetara eta Gipuzkoan, berriz, egonaldien batez besteko iraupena iazko 3,37 egunetatik aurtengo 5,35 egunetara igo da. 

Hazkunde nabarmena Nafarroan

Bistan denez, Nafarroa, eta bereziki Iruñea eta bere Alde Zaharra, ez da fenomeno horretatik kanpo geratu den lurraldea. 

Iruñeko Bizitzeko Alde Zaharra plataformaren kalkuluen arabera, Alde Zaharrean pisu turistiko bat dago 5,4 biztanleko. Hiriko beste auzoetan, berriz, batez besteko kopurua da pisu bat 38 biztanleko. Epe motzeko oporretako alokairuak aztertzen dituen AirDNA atariak azaltzen duenez, Iruñean 441 pisu edo apartamentu turistiko daude.

Nafarroako Turismo Behatokiaren arabera, aurtengo urtarrilean, 3.995 bidaiarik igaro zuten gaua apartamentu turistikoren batean, hau da, Foru Erkidegoko ostatu turistikoen eskaintza osoaren % 7. Kopuru hori oso esanguratsua ez dirudien arren, kontuan hartu behar da eredu horretako ostatuek 2019ko urtarrilean baino % 127,2 bidaiari gehiago izan dituztela.

Aipatu 3.995 bidaiari horiek, guztira, 13.396 ostatu-gau egin zituzten (iaz baino % 86,7 gehiago) eta egonaldien batez besteko iraupena 3,4 egunetakoa izan da, Nafarroako hotelek (1,8) edo landa-turismoko ostatuek (2,8) dutena baino askoz luzeagoa. Joan den urtarrilean, apartamentu horien okupazio-maila % 40,14koa izan zen (duela urtebete baino % 59,0 gehiago), eta hotelena (% 36,54), landa-turismoarena (% 9,71), kanpinena (% 34,02) eta aterpetxeena (% 9,54) baino handiagoa. 

Apartamentu turistikoen bezeroen eta horiek egiten dituzten ostatu-gauen kopuruaren hazkundea “ikusgarria” izan dela aitortu du Nafarroako Turismo Behatokiak.

Ipar Euskal Herrian, ia 10.000 apartamentu turistiko

Hego Euskal Herrian apartamentu turistikoen hazkundeak gora egin badu, Ipar Euskal Herrian fenomeno hori beste dimentsio batean dagoela azpimarratu behar da. Izan ere, lurralde horretan eskaintzan diren apartamentu turistikoen kopurua 10.000 ingurukoa izan daitekeela kalkulatzen da. Horietatik, ia gehienak, Hendaia eta Baiona artean den kostaldean biltzen dira.

Horrela, AirDNA atariak jasotako datuen arabera, Hendaian mota horretako 763 pisu daude, Urruñan 345, Ziburun 545, Donibane Lohizunen 1.207, Getarian 197, Bidarten 570, Miarritzen 2.889, Angleten 570 eta Baionan 705. Hau da, 180.000 biztanle baino gutxiago dituen eskualde batean 8.523 apartamentu turistiko daude.

Ipar Euskal Herrian eskaintzan diren apartamentu turistikoen kopurua 10.000 ingurukoa izan daitekeela kalkulatzen da. Horietatik, ia gehienak Hendaia  eta Baiona artean den kostaldean biltzen dira.

Iparraldean apartamentu turistikoen fenomenoak duen dimentsioa ulertzeko, Donostian bizi den egoerarekin aldera daiteke. Donostiak 187.415 biztanle ditu eta, gutxi gora behera, Euskal Autonomia Erkidegoan diren oporretako alokairuen erdia biltzen ditu. Bada, Donostian horrelako 1.329 ostatu daude.

Ez da harritzekoa, beraz, Ipar Euskal Herriko biztanleentzat etxebizitza izatea kezka nagusietako bat, kostaldeko udalerri horietako etxebizitzen ia erdia udako etxeak baitira. Gainera, metro karratuaren prezioa ere nabarmen hazi da. Horrela, Arkadia atariaren arabera, Baionan, batez besteko prezioa 3.000 eta 3.400 euro bitartean kokatu da, Angleten 4.200 eta 4.800 bitartean eta Miarritzen 6.000 eta 7.000 bitartean.

Goranzko joera horrekin eta hiri garrantzitsuenak eta enpresa gehienak biltzen dituen kostaldean etxebizitza gutxi daudenez, asko dira, bereziki gazteak, barnealdeko udalerrietara lekualdatu behar izan duten pertsonak eta, ondorioz, hor ere etxebizitzen prezioek ere gora egiten dute.