Konfinamenduan dauden milioi erdi ikasleren jarduera fisikoa aztergai

Estatuko hamasei unibertsitatek osatzen duten Ariketa Fisikoaren eta Osasunaren Sareak (EXERNET) konfinamenduan diren milioi erdi ikasleren ariketa fisikoan izandako aldaketak eta osasun parametroen eta bizi kalitatearen aldaketen baldintzatzaileak aztertuko ditu. Ikasle horien artean UPV/EHUko hainbat ikasle izango dira; izan ere, euskal unibertsitate publikoko AgeingOn taldea da EXERNETeko buru. Azterketa ikasleei bidaliko zaien online galdetegi baten bidez gauzatuko da. 

Azterlana hiru fasetan banatuko dela azaldu dute. Lehen fasean, konfinamenduaren aurreko eta konfinamendu garaiko jarduera fisikoa alderatuko da. Behin konfinamendua amaituta beste bi faseri ekingo zaie; bata konfinamendua amaitu eta hilabetera eta bestea sei hilabetetara. Xedea da lehen fasean lortutako datu horiekin guztiekin efektu kaltegarri posibleak leheneratzeko eta konfinamenduak eragin dituen ohitura onuragarri posibleei eusteko estrategiak proposatzea.

AgeingOn-eko ikerlari nagusi Jon Irazustak azaldu duenez, “azterlan hau parekorik gabeko ikerlana da nazioartean, bai ziurgabetasun aldi honetan unibertsitate-ikasleek dituzten ezaugarri eta egoeragatik, bai konfinamenduaren baldintzak gogorragoak izan direlako Estatuan munduko beste herrialde gehienetan baino, jarduera fisikoa egiteari dagokionez”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.