Ohitura aldaketa etxean hasten da

Hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera handitzea helburu duen Euskaraldia egitasmoaren bigarren edizioa aurtengo udazkenean ospatzekoa da. 2018an ospatu zen lehen edizio arrakastatsuaren ostean, bigarren ediziorako antolatzaileek bi helburu nagusi planteatu zituzten: herritarren arteko hizkuntza ohituretan eragitea eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera hazteko neurriak bultzatzea.

Bigarren ediziorako bospasei hilabete falta badira ere, koronabirusaren ondorioz egun bizi dugun konfinamendua aproposa izan daiteke norberak dituen hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko. Hori da hain zuzen ere, Euskaraldiko antolatzaileek “Etxealditik Euskaraldira” ekimenarekin bilatu nahi dutena: hots, etxean eta etxetik ditugun harremanetan ditugun hizkuntza portaeren inguruan hausnatzea. Ekimena apirilaren 20an hasi eta maiatzaren 3ra arte luzatuko da. Bi aste horietan, goizero, Euskaraldiko sare sozialetan (Facebook, Instagram eta Twitter), Ahobizi zein Belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean (www.euskaraldia.eus) bideo labur eta mezu bidez emango dira Etxealditik Euskaraldira ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak. Horrela, lehenengo egunetan hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da eta, ondoren, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dira.

Egitasmoan parte hartzeko, nahikoa da ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzea #EtxealditikEuskaraldira traolarekin eta @euskaraldia aipamena eginez.

Gainera, etxeetako leiho eta balkoietan ere koloretako puntu bat jartzea eskatuko zaie partaide guztiei, ekimenean parte hartzen ari direla adieraz dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.