Artikoan zen ozono zulotzarra itxi da

Ozono geruza, gure planeta inguratzen duen gas geruza da eta eguzkiaren argi ultramoreak xurgatzen ditu. Ozono geruzak egiten duen babes funtzioari esker bizitza posible da gure planetan. Azken hamarkadetan, batez ere gizakiek sortutako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioen ondorioz, geruza horrek hainbat kalte jasan eta tamaina ezberdineko zuloak sortu dira.

Azkena, aurten bertan antzeman dute. Martxoaren amaieran, Monitorizazio Atmosferikoko Koperniko Zerbitzuko (CAMS) zientzialariek “aurrekaririk gabeko” zulo handi bat aurkitu zuten atmosferan, Artikoaren inguruan. Zulo hori aztertu ondoren, Europako Espazio Agentziak apirilaren hasieran azaldu zuenez, Ipar hemisferioan inoiz monitorizatu den zulorik handiena zen: milioi bat kilometro karratu inguru zituen (gutxi gora behera, Frantzia eta Espainiaren azalera).

Zorionez, zientzialariek egiaztatu ahal izan dutenez, bat-batean zabaldu zen zulotzarra ia abiadura berean itxi da. CAMSeko zientzialarien ustez, ozono-geruzan horrelako zulo baten bat-bateko agerpena Artikoan izan den ohiz kanpoko baldintza klimatikoen ondorioa zen. Baldintza horien eraginez, haize hotz indartsuez osatutako zurrunbilo polar bat sortu zen eta zurrunbilo horrek eragin omen zuen zuloa. Egunak aurrera egin ahala, aipatu zurrunbiloa bitan banatu zen eta ondorioz ozonoan aberatsa zen airea sartu zen. Azken apirilaren erdialdean Artikoan izan diren tenperatura altuek (20 gradu ingurukoak) ere zuloa ixten lagundu dute. Ildo horretan, azpimarratzekoa da 1880an tenperatura erregistroak hartzen hasi zirenetik aurtengo apirila inoiz erregistratu den hilabeterik beroena izan dela.

Ipar-poloan ozono zuloak antzematea gauza bitxia omen da. Esan bezala, gizakion jarduerak modu nabarmenean kaltetu du babesten gaituen ozono-geruza. Horren ondorioz, Antartikan hainbat urtez zabalik mantendu den zuloa dago. Nazioarteko Meteorologia Erakundearen (WMO) ustez, aipatu zuloa, gutxienez, 2050. urtera arte ezin izango da itxi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.