Bi krisiengatik baldintzatuak

25 eta 40 urte bitarteko gazteak oparotasun-garai batean hazi ziren eta ondoen eta gehien trebatu den belaunaldia osatzen dute, goi-mailako ikasketekin, hainbat hizkuntzen ezagutzarekin eta natibo digitalak. Baina lan-munduan barneratu behar ziren garaian lehertu zen krisi ekonomiko sakonak baldintzatu zuen gazte horien bizi-garapena.

Formakuntzak lan-munduan eta ekonomikoki garatzeko aukera emango ziela uste zuten gazteak dira eta, zenbait kasutan, sakrifizio handiak egin behar izan dituzte gradu bat edo gehiago ikasi ahal izateko.

Behin-behinekotasuna eta prekarietatea ezaugarri dituen belaunaldia da eta gauzak ondo doazenean mesfidati da, azken krisi horrek egiaztatu duenez, kontziente baita oso erraza dela langabezian edo prekarizazioan erortzea.

Espainiako Estatistika Institutu Nazionalaren (INE) datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2019. urtean, 25 eta 39 urte bitarteko 369.276 gazte bizi ziren (100.711, 25 eta 29 urte bitartekoak; 118.388, 30 eta 34  urte bitartekoak; eta, 150.177, 35 eta 39 urte bitartekoak). Nafarroan, berriz, aipatu adin tarteko 115.890 gazte bizi dira (32.905, 35 eta 29 urte bitartekoak; 36.686, 30 eta 34 urte bitartekoak; eta, 46.299, 35 eta 39 urte bitartekoak).

Kaltedun nagusiak

Ia milioi erdi gazte horientzat, krisia unerik okerrenean iritsi da. 2008. eta 2013. urteen artean, hots, depresio betean, lan-merkatura atera ziren gazteak pandemia hau bizi dute, horietako askok (baina ez guztiek) euren lanpostuetan egonkortasuna lortzen ari zirenean. Hori bai, aurreko belaunaldiko gazteek adin horretan irabazten zutena irabaztera iritsi gabe. 

Datuen arabera, pandemiak eragindako enplegu-suntsiketaren % 50 baino gehiago 44 urtetik beherakoei eragin die. Kopuru horiek erakusten dute behin-behinekotasunaren eta prekarietatearen arteko erlazioa berriro ere sendotu egiten dela krisi honetan. Izan ere, aldi baterako kontratuak dituzten gazteak izan dira, berriz ere, koronabirusaren ondorio ekonomikoak gehien jasan dituztenak.

Euskadin, Gazteen Euskal Behatokiak landutako ‘Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa 2019’ txostenak azaltzen duenez, behin-behinekotasunaren igoera modu orokorrean eman da biztanleria osoan, baina bereziki, gazteen artean eman da. Horrela, 2018. urtean, soldatapean zen 16 eta 29 urte bitarteko gazteen % 68,1ek behin-behineko kontratua zuen. Soldatapean den langileria osoa aintzat hartuta, behin-behineko kontratua duten langileen kopurua % 30,7koa zen. Behin-behinekotasun tasarik baxuena 2009. urtean eman zen; urte horretan, gazteen % 41,1ek zuen aldi baterako kontratua eta biztanleria orokorraren artean % 18,6 besterik ez.

Gazteen Euskal Behatokiaren txostenaren arabera, lanaldi partzialeko enplegua ere hedatuago dago gazteen artean lanean den biztanleria osoan baino. Gainera, azken urteetan aldea zabaldu egin da. Horrela, lanaldi partziala duten eta astean 30 ordutik behera lan egiten duten gazte langileen ehuneko tasa % 30,6raino hazi zen 2018. urtean; lanean den biztanleria osoaren kasuan tasa hori % 17,7koa litzateke.

Euskal Autonomia Erkidegoan, martxoan eta apirilean jasotako langabezia datuek azaltzen dutenez, enpleguaren galera nabarmenagoa izan da 44 urtetik beherako pertsonen artean eta, bereziki, 25 eta 34 urte bitartekoen artean.Zehazki, aipatu adin tarteko gazteen artean langabezia % 15,51 hazi zen martxoan eta % 13,01 apirilean. 54 urtetik gorako langileen artean langabeziaren igoera apalagoa izan da eta bai martxoan bai apirilean % 3 inguruan kokatu da. 

Nafarroari dagokionez, apirilean langabezia % 14,3an hazi zen 25 urtetik beherako gazteen artean; % 11,8an 25 eta 34 urte bitartekoen artean; eta, % 8,5ean 35 eta 44 urte bitartekoen artean. 

Euskadin eta Nafarroan, langabe gehienak, gehienez ere, derrigorrezko hezkuntzako ikasketak egin dituztenak dira; hala ere, azken bi hilabeteetan, langabezia nabarmen hazi da kualifikazio handieneko pertsonen artean

Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak azaltzen duenez, “datu guztiek adierazten dutenez, prekarietateak eta kontratazioen behin-behinekotasunak harreman zuzena dute kontratatu egoeratik langabezia egoerara pasatzeko fasean”. Erakunde horren ustez, “etorkizunean izango diren ziurgabetasunen eta eskarian izango den beherakada garrantzitsuaren aurrean, berehalako konponbidea kontratuak ez berritzea da eta, aldi berean, kontratu horiek ez dira ordezten”.

Trebatuak, baina aukerarik gabe

Bistan da belaunaldi horretako gazteek pairatzen dituzten arazoetako batzuk aukeren urritasuna, behin-behinekotasuna eta enpleguaren ezegonkortasuna direla. Eta deigarria bada ere, krisi honen lehen hilabeteetan, langabeziak, nagusiki, trebakuntza gehien duten langileak astindu ditu. Euskadin zein Nafarroan langabezian diren pertsona multzorik handiena, gehienez derrigorrezko hezkuntzako ikasketak burutu dituztenek osatzen badute ere (% 59,5 EAEn eta % 70,2 Nafarroan), esanguratsua da Lanbide Heziketa edo unibertsitate-ikasketak burutu dituztenen artean azken bi hilabeteetan izan den langabeziaren hazkundea. 

Lanbidek emandako datuen arabera goi-mailako ikasketak dituen kolektiboa da bilakaerarik okerrena duena, bai hileko erreferentzian, bai urteko erreferentzian, termino erlatiboetan.  Datu horiek kezka eragiten dute trebakuntza gehiago duten kolektiboen bilakaerarengatik. 

Ildo berean, Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak azaltzen duenez, ziur aski, pandemiak eragindako krisiak enpresa mota guztietan izan duen eragin bortitzak Goi-mailako Lanbide Heziketako prestakuntza duten eta aldi baterako kontratuak dituzten gazteen kolektiboetako kide izan daitezkeen pertsonak langabezira bidali ditu.

Euskadin, Lanbide Heziketako ikasketak izanik langabezian diren pertsonen kopurua 25.620koa da, hots, kopuru osoaren % 18,5. Apirilean % 8,71 hazi da eta pasa den urtean, berriz, % 28,43. Batxilergo mailako ikasketak izanik langebezian diren pertsonak kopuru osoaren % 9,1 dira; apirilean % 8,31 hazi da eta iaz, % 23,45. Azkenik, unibertsitate-mailako ikasketak izanik langabezian diren pertosnen kopurua 17.851 da; kopuru osoaren % 12,9. Ikasketa-maila hori duten pertsona langabetuen kopurua % 11,56 hazi da azken hilabetean eta % 31,17 urtean.

Nafarroaren kasuan, eta martxoko datuak aintzat hartuta, langebezia % 11,5 hazi zen (276 pertsona) batxilergo-mailako ikasketak dituztenen artean; gradu ertaineko LHko ikasketak dituztenen artean hazkundea % 10,1ekoa izan da (268); goi-mailako LHko ikasketak dituztenen artean hazkundea% 12koa izan da (298); eta, azkenik,  unibertsitate-mailako ikasketak dituztenen artean hazundea % 10,2koa izan da (339).

Soldata prekarioak 

1918. eta 1939. urteen artean bizi izan zen gerra arteko garaitik hona ez da izan hamarkada bakar batean eta susperraldirako tarterik gabe bi kolpe sozioekonomiko bizi izan dituen belaunaldirik. Krisi berri honek hainbat gazte egoera ezegonkor batean harrapatu ditu, soldata prekarioekin. Izan ere, krisiaren ondorioak ez dira berdinak adinean gora egin ahala. Normalean, zenbat eta helduago orduan eta egonkortasun handiagoa. Krisiak ibilbide profesionalaren hasieran harrapatzen bazaitu ondorioak larriagoak izan ohi dira eta hainbat zalantza eragiten ditu.

Pensilvanian den Carnegie Mellon unibertsitateko Shu Lin Wee ikerlariaren ustez, ibilbide profesionalaren hasieran krisi batek izan ditzakeen ondorioak 20 urtez luza daitezke. Lehenik eta behin, bere lehen enplegua lortzen denbora gehiago emango dutelako eta, gainera, egoera ekonomikoa dela eta, soldata baxuagoa izango da. Horrek guztiak eragin zuzena izango du etorkizunean izan daitezkeen maila-igoeretan, ematekotan bizi-une berantiarretan emango direlako; baita baldintzak hobetzeko mugikortasunean ere, krisi garaietan gelditzen delako. 

Euskadin, ‘Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa 2019’ txostenaren arabera, 2017. urtean 16 eta 29 urte bitarteko gazte batek zuen soldata garbia 1.093 eurokoa zen batez beste. Lanaldi osoko batez besteko soldata garbiak 1.288 eurokoak ziren, lanaldi partzialean aritzen ziren horien bikoitza, hain zuzen ere (644 €).

Soldata horiekin, belaunaldi horrek nekez izan dezake aurreztutakoarekin hilabete batzuk aurrera egiteko aukera.

Zapuztutako itxaropenak

Egun bizi dugun krisiak emantzipatzea zaila zuen belaunaldi baten itxaropenak zaildu ditu. Emantzipazioa oztopatzen duten aldagaiak, nagusiki, etxebizitzaren kostu altua, soldata baxuak eta enpleguaren behin-behinekotasun altua dira. Duela urte pare bat, egoera ekonomikoa nahiko ona zenean Euskadiko emantzipazio-tasa Europan den tasatik nahiko urrun bazen, etorkizunean Europarekiko arrakala handiagoa izango dela dirudi. 

Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa 2019 txostenean azaltzen denez, Euskadiko gazteak, batez beste, 29 urte eta erdirekin emantzipatzen dira. Kontuan izan behar da emantzipaziorako egokitzat hartzen den adina sei urte baxuagoa dela. Europan, batez beste, emantzipazio-tasa ia lau urte baxuagoa da. 

18 eta 34 urte bitarteko gazteen erdia baino gutxiago bere gurasoen etxetik kanpo bizi da. Zehazki, euskal gazteriaren % 37,9k bakarrik utzi du bere gurasoen etxea.

Baliabide ekonomikoen falta eta etxebizitzaren garestitasuna dira emantzipaziorako oztopo nagusiak; berez, etxebizitzaren batez besteko prezioa kontuan hartzen bada, soldatapean den eta bakarka emantzipatu nahi duen 18 eta 34 urte bitarteko gazte batek bere hileko soldataren erdia baino gehiago bideratu beharko luke hipotekaren kuota ordaintzera. Alokairuan joatekotan, ordaindu beharreko kopurua altuagoa izango litzateke. Zehazki, Gazteen Euskal Behatokiak landu duen Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin txostenean azaltzen denez, soldatapean den 18 eta 34 urte bitarteko gazte batek merkatu librean etxebizitza bat bakarka erosteko hipoteka-mailegu baten lehen kuota ordaintzeko bere hileko soldataren % 54 erabili beharko luke.

Era berean, txosten horretan adierazten denez, aipatu adin tarteko gazte bat, gainzorpetzeko hasierako arriskurik gabe, bakarrik 113.934 euroko etxebizitza bat ordaintzeko gai izango litzateke. 

Alokairuaren aukera ez da oso abantailatsua gazte batentzat. Horrela, 2018an, bakarka emantzipatu nahi zuen 18 eta 34 urte bitarteko gazte batek batez besteko hileko soldataren % 77,0 erabili beharko luke errenta ordaintzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.