Hizkuntza eskubideen inguruko 737 kexa jaso ditu Behatokiak

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ezagutzera eman duenez, pasa den urtean hizkuntza eskubideen urraketen inguruko 737 kexa jaso ziren Akuilari aplikazioaren eta Euskararen telefonoaren bidez. Behatokiak kexa horiek guztiak aztertu eta “Hizkuntza Eskubideen Egoera 2019” txostena argitaratu du.

Behatokiak jaso dituen kexa kopurua aintzat hartuta, egunean bi hizkuntza eskubide urraketa emango lirateke. Urraketa horiek nagusiki osasungintzaren, segurtasunaren eta turismoaren esparruetan jazo dira. 

Osasungintzari dagokionez, aipatu txostenean jasotzen denez Osakidetzan hiru langiletik batek du ziurtatuta bere lanpostuari dagokion hizkuntz profila eta Osasunbidean langile euskaldunen kopurua ez da % 0,5era iristen. Ipar Euskal Herrian euskarak izaera ofizialik ez duenez gero, egoera askoz okerragoa da.

“Europako Kontseiluaren Aditu taldearen bosgarren ebaluazioak Behatokiaren txostena premiazkoa dela erakutsi du urraketak gertatzen direla berresten duelako” azaldu du Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak 

Segurtasunari dagokionez, asko dira polizia ezberdinen jarrera dela eta egindako kexak. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Ertzainen % 45ek du egiaztatuta gutxiengo hizkuntz gaitasuna eta Nafarroako Justizia eta Barne Departamentuan % 0,1.

Turismo esparruaren inguruan ere hainbat kexa jaso dira. Kasu gehienetan euskarak atzerriko hizkuntzek baino pisu gutxiago izaten duela eta ostalaritzan euskararen erabilera gero eta urriagoa dela salatzen da.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak azaldu duenez “Europako Kontseiluaren Aditu taldearen bosgarren ebaluazioak Behatokiaren txosten hau premiazkoa dela erakutsi du. Izan ere, estatuko gobernuek kontrakoa adierazi arren, Behatokiak salatutako urraketak gertatzen direla berretsi du aditu taldeak, eta herritarrei jaramon eginez, egoera aldatzeko gomendioak luzatu ditu”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.