Gutxiago eta beranduago ezkontzen gara

Bikote-harreman batean ematen den urratsik handienetako bat, zalantzarik gabe, ezkontzea da.Lehentasunen, gustuen, sinesmenen eta gaitasun ekonomikoaren baitan, zenbait bikotek ahalik eta lasterren ezkontzea erabakitzen dute; beste hainbat bikotek, berriz, bikotekiderik egokiena hautatu dutela erabat ziur egon arte itxarotea erabakitzen dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan, gazteak gero eta gutxiago eta gero eta beranduago ezkontzen dira eta, gainera, ezkontzea erabakitzen duten horien artean ezkontza zibilak dira nagusi. Izan ere, bai Euskadin, bai Nafarroan jasotako datuen arabera, ezkontzen kopuruak nabarmen egin du behera eta senar-emaztegaien batez besteko adinak, berriz, gora egin du. Horrek guztiak adierazten du gizartea sekularizazio-prozesu sakon batean izan daitekeela eta, eremu pertsonalean, bikotekidearekin proiektu komun bat hasi nahi denean egoera ekonomiak eta lan-baldintzek ez dutela laguntzen.

Gaur egun, Hego Euskal Herrian diren ezkontzen kopurua 1976an izan zirenaren erdia dira. Urte horretan, ezkontzen kopurua gailurrera iritsi zen eta hortik aurrera behera egin du etengabe. Joera hori, duela hamar urte inguru pairatu genuen krisi ekonomikoarekin nabarmendu da. Pentsatzekoa da pandemiaren albo-ondorioetako bat aurten izango den ezkontza-kopuruaren beherakada izango dela.

2018. urtean, Euskadin, eta Eustatek emandako datuen arabera, 7.758 ezkontza izan ziren, aurreko urtean baino % 3,8 gutxiago. Ezkontza horietatik guztietatik, 208 sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak izan ziren. Nafarroan ere ezkontzen kopuruak behera egin zuen: 2017. urtearekin alderatuta 2018an % 9,9 ezkontza gutxiago izan ziren. Guztira, Na-Staten jasotako datuen arabera, 2.100 ezkontza izan ziren, eta horietatik hiru laurden, ezkontza zibilak izan ziren.

Euskadin zein Nafarroan ezkontza-tasa oso antzekoa da, 3,3 eta 3,2 ezkontza mila biztanleko, hurrenez hurren. Kopuru horiek estatu mailan den ezkontza-tasatik gertu daude (% 3,5), baina Europar Batasunean den tasatik nahiko urrun (% 4,4 2016. urtean). 

Gora egin du senar-emaztegaien batez besteko adinak

Euskadin eta Nafarroan, senar-emaztegaien batez besteko adinak gora egin du. Horrek, antza denez, eragin zuzena izan du batez besteko amatasun-adinean.  

2018. urteko datuen arabera, Euskadin, ezkontzen ziren gizon ezkongabeen batez besteko adina 37,2 urtekoa zen eta emakumeen kasuan, 35,1 urtekoa. Azken 25 urteetan senar-emaztegaien batez besteko adina 7,6 urtetan hazi da. Aldi berean, ezkontzen diren gizon eta emakumeen arteko adin tartea egonkor mantendu da: 2 urte.

Bitartean, Nafarroan, lehenengo ezkontzarako batez besteko adinak aurreko urteetako goranzko joerari eutsi zion; 35,7 urtera iritsi zen gizonezkoen kasuan eta 33,7ra emakumezkoen kasuan. 2017ko datuekin alderatuta, batez besteko adin hori urtebetean hazi da gizonen artean eta 1,5 urtetan emakumeen kasuan.

Ezkontza zibilak

Ezkontza katolikoaren etengabeko beherakada da azken urteetan ezkontza-arloan izan den aldaketa garrantzitsuenetako bat. 2018an Euskadin izandako ezkontza heterosexualen % 85 zibilak izan ziren; ehuneko horrek bi puntu egin du gora 2017arekin alderatuta. Datu horrek erakusten du euskal gizarteak izan duen aldaketa sakona; izan ere, duela 30 urte, 1990ean, ehuneko hori % 23koa zen. Hau da, ezkontza zibilen proportzioa, 1990. urtez geroztik, hirukoiztu egin da. Gipuzkoan eta Bizkaian dute pisu handiena ezkontza zibilek (% 86); Araban, berriz, % 84,2. 

Nafarroan, 2018an erregistratutako ezkontzetatik % 75 zibilak izan ziren. Foru Komunitatean, 2010. urtean ezkontza zibilen kopuruak elizako ezkontzena gainditu zuenetik, azken horien portzentajea gutxituz joan da, eta 2018an kopuru osoaren % 25,4 izan zen, hots, ezkontza guztien laurden bat.

Estatuan antzeko joera ematen ari dela ikus daiteke. Estatistika Institutu Nazionalaren datuen arabera, 2009an ezkontza zibilen kopuruak kanonikoena gainditu zuen, eta urte horretatik aurrera ezkontza erlijiosoen ehunekoak nabarmen egin du behera. Horrela, 2019. urtean, 33.869 ezkontza erlijioso erregistratu ziren Estatu osoan, ezkontza guztien % 20,5. 

Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak

2018an, sexu bereko pertsonen arteko 208 ezkontza erregistratu ziren Euskadin. Ezkontza homosexualak legeztatu ziren 2005. urtez geroztik izan den kopururik altuena izan da eta aurreko urtearekin alderatuta,
% 4,5eko igoera izan da.

208 ezkontza horietatik, 119 emakumezkoen arteko ezkontzak izan ziren eta beste 89 gizonezkoen artekoak. Lurralde-banaketari dagokionez, 26 bikotek Araban finkatu zuten egoitza, 70ek Gipuzkoan, 96k Bizkaian eta 16k Euskaditik kanpo.

Nafarroan, 2018. urtean, sexu bereko 50 bikote ezkondu ziren; urte horretan Nafarroan izan ziren ezkontza guztien % 2,4. 50 ezkontza horietatik, 34 emakumezkoen artekoak izan ziren eta beste 16 gizonezkoen artekoak.

Senar-emaztegaien nazionalitatea

Gure gizartearen isla da gero eta ezkontza gehiagotan ezkontideetako bat gutxienez atzerritarra dela. Euskadin, 1.332 ezkontzatan, hau da, ezkontza guztien artean % 17,6an, gutxienez ezkontideetako bat atzerritarra zen. Senar-emaztegai bat atzerritarra zen ezkontza horien % 44,1ean emaztegaia zen atzerritar jatorrikoa, % 21,6an senargaia eta % 34,3an biak.

Emaztegaia bakarrik atzerriko nazionalitatea zuen ezkontzen kasuan,% 69,8an emaztegaia Amerikako herrialde batekoa zen, eta % 20,1ean Europako beste herrialde batekoa.

Senargaia bakarrik atzerriko nazionalitatea zuen ezkontzen kasuan, oso antzeko kopuruak azaltzen dira: ezkontzen % 37,5ean senargaia Amerikako herrialde batekoa zen eta ezkontzen % 31,2an Europako beste herrialde batekoa.

Bi ezkongaiak atzerriko nazionalitatea zuten ezkontzen kasuan, kasu gehienetan senar-emaztegaiak Amerikako herrialderen batean zuten jatorria, nahiz eta emakumeen kasua (% 71,7) kopurua gizonena baino altuagoa izan (% 59,9). Jarraian, Afrikan jatorria duten ezkongaiak azalduko lirateke: kasu horretan, altuagoa da gizonen kopurua (% 23,4) emakumeena baino (% 17,9).

Nafarroan, senar-emaztegaien nazionalitateari dagokionez, ezkontzen % 85,5ean bi ezkontideek espainiar nazionalitatea zuten, eta ezkontzen % 1,4an bakarrik bi ezkontideek zuten atzerritar nazionalitatea.

Ezkontza gehiago ostiraletan larunbatetan baino

Euskadin, ostirala bihurtu da ezkontzeko egun gogokoena. Ezkontzen % 44,5 ostiral batean ospatu ziren (3.455) eta % 38,6 larunbatean (2.996). 

“Bai, nahi dut” emateko hilabete gustukoenei dagokienez, ekaina eta iraila dira euskaldunek gehien aukeratzen dituzten hilabeteak: 1.163 eta 1.158 ezkontza, hurrenez hurren. Ondoren, 1.071 ezkontzekin uztaila azalduko litzateke. Nafarroan, berriz, ezkontza gehienak ekainean (370 ezkontza), irailean (307) eta abuztuan (262) ospatzen dira.