Lander Iraragorri eta Antonio Pipaon: “Ondo kudeatutako lehia oso positiboa izan daiteke gazteentzat”

Eusko Jaurlaritzak iaz ezagutzera eman zuen azterlan baten arabera, oinarriko kirol esparruan (nagusiki, futbolean) indarkeriarekiko tolerantzia maila handia dago. Aipatu azterlanean azpimarratzen denez, kirol esparruan gizarteko beste hainbat esparrutan onartuko ez liratekeen indarkeria motak onartzen dira. Zer dela eta ematen da fenomeno hori?

Azterlanak ondo azaltzen duen moduan, indarkeria uste baino hedatuago dago kirol esparruan. Kirolean ematen den indarkeria hori ulertzeko, izozmendi bat irudika genezake. Tontorrean, hots, agerian den horretan, normalizatua dagoen indarkeria azaltzen zaigu, hau da, irainak etab. Kasu horretan, arazoa da normalizatua dagoen indarkeria izateaz gain, hainbat kasutan sustatutako indarkeria ere badela eta, ondorioz, oso zaila da horri buelta ematea. Horretarako hausnarketa oso sakona egin beharko litzateke eta, zigorretan oinarritu beharrean (adibidez, txartel gorri bat) hezkuntzan oinarritu beharko ginateke.

Izozmendi horren oinarrian, beraz, bestelako indarkeriak ere ezkutatzen dira…

Hala da. Oinarriko kirolean badira agerian ez diren hainbat indarkeria: sexu-abusuak, berdinen arteko jazarpena edo bullyinga, xantaiak, indarkeria fisikoa eta psikologikoa… Kasu gehienetan, gizarteak, familiak edo kirol taldeak ez dira indarkeria mota horiek identifikatzeko gai eta, are gutxiago, horiei irtenbide bat emateko.

Horren inguruko daturik al duzue?

2016. urtean, Tine Vertommen oinarriko kiroleko indarkeriaren gaian Europa mailan aditu nagusiak gai horri buruzko azterketa bat argitaratu zuen 4.000 adingaberen esperientzian oinarrituta. Azterlan horren arabera, lau gaztetatik hiruk kirol esparruan jazarpen motaren bat pairatu izan duela adierazi zuen. Sexu abusuen kasuan, hamar gaztetatik batek horrelako abusuak jasan behar izan dituela azaldu zuen. Azterlan horretan parte hartu zuten gazteen % 75ek azaldu zuenez, bere oinarriko kirol etapan indarkeria motaren bat pairatu zuen eta % 33k indarkeria psikologikoa aipatzen zuen. 

Zer egin daiteke horren aurrean?

Zoritxarrez, gaur egun adingabeekin lan egiten duten prestatzaileek ez dute behar bezalako formakuntzarik. Kontuan izan behar da hainbat kasutan haurren entrenatzaileak oso formakuntza eskasa duten gazteak direla. 10 urte inguru dituzten haurrak 18 urte eskas eta oso formakuntza eskasa duen pertsona baten ardurapean jartzea oso arriskutsua izan daiteke. Formakuntza egokia duten entrenatzaileak oso garrantzitsuak dira, azken finean, horrek indarkeria egoerak saihesteko balio duelako. Arlo horretan prestakuntza egokia duen entrenatzaile batek tresna gehiago izango ditu horrelako kasuak gerta ez daitezen. Adibidez, bullying-ari buruz ari bagara, prestakuntza egokia duen entrenatzaile batek gaitasun handiagoa izango du zerbait ondo ez doala erakusten duten lehen zantzuak ikusteko, eta balizko jazarpen hori gelditzeko neurriak hartu ahal izango ditu. Azaldu dugun bezala, oso zaila da horrelako indarkerien berri izatea. Gaur egun, entrenatzaileek, familiek eta klubek ez dute horrelako egoerak antzemateko gaitasunik eta, ondorioz, haurrak somatizatzen hasten dira: ez dute entrenatzera joan nahi… WATSen sustatu nahi duguna da errua taldeei ez egoztea; ostera, adingabeekin lan egiten duten pertsona horien guztien formakuntza sustatu nahi dugu eta horrek, zuzenean, indarkeria-mailak behera egitea ekarriko du.

Formakuntza egokia duten entrenatzaileak oso garrantzitsuak dira, azken finean, horrek indarkeria egoerak saihesteko balio duelako

Oinarriko kirolean den indarkeria bertan den lehiakortasunaren ondorioa dela baieztatzea zuzena litzateke?

Gure ustez, lehiakortasuna berez ez da zertan negatiboa izan behar. Izan ere, lehiakortasuna berezkoa da gizakion arteko harremanetan eta kirolean. Arazoa, beraz, ez legoke lehiakortasunean, baina, agian bai lehiakortasun hori kudeatzeko moduan. Ildo horretan, berriz ere, formakuntzaren beharrera jotzen dugu: entrenatzaileek adingabeei irabazten eta galtzen irakatsi behar diete eta epailearekin arazoren bat izango balitz arazo hori modu egoki batean konpontzen ikasi behar da.

Beraz, oinarriko kirolean den indarkeria ez da senitartekoek duten jarreraren edo markagailuaren ondorioa?

Gure ustez, senitartekorik gabe edo markagailurik gabe indarkeria desargertuko litzatekeela pentsatzea ez da zuzena. Kirolak hainbat konpetentzia eta balore ikasteko balio du; adingabeei ondo datorkie horiek guztiak bereganatzea ondoren eskolan edo lanean erabili ahal izateko. Lehiakortasuna horietako bat da eta hori guztia ondo kudeatzen jakitea ondo dago. Horregatik WATSen ondo kudeatutako lehia positiboa dela uste dugu.

WATSen indarkeriarik gabeko kirola posiblea dela diozue. Zein nolako lana egiten duzue helburu hori lortzeko?

WATSen bi lan ildo nagusi ditugu. Alde batetik, eta orain arte hitz egin dugunaren ildora, indarkeria eza oinarriko kirolean eta bestetik, kirol esparrurako ekintzailetza ere sustatzen dugu. 

Lehenengo lan ildoa hiru ardatzen bidez jorratzen dugu: kontzientziazioa, hezkuntza eta esku-hartzea. Kontzientziazioari dagokionez, helburua da oinarriko kirolean arazo bat dagoela azalaraztea; datuak hor daude eta horiei aurre egiteko hezkuntzan oinarritutako irtenbide bat behar dugu. Bigarren ardatza da, hots, hezkuntzarena, guretzat garrantzitsuena da eta hori bi mailatan jorratzen dugu. Alde batetik, oinarriko kirolean aritzen diren entrenatzaileekin lan egiten dugu eta bestetik familiekin ere lan egiten dugu horrelako arazoak nola ekidin eta horiei nola aurre egin lantzeko. Azken finean, adingabeek bai entrenatzaileak bai gurasoak erreferente gisa hartzen dituzte eta, ondorioz, horiek eredu positiboak trasmititzen badituzte, adingabeentzat askoz positiboagoa izango da. Azkenik, hirugarren ardatza esku-hartzearena izango litzateke. Kasu honetan, WATSetik salaketa-kanal bat jarri genuen abian. Estatu-mailan oinarriko kirolean den indarkeriarekin amaitzeko abian jarri den lehen salaketa-telefonoa jarri dugu abian (688.655.099). Esparru horretan ematen den edozein indarkeria kasu salatu daiteke telefono horren bidez eta guk gure psikologo eta bitartekarien bidez, protokolo bat zabaldu eta irtenbide egokia ematen saiatzen gara.

Kirolak hainbat konpetentzia eta balore ikasteko balio du; adingabeei ondo datorkie horiek guztiak bereganatzea ondoren eskolan edo lanean erabili ahal izateko

Eta kirol esparrurako ekintzailetzaren kasuan zein jarduera burutzen duzue?

Kasu horretan, graduondo bat eta master bat antolatzen ditugu. Ikusi ahal izan dugunez, kirolaren inguruan hainbat negozio aukera sortzen ari dira: turismoa, teknologia, proiektu sozialak, kluben kudeaketa… Graduondoaren kasuan, ikasleak helduagoak izaten dira, normalean 30 urtetik gorakoak eta xedea da profesionalak prestatzea, kirol-enpresen sektoreko negozioak ulertu eta garatzeko beharrezko gaitasunak lor ditzaten, bai eta kirol-taldeak kudeatzeko gaitasuna ere.

Masterra, berriz, ekintzailetzan eta kirolean interesa duten ikasle gazteagoei zuzenduta dago. Unibertsitate ikasketak burutu dituzten gazteei zuzenduta dago (ez bakarrik Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietakoak) eta helburua da bertan parte hartzen duten lagunek talde ekintzaile bat sortzea kirola eta berrikuntza ardatz duten proiektuak garatzeko.

Noiz izan zen kirolak historia aldatu zuen azkeneko aldia?

WATS taldeak “Kirol arloko enpresa berrikuntza eta kudeaketako masterra” eskaintzen die unibertsitate ikasketak amaitu dituzten gazteei

Kirol-sektorea etengabe hazten ari da, lan-aukerak eta lanpostu berriak sortuz. Estatuan, adibidez, kirol-sektoreak, 15.000 milioi eurorekin, BPGaren % 1,4 hartzen du. Guztira kirolarekin harremana duten 33.000 enpresa eta 200.000 lanpostu inguru daude Espainian.

WATS taldeak “Kirol arloko enpresa berrikuntza eta kudeaketako masterra” sortu du, kirolarekiko grina duten gazteak prestatzeko. Masterra Finlandian jatorria duen “Team learning by creating” izeneko metodologian oinarritzen da. Bertan jorratuko diren trebetasunen artean honako hauek azpimarra daitezke: lidergotza; enpresa-kudeaketa eta estrategia; ikaskuntzarako gaitasuna; psikologia; marketina eta komunikazioa; eta, nazioarteko esperientziak.Izan ere, enpresa berritzaileen sorkuntza ikaskuntzarako tresna nagusi gisa erabiliz, masterrak  nazioarte-mailako harremanak sustatzea ere du helburu. Horrela, masterrean parte hartzen duten ikasleek beren enpresa garatzeko aukera izango dute Laboral Kutxaren laguntzarekin. Horretarako, Xabi Prieto, Julen Guerrero edo Jero García bezalako kirolari ohien laguntza ere izango dute.

Masterrak urtebeteko iraupena izango du (60 ECTS), irailaren 30etik 2021ko uztailaren 20ra bitartean, hain zuzen ere. Bertan izena eman ahal izateko ezinbestekoa da unibertsitate-mailako gradu bat izatea.

Argibide +: www.wats.team/master edo 664536802 telefonoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.