Schödingerren katua bizirik omen da

1935ean, Erwin Schödinger zientzialari austriarrak esperimentu bat proposatu zuen bi estatu kontrajarri aldi berean elkarrekin bizitzeko aukera dutela berresteko. Schödingerren katua izenarekin ezagutzen den esperimentua oso ezaguna da gaur egun eta hainbat zientzialarik horren inguruko hausnarketak egin dituzte. Yale Unibertsitateko zientzialari talde batek berriki azaldu duenez, katu ospetsua bizirik dago. Izan ere, Michel Devoretek eta Zlatko Minevek egin duten esperimentuaren arabera zientzialariak gai izan daitezke gainezarpen kuantikoaren eta aurreikuspenik ezaren sinbolo den katua salbatzeko. Funtsean, Schödingerren esperimentuak azaltzen zuena zera da: fisika kuantikoaren gainezarpen teoriak azaltzen duenez, ezin da ziurtasunez jakin partikula baten egoera harekin elkarrekintzan aritu arte. Katuaren kasuan, ezin dugu jakin hilik ala bizirik den kaxa ireki arte eta, bitartean, hilik eta bizirik egongo litzateke aldi berean.

Fisika kuantikoarekin lotutako arazo nagusiak zerikusia du partikula horien egoeran gertatzen diren aldaketak, jauzi kuantiko deritzenak, ez-jarraituak eta ausazkoak izatearekin; beraz, ezinezkoa da noiz eta nola gertatuko diren iragartzea. Baina Devoreten eta Mineven ustez, jauzi horiek ez dira hain hautazkoak.

Zientzialariek egin duten esperimentuari esker jauzi kuantikoa noiz emango den antzemateko aukera legoke eta ez hori bakarrik, “nahi izanez gero, jauzi hori leheneratzeko aukera era bada hala nahi izanez gero” azaldu du Minevek. Zientzialariaren ustez, jauzi kuantikoak aurreikusezinak dira epe luzean, baina monitorizazio egokiarekin etorkizuneko aldaketa hauteman daiteke, eta gerta ez dadin ere esku har daiteke. Beste modu batera esanda, zientzialariek ikusten badute Schrödinger katuaren kaxan den atomo erradioaktiboak materian aldaketaren bat izango duela, geldiarazi egin dezakete, eta horrela animalia bizirik mantendu.

Schödingerrek proposatutako esperimentua

Kaxa itxi eta opako batean katu bat sartu behar da. Kaxa berean gas toxiko bat duen ontzi itxi bat eta ontzi hori apur dezakeen gailu bat sartu behar dira. Gailua aktibatzeko atomo erradiaktibo bakar baten desintegrazioa behar da. 

Partikula hori desintegratzeko probabilitatea % 50ekoa da. Beraz, denbora tarte jakin hori pasa ostean katua bizirik egotearen probabilitatea % 50ekoa litzateke. Hilik egoteko probabilitatea ere berbera izango litzateke. Mekanika kuantikoaren printzipioen arabera, momentu horretan katua aldi berean hilda eta bizirik egongo da; egoera hori superposizioa izenarekin ezagutzen da.

Hala ere, kaxa zabaltzen badugu, katua bizirik ala hilik den ikusteko aukera izango dugu eta, beraz, superposizioaren egoera deuseztatuko da. Kaxa zabaltzen dugunean katua bizirik ala hilik egongo da, baina ez biak batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.