Gazteek ez dute langile autonomo izan nahi

Euskal gazteria ez omen da motibatuta beren negozioa antolatzeko eta horrek dakartzan arriskuak eta zalantzak jasateko eta baita poztasunak izateko. Aitzitik, gehien-gehienek nahiago dute administrazio publikoak edo enpresa handi batek eskaintzen duen ziurtasun eta segurtasunean lan egitea.

Pasa den ekainean Eustatek ezagutzera eman zuen “Lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruzko inkesta”-ren arabera, 24 urtetik beherakoen % 20,2k eta 34 urtetik beherakoen % 18,7k bakarrik azaldu dute langile autonomoak izateko asmoa; 34 urtetik beherakoen % 60k sektore publikoan lan egin nahiko luke, eta % 53k, berriz, enpresa handietan.

Azken hamarkada ez da, ez Euskal Autonomia Erkidegoan ez Nafarroan, aldirik aproposena izan lanerako adinean dauden gazteentzat eta, are gutxiago, langile autonomo gazteentzat. 

2009. urtez geroztik, finantza-krisiaren ondorioak nabaritzen hasi zirenetik, jaitsi egin da langile autonomoen kopuru osoa bi erkidegoetan. Euskadin, 2009ko azarotik 2020ko ekainera bitartean, Gizarte Segurantzan bere kontura afiliatutako pertsonen kopurua % 6,6 murriztu da, 181.870 langiletik 169.798 langilera pasatuz.

Nafarroan, berriz, jaitsiera askoz txikiagoa izan da, % 0,8koa bakarrik, aldi horretan 47.404 langile autonomo izatetik 47.006 izatera pasatu baita.

Kopuru horien guztien barruan  langile autonomo diren pertsona fisikoak ez ezik, merkataritza-sozietateetan, kooperatibatan edo bestelako sozietate-erakundeetan diren langile autonomoak ere aintzat hartzen dira. Izan ere, langile autonomoez hitz egiten denean, kontzeptu hori bakarrik bere izenean den negozio txiki bat kudeatzen duen pertsona fisikoarekin lotzeko joera dago.

Langile autonomoak soilik definizio horretara mugatuko bagenu, aurtengo ekainaren 30ean Euskadin 79.648 langile autonomo ziren eta Nafarroan, berriz, 26.429.

EAEko ia 80.000 langile autonomo horietatik 25 urte baino gutxiago dituztenak 1.142 dira (% 1,4); eta, 25 eta 39 urte bitartekoak, aldiz, 15.836 (% 19,88). Nafarroan, berriz, 25 urte baino gutxiagoko langile autonomoak 471 ziren (% 1,8) eta 25 eta 39 urte bitartekoak 5.265 (% 19,92). Euskadin zein Nafarroan, ekintzailearen errealitatea ez da, preseski, merkatua konkistatzera bideratutako proiektu handi eta berritzaileak dituen gazte batena.

Estatuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren datuek erakusten dutenez, Euskadin eta Nafarroan, langile autonomoaren profil nagusia honako hau izango litzateke: zerbitzu-sektorean lan egiten duen langilea; bere kargura soldatapeko langilerik gabe; 40 eta 54 urte bitarteko gizonezkoa, baina 55 urtetik gorakoen presentzia nabarmenarekin; bere negozioan 5 urte edo gehiago eman ditu; eta gutxieneko kotizazio-oinarriaren arabera kotizatzen du.

Euskadiko Autonomoen Elkarte Batuaren (ABAT) ustez, belaunaldi-erreleboa da, hain zuzen ere, Euskadin norberaren konturako langileen galera azaltzen duen arrazoi nagusietako bat. Izan ere, Euskadin zein Nafarroan, 55 urtetik gorako autonomoen kopurua 39 urtetik beherako autonomoen kopurua baino altuagoa da. Euskadin, adibidez, 55 urte baino gehiago duten autonomoak 26.193 dira (% 32,9) eta Nafarroan 8.778
(% 33,2). 

Aurtengo ekainaren 30ean, Euskadin, bakarrik 25 urtetik beherako 1.142 langile autonomo zeuden eta 25 eta 39 urte bitarteko 15.836. Nafarroan, aldiz, 25 urtetik beherako 471 langile autonomo zeuden eta 25 eta 39 urte bitarteko 5.265. 

Jaitsiera hori azaltzen duten beste arrazoi batzuk lirateke, ABATen arabera: gazte autonomoek Gizarte Segurantzari kuota merkeagoa ordaintzeko erabiltzen duten tarifa lauaren arrakasta eskasa, ekintzaileei eskaintzen zaien laguntzaren emaitza falta, zerga-karga desberdinak, lege-baldintza ugariak eta autonomoen kuotaren prezio altua.

% 50eko jaitsiera

Gizarte Segurantzako afiliazioari buruzko estatistiken arabera, gaur egungo osasun-krisiak gogor jo du lan-merkatua, eta, bereziki, gazteak eta norberaren konturako langileak.

Aurtengo martxoan, Estatuan, eta 2007ko datuekin alderatuta, 30 urtetik beherako langile autonomoen kopurua ia erdira jaitsi da. Pandemiak finantza-krisiarekin batera 2008an hasi zen beheranzko joera besterik ez du egiaztatu.

Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak ekainean argitaratu duen “Gazteak eta Lan-merkatua” azken txostenak azken hamarkadan erregistratu diren kopururik txarrenak azaltzen ditu. 2007. urtez geroztik, Estatuan, 30 urtetik beherako autonomoak Gizarte Segurantzako afiliatuen % 13,9 izatetik % 7,6 izatera pasatu dira.

Langile Autonomoen Elkarteen Federazio Nazionalaren ustez,  “ekintzaile berriak ez dira gazteak, hainbat kasutan, 55 urtetik gorako langileak dira; pertsona horiek prestatuta daude, esperientzia handia dute, eta autoenplegua lan-merkatura itzultzeko biderik eraginkorrena dela ikusten dute”

Zehazki, 2020ko martxoaren 31an, konfinamendua hasi eta bi astetara, Langile Autonomoen Erregimen Berezian (LAEB) afiliatutako 30 urtetik beherako gazteen kopuruak, 2019ko hilabete berarekin alderatuz, 10.448 lagunetan egin zuen behera; hots, urtetik urtera, % 4,1 jaitsi da. Martxoaren amaieran, Langile Autonomoen Erregimen Berezian afiliatutako 30 urtetik beherako gazteen kopurua 245.067 zen. Horietatik, 155.167 gizonezkoak ziren (% 63,7) eta 89.900 emakumezkoak (% 36,3).

Datu horiek 2007an jasotakoekin alderatzen badira, hots, finantza-krisiaren aurretik jasotakoekin, jaitsiera % 43 ingurukoa dela ikus daiteke. Norberaren kontura lan egiten duten langile gazteen kopurua etengabe jaisten joan da azken urteetan, bereziki, 2008. urtez geroztik. Urte horretan, 442.715 langile autonomo gazte zeuden erregistratuta. 

Jaitsieraren benetako dimentsioa oraindik ikusteke dago; izan ere, orain arte jaso diren datuak lehen hiruhilekoak dira eta koronabirusak eragindako kaltea oraindik aztertu gabe dago.  

Gero eta enpresari gazte gutxiago 

Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren txostenak pandemiaren aurreko azterlanak berretsi besterik ez du egiten, hala nola Langile Autonomoen Elkarteen Federazio Nazionalak (ATA) otsailean argitaratutakoa.

Erakunde horrek azpimarratzen duenez, azken hamarkadan, Estatuan ziren langile autonomoen kopurua 2009ko abenduan ziren 3.157.046etatik 2019ko abenduan ziren 3.267.428etara pasatu da; hau da, 110.382 langile autonomo gehiago. Baina ATAren esanetan, igoera horrek oso datu kezkagarria ezkutatzen du. Izan ere, aipatu aldian, langile autonomo gazteen kopuruak oso modu drastikoan egin du behera. Horrela, azken hamarkadan, Langile Autonomoen Erregimen Bereziak, guztira, 35 urtetik beherako 165.970 langile autonomo galdu ditu, 2009ko abenduan erregistratutako 625.594etatik 2019ko abenduan erregistratutako 459.624etara pasatuz. Hau da, Estatuak bere enpresari gazteen laurden bat baino gehiago (% 26,5) galdu du azken hamarkadan.

ATAk beste fenomeno bat nabarmentzen du ekintzailetasunari dagokionez: 55 urtetik gorako langile autonomoen hazkundea. Kasu horretan, Gizarte Segurantzan kotizatzen duten 55 urtetik gorako norberaren konturako langileen kopurua 195.470 langiletan hazi da azken hamar urteetan.

Gainera, elkarte horrek erretiro aktiboan diren langile autonomoen kopuruak gora egin duela azpimarratzen du. Hau da, gero eta gehiago lirateke erretiroaren kopuru bat jaso eta lanean jarraitzen duten 65 urte baino gehiago duten langile autonomoak. Kasu horretan, horrelako egoeran diren langileen kopurua bikoiztu egin da azken hamarkadan, 2009ko 66.464etatik 2019ko abenduan erregistratutako 126.727etara pasatuz.

ATAren ustez, datu horiek agerian uzten dute “ekintzaile berriak ez dira gazteak; hainbat kasutan, 55 urtetik gorako langileak dira; pertsona horiek prestatuta daude, esperientzia handia dute, eta autoenplegua lan-merkatura itzultzeko biderik eraginkorrena dela ikusten dute”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.