Zein da soinuaren abiaduraren gehienezko muga?

Soinuaren abiadura segundoko 340 metro ingurukoa da Lurreko atmosferan, hau da, 1.224 kilometro orduko ingurukoa. Baina abiadura askoz handiagoa har dezake.

Soinua hainbat ingurunetan zehar bidaia dezaketen uhinez osatuta dago, adibidez, airean edo uretan zehar, eta zeharkatzen duten ingurunearen arabera, abiadura desberdinetan mugitzen dira. Uhin horiek solidoetan zehar likido edo gasetan zehar baino askoz azkarrago mugitzen dira. Horregatik, adibidez, errazagoa da tren bat gerturatzen ari dela entzutea belarria errailean jartzen bada.

Hala ere, orain arte ez zegoen garbi, argiaren abiadurarekin gertatzen den bezala, soinu-uhinek gehienezko abiadura zehatz bat duten ala ez. Cambridge eta Londreseko Queen Mary unibertsitateek eta Errusiako Presio Altuko Fisika Institutuak elkarlanean egin duten ikerketa batek behin betiko erantzuna eman diote galdera horri: soinuak har dezakeen gehienezko abiadura segundoko 36 kilometrokoa da, hau da, 129.600 kilometro orduko.

Aipatu ikerketaren arabera, soinuaren abiadura oinarrizko bi konstante adimentsionalen baitan zehazten da: egitura finaren konstantea eta protoi-elektroi masaren erlazioa. Zientzialariek beren iragarpen teorikoa material sorta zabal batean probatu ostean, hidrogeno atomiko solidoan soinuaren abiadura oinarrizko muga teorikotik gertu dagoela ikusi zuten. 

Cambridge Unibertsitateko materialen zientziako irakasle Chris Pickard-ek azaltzen duenez, “soinu-uhinak solidoetan jada oso garrantzitsuak dira zientziako hainbat esparrutan. Adibidez, sismologoek Lurraren barneko sakoneran lurrikarek eratutako soinu-uhinak erabiltzen dituzte sismikaren izaera eta Lurraren osaketa eta ezaugarriak ulertzeko”. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.