Abian da euskarazko dibulgazio zientifikoa saritzen duen CAF-Elhuyar sarien edizio berria

Abian da CAF-Elhuyar lehiaketaren edizio berria. “Ezagutza da txertoa” leloa aukeratu dute antolatzaileek aurtengo ediziorako eta, aurreko edizioetan bezala, sarien helburuak dira zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza, eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea.

Lehiaketa hiru ataletan banatzen da: dibulgazio-artikuluak, kazetaritza-lanak eta sorkuntza beka.

Dibulgazio-artikuluen atalean euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-lanak sarituko dira. Atal hori bi azpi-ataletan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Kasu bietan irabazleek 2.000 euro jasoko dituzte.

Kazetaritza lanen kasuan, 2020an euskaraz sortu eta argitaratutako kazetaritza-lanek lehiatuko dute, edozein formatu eta generotakoak. Kasu horretan ere, irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du.

Azkenik, sorkuntza-bekaren atalean, gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzeko beste modu batzuk lantzen dituzten proiektuek lehiatuko dute, euskaraz sortuak. Arlo zientifiko-teknologikoa eta gizartea harremanetan jartzea izango da haien muina eta irabazleak 5.000 euro jasoko ditu.

Gainera, dibulgazio-artikuluen eta kazetaritza-lanen ataletan parte hartzen duten lanen artetik Neiker-ek lehen-sektorearekin lotura duen lan onena sarituko du.

Lanak 2021eko otsailaren 12aren aurretik aurkeztu behar dira. Argibide gehiago: https://www.elhuyar.eus/eu/site/proiektuak/caf-elhuyar/caf-elhuyar-sariak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.