Berdintasuna, lurralde kohesioa eta aniztasuna, Gazteriaren Foru Estrategia berriaren ardatzak

Nafarroako Gobernuak Gazteriaren 2020ko Foru Estrategia onartu du. III. Gazteria Planaren edukiak, programak eta jarduerak garatzeko abiapuntua da dokumentua eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) jorratuko du gazteriaren arloko eragileekin elkarlanean eta koordinaturik.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, 2020-2023ko Gazteriaren Estrategiak berretsi egiten du, “gazteriaren arloko politikei zeharka, modu parte-hartzailean eta koordinatuan ekitearen garrantzia, eta COVID-19aren pandemiak baldintzatzen duen gazteen egungo egoeraren ikuspegi errealista eta operatiboa ematen saiatzen da”.

Zentzu horretan, nabarmendu da “garrantzitsua dela gazte-politika eraldatzaile bat garatzea, gazteek bizi eta garatutako gizarte-aldaketei eta gizarte- eta lurralde-kohesioko prozesuei lotuta”.

Estrategia berria hiru ardatz nagusien inguruan antolatzen da. Lehenengo ardatzak, “Auzolan” izena duenak, gizarte-eraldaketaren ikuspegitik, talde-lana, elkartasuna, aniztasunaren onarpena eta bizikidetza sustatu nahi ditu.

Bigarren ardatza emantzipazioari lotuta dago eta eta helburu hauek proposatzen ditu: hezkuntza, enplegu eta independentzia sozioekonomikoaren bidez gizartean erabat integratzea, hezkuntza formala eta ez-formala, etxebizitza, enplegua eta laneratzea, eta gazteen autonomia sustatzea helduarorako trantsizio-prozesuan.

Hirugarren ardatzak, ‘Horizontea’ izenekoak, testuinguru pertsonalari buruzko alderdiak biltzen ditu, hala nola osasuna, kultura, mugikortasuna, kontsumoa, kirola eta bizitzaren iraunkortasuna, eta horiek baldintzatu egiten dute, neurri handi batean, ibilbide pertsonalaren bilakaera.

2020-2023 Estrategiak parte-hartze prozesu bati jarraitu dio, gazteen beharrak, arazoak, eskaerak eta proposamenak ezagutzeko. Gainera, kontuan hartu dira, halaber, gazteei hainbat arlotan egindako inkestak: emantzipazioa, osasuna, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, gizarteratzea, ingurumena, balioak eta sinesmenak, kultura, aisialdia eta denbora librea eta kirola, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.