“Migrazio historia bakoitzak euskararen inguruan gogoeta egiteko begirada berri bat eskaintzen digu”

‘Migrazio erdalduna herri euskaldunetan’ azterlanean, jatorriz Euskal Herritik kanpokoak diren herritar erdaldunek euskararekiko eta bizi diren herriarekiko zer-nolako harremana, bizipenak eta iritziak dituzten jaso duzue. Zein da azterlan horren abiapuntua? Nola sortu zen ideia?

Edurne: Enara eta biok antropologia ikasketak burutu genituen elkarrekin. Ekhi, berriz, Enararen lankidea da. Hizkuntzekiko eta, bereziki, euskararekiko interes berezia dugu eta Enarak azterlan hau egitea iradoki zuen. Proposamena UEMAk antolatutako Iñaki Arregi beketara aurkeztu genuen eta horri esker egitasmoa aurrera ateratzeko aukera izan dugu. 

Enara: Guk hasierako planteamendu bat genuen eta beka jaso ostean UEMAko kideekin hasierako proposamen hori zehaztu ahal izan genuen. Azterlana pasa den urteko urrian hasi genuen eta bederatzi hilabete eman ditugu lanean, aurtengo uztailera arte.

Nola gauzatu duzue azterlana?

Enara: Izaera kualitatiboko ikerketa bat da eta euskararen erabilera altua duten udalerrietan bizi diren Euskal Herritik kanpoko herritar erdaldunei egindako elkarrizketetan oinarritzen da. Elkarrizketatu ditugun 19 etorkinetatik 12 emakumeak dira, eta 7 gizonak. Jatorriei dagokionez, honako hauek lirateke: Argentina, Dominikar Errepublika, Espainia, Maroko, Nikaragua, Pakistan, Paraguai, Sardinia, Senegal eta Txina. Horietako batzuk gaztelania zuten lehen hizkuntza eta beste batzuk, berriz, ez. Gure kasuan aldagai hori kontuan hartu dugu profilak osatzerakoan, aniztasuna bilatzeko. Oinarrian jarri duguna izan da erdaldunak izatea, hau da, euskaraz, oinarrizko maila batetik gora, ulertzeko gaitasunik ez izatea, edo beraiekin euskaraz komunikatu ezin izatea.

Eta nola aurkitu dituzue pertsona horiek guztiak?

Edurne: Lehenengo pausoa UEMAko teknikariekin batera azterlanerako interesgarri izan zitezkeen udalerriak zehaztea izan zen. Interes hori hiru aldagaien baitan zehaztu da: lurraldea, etorkinen kopurua eta euskararen erabilera. Aldagai horietan oinarrituta 13 udalerri aukeratu genituen: Azpeitia, Baztan, Berastegi, Dima, Etxarri-Aranatz, Igantzi, Ikaztegieta, Lekeitio, Mutriku, Muxika, Ondarroa, Oñati eta Orio. Aipatu udalerri horietako teknikariekin edo zinegotziekin egin ahal izan ditugu harreman gehienak. Ez da lan erraza izan, jatorri eta sexu zehatzeko pertsonak bilatzen ari ginelako.

Adina pertsona horiek aukeratzeko irizpidetzat erabili duzue?

Edurne: Printzipioz, ez da aintzat hartu dugun irizpide bat. Guretzat funtsezkoa zen pertsona horiek derrigorrezko hezkuntza sistemako ikasketak hemen eginak ez izatea, horrek, nolabait D ereduarekin harremana izan ez dutela bermatzen zigulako. 

Enara: Kontuan izatekoa da hona iristen diren etorkin asko adinez nagusi direla. Seme-alabak beraiekin dituzten kasuetan euskararekiko esperientzia desberdina izateko aukera dezente dago. Gainera, gure hipotesi bat zen gazteago etorritako etorkin horiek, horrelako ingurune batean, ‘nahigabe’ edo errazago ikasten dutela euskara.

Zeintzuk lirateke azterlanak eman dituen ondorio nagusiak?

Enara: Nagusiki, bi lirateke guk azpimarratuko genituzkeen ondorioak. Alde batetik, aniztasuna, hau da, “erdaldun” kategoriaren barruan sartzen diren errealitateak anitzak dira: euskararen ezagutza-maila, euskararekiko atxikimendua… Azken horretan, adibidez, hainbat aldagaik eragiten dutela ikusi dugu: ezaugarri soziodemografikoak; ezaugarri soziolinguistikoak (adina, seme-alabak dituzten ala ez, zenbat hizkuntza dakizkiten, gaztelania lehen hizkuntza duten…). Herrian bertan eraikitzen dituzten harremanek ere garrantzia dute eta, horrez gain, etorkizunari buruz dituzten aurreikuspenak ere aintzat hartzekoak dira.

Bestalde, aldakortasunaren ideia ere azpimarratu beharko litzateke. Kasu horretan, gure lana une zehatz bateko argazkia litzateke, baina garbi izan behar dugu egoera hori aldatu egingo dela, elkarrizketatu ditugun horietako batzuk euskara ikasteko prozesuan daudelako.

Aipatzen duzuen aniztasun hori nolabait azaltzeko, elkarrizketatu dituzuen erdaldunak hiru multzotan sailkatu dituzue. Azaldu ahal duzue sailkapen hori?

Enara: Elkarrizketatu ditugun pertsona erdaldun horiek euskararekiko duten gertutasunagatik eta euskara ikasteko duten motibazioagatik hiru taldetan banatu ditugu. Gertutasun- eta motibazio-maila baxuena duten horiek ‘urrunak’ izeneko multzo batean sartu ditugu. Oro har, hainbat ezaugarri partekatzen dituzte, adibidez, ez dute beren burua etorkizunean herri berean irudikatzen, ez dute identifikatuta euskara ikasteak beren bizitzan eragingo liekeen hobekuntza zehatzik…

Txanponaren beste aldean, hau da, motibazio eta gertutasun handiagoa dutenak ‘aktibatuta’ izeneko multzoan sartu ditugu. Kasu horretan, pertsona horiek sare esanguratsuak dituzte euskal hiztunekin eta, hainbat kasutan, baita hezkuntza euskaraz jasotzen ari diren seme-alabak ere. Multzo honetan dauden horietako batzuk euskalduntze prozesuan daude.

“Euskararekiko jarrera azaltzeko, hiztun profila baino gehiago, guretzat esanguratsuagoak izan dira bizitza proiektuarekin harremana duten aldagaiak, adibidez, bizi diren herrietan sortu dituzten harremanak eta aurrera begira zein nolako asmo dituzten”.

Eta aipatu bi talde horien erdibidean geratzen diren horiek “asebeteta” multzoan sartu ditugu. Kasu honetan, euskara ikastea interesgarri ikusten dute, baina arrazoi ezberdinengatik ez dute pauso hori ematen.

Edurne: Nahiz eta multzo berean sartu, pertsona horiek guztiek oso profil soziolinguistiko ezberdina dute. Horregatik, euskararekiko jarrera azaltzeko, hiztun profila baino gehiago, guretzat esanguratsuagoak izan dira bizitza proiektuarekin harremana duten aldagaiak (bizi diren herrietan sortu dituzten harremanak eta aurrera begira zein nolako asmo dituzten).  

Lehen aipatu duzue gaztelania ama-hizkuntza izatea edo ez duzuela aldagai garrantzitsutzat hartu, baina alderik somatu al duzue gaztelania ama-hizkuntza dutenen eta ez dutenen artean alde esanguratsurik? Azken finean, gaztelaniaz moldatzen diren horiek errazagoa izango zuten herri horietan txertatzea…

Enara: Guk elkarrizketatu ditugun pertsonen artean, gaztelania ama-hizkuntza edo lehen hizkuntza ez zuten horien lehen urratsa gurera etortzean gaztelania ikastea izan da. Hor, bada hautu bat hizkuntzei dagokionez. Baina euskararekiko duten jarrera horretan, gaztelania edo bestelako hizkuntza bat lehen hizkuntza izateak ez du horrenbesteko eraginik izan.

Edurne: Garbi dago gaztelania lehen hizkuntza izatea edo ez aldagai garrantzitsua dela herri horietan bizimodua egiten hasteko. Baina euskarara gerturatzeko motibazioa eta prozesuaren kasuan ez du alde argigarririk sortu kasu honetan.

Elkarrizketatu dituzuen pertsonen kasuan, ba al zuten euskararen berri? 

Edurne: Oro har, elkarrizketatu ditugun etorkinek ezer gutxi zekiten euskarari buruz. Zentzu horretan, sorpresa hartu dute, ez zutelako beste hizkuntza horren berri. Hala ere, hasieratik jarrera positiboa azaldu dute; balioa ematen diote. 

Aipatu duzuen moduan, azterlana euskararen erabilera altua duten udalerrietan burutu duzue. Azterlanean bada arnasguneen inguruko ekarpen teoriko bat. 

Enara: Azterlana hamairu udalerritan burutu dugu eta horietatik, bederatzi arnasguneak dira eta beste lau udalerri euskaldunak. Azterlanaren sarreran bi kontzeptu horiek argitu nahi izan ditugu. Adibidez, UEMAk erabiltzen duen irizpidearen arabera, ‘udalerri euskalduna’ euskara indizea % 70etik gora duen udalerria litzateke. Indize hori lortzeko udalerri horretan bizi diren euskaldun guztien ehunekoa eta ia-euskaldunen erdien ehunekoa batu beharko lirateke. 

Arnasguneen kasuan, ezagutzari baino gehiago erabilerari erreparatzen zaio. Iñaki Iurrebasok udalerri bat arnasgunetzat jotzeko langa etxeko erabilera etxean % 60tik gorakoa izatea proposatzen zuen. UEMAk, berriz, etxeko erabilerari baino gehiago, kaleko erabilerari ematen dio garrantzia. Kasu horretan arnasguneak lirateke euskararen ezagutza % 80tik gora eta kaleko erabilera % 70etik gora duten udalerriak. 

Edurne: Azken urteetan asko hitz egin da arnasguneen inguruan, euskara bezalako hizkuntz batentzat duten garrantziagatik eta fenomeno hauskor baten aurrean gaudelako, hots, gero eta arnasgune gutxiago daudelako. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.