BQ ixteko zorian

2005. urtean, Madrilgo telekomunikazio ingeniari gazte talde batek pendrive-ak ekoizteko enpresa bat sortu zuen. 2009an, memoria eramangarrien merkatua alde batera utzi eta liburu elektronikoen irakurleak ekoizten hasi ziren. Irakurle horiek Booq izenarekin merkaturatu ziren eta, urtebete beranduago, BQ izena izatera pasatu ziren. Hainbat urtez liburu elektronikoen irakurgailuen merkatuaren lehen postuan izan ziren Estatuan.

2013an, BQk bere lehen sakelako telefonoa merkaturatu zuen; Aquaris izenekoa, hain zuzen ere. Lehen telefono hori Txinan ekoiztutako telefono baten egokitzapena izan zen, baina urtebete beranduago, telefono propioa garatu zuten. Horri esker Estatuko merkatuan oso salmenta onak lortu zituzten. Adibidez, 2017. urtean 1,1 milioi telefono inguru saldu zituzten; Estatuan telefono gehien saldu zituen hirugarren konpainia izatea lortu zuten (% 10,3ko merkatu-kuota).

Etorkizun oparoa izango zuen konpainia zela zirudien, baina Huawei eta Xiaomi bezalako konpainia txinatarren lehiak BQ-ren ahuleziak azalarazi zituen. Horrela, 2018an salmentak % 3,3ra jaitsi ziren (zazpi puntuko galera). Une horretan, konpainia Vietnamgo Vingroup-en esku geratu zen eta BQ zena VinSmart izatera pasatu zen. BQ marka desagertu eta telefonoak VSmart izenarekin saltzen hasi ziren.

Vingroupek enpresa erosi zuenetik gainbehera geldiezina izan da. Gaur egun ez dira produktu berririk eskaintzen eta enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartuko dela dirudi. Hala baieztatu du xataka.com webguneak erreportaje honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.