Gazteak eta Garapen Jasangarrirako Helburuak aztergai

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bidez, Gazteria eta Agenda 2030. Gazteriarentzako harremanak mundu aldakor batean jardunaldia ospatu du

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bidez, Gazteria eta Agenda 2030. Gazteriarentzako harremanak mundu aldakor batean jardunaldia ospatu du, gazteei eta gazte-politikak ezartzen eta gauzatzen lan egiten duten teknikariei zuzenduta, etorkizuneko III. Gazteria Plana Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatzeko.

Javier Remírez lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak berretsi egin du Nafarroako Gobernuak Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuekin duen konpromisoa, “ibilbide-orri eraldatzailea, barneratzailea eta solidarioa” baita.

Jardunaldian telematikoki parte hartu duen 2030 Agendarako Estatu idazkari Ione Belarrak azpimarratu duenez, politika publikoek “gazteen beharra dute, haien parte-hartzea, eta botere publikoek parte-hartze hori eraginkorra izateko mekanismoak antolatzea eskatzen dute”. 

Jardunaldiak, aurrez aurre eta online, Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako Helburuen garapena izan du ardatz, bai eta Gazteen Foru Estrategia eta etorkizuneko III. Gazteria Plana ere. Gai horiek Josu Laguardia Zeharkako Ekintzen eta Gazte Behatokiaren atalaren arduradunak eta Xavier Longan Garapen Jasangarriko Helburuen Nazio Batuen Ekintza kanpainaren arduradunak jorratu dituzte.

Lehen aurkezpen horren ondoren, Gazteen Foru Estrategiaren (2020 -2023) hiru egitura-ardatzetako bi jorratu dira. Estrategia hori berriki onartu du Nafarroako Gobernuak, eta Gazteen III. Planaren edukiak, programak eta jarduerak garatzeko abiapuntua da. Nafarroako Gazteriaren Institutua (NGI) gazteria-arloko eragileekin koordinatuta eta lankidetzan arituko da.

Zehazki, emantzipazioari eskainitako ardatza aztertu da. Ardatz horrek hezkuntza formala eta ez-formala, etxebizitza, enplegua eta laneratzea ditu ardatz, eta gazteen autonomia sustatu nahi du helduarorako trantsizio-prozesuan. 

Jardunaldiaren beste ardatzak, ‘Auzolana’ izenekoak, lan kolektiboa sustatzeari, elkartasunari, aniztasunaren aitorpenari eta bizikidetzari buruzko hausnarketa egin du, gizarte-eraldaketaren ikuspuntutik. Zehazki, ekintza hauek proposatu dira: asoziazionismoa, gizarteratzea, bizikidetza eta generoa, boluntariotza, lurralde-garapena, hizkuntza-politika eta aisialdi eta denbora libre osasungarria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.